Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Kontseiluak Fundazioen lege-proiektua onartu du

2015.eko uztailak 07
  • Duela 20 urtetik gora indarrean dagoen araudi-juridikoa eguneratuko du testuak, eta «gardentasuna, publizitatea eta kudeaketa egokia» izango ditu ardatz
  • Fundazioek beren eraketari, izendapenei eta kargugabetzeei buruzko informazioa utzi beharko dute Fundazioen Erregistroan, sei hilabeteko epean

Gobernu Kontseiluak Fundazioen lege-proiektua onartu du gaur, fundazio-sektorearen esparru juridiko eta operatiboa eguneratzeko, 20 urtetik gora baitaramatza indarrean. Testuak sektorearen eskaerari erantzuten dio, izan ere, fundazio-erakunde berriak sortzeko prozesua errazten du, premiagabeko zailtasun administratiboak kentzen ditu, eta aukera ematen du «eraginkortasunean eta funtzionamendu egokian aurrera egiteko» , Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez.

Gobernu Kontseiluaren ondoren egin ohi den prentsaurrekoan, Erkorekak azaldu du publiko-pribatuaren arteko elkarlanean aurrera egitea dela araudiaren helburua, bai eta bide ematea herrialdearen hazkunde ekonomikoari eta sektorea profesionalizatzen eta enpresaritza-antolaketa eta kudeaketa eredu berrietara egokitzen laguntzea ere.

Testuan jasotako erreformak «gardentasuna, publizitatea eta kudeaketa egokia» izango ditu ardatz, berritasunen artean sartu da, adibidez, Fundazioen Erregistroan utzi beharko dutela, sei hilabeteko epean, fundazioaren eraketari buruzko informazioa,  bai eta patronatuko kideen izendapenei, kargugabetzei eta aldaketei buruzko informazioa ere. Horrez gainera, ekonomikoki garrantzitsuak diren fundazioek beren kontuen ikuskapena egin beharko dute urtero, eta Eusko Jaurlaritzak inspekzio-plan bat egingo du.

Gaur egun, Euskadiko fundazioen % 52 eskasek ematen ditu kontuak ekitaldi amaieran, hala egitea nahitaezkoa bada ere. 

BIOBANKUEN ERAKETA

Bestalde, Gobernu Batzordeak gaur onartu du Euskadin ikerketa biomedikoa eta giza-jatorriko lagin biologikoen tratamendua helburu duten biobankuen baimentze eta funtzionamendurako baldintzak ezartzen dituen Dekretua. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Jon Darpónek eman du dekretuaren edukiaren berri, gobernu-kontseilua egin ondoren. Adierazi duenez, dekretua "Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren ikerkuntzaren aldeko apustuaren" testu-inguruan kokatutzekoa da.

Biobankuak, irabazi asmorik gabeko erakundeak izango dira, eta gainbegiratze etiko eta zientifiko zorrotz baten pean jardungo dute. Lagin biologiko sorta handiak izango dituzte dagozkien datu klinikoekin, ikertu ahal izateko eta ikerketon bidez, diagnostiko goiztiarrak hobetzeko, farmako berriak lortzeko eta medikuntza pertsonalizatua errazteko.

 

IKURRINA IRUÑEAN

 

Horretaz gain, Sanferminei hasiera ematen dien txupinazoan zehar udaletxean ikurrina jartzeko Iruñeko Udalak atzo hartutako erabakiaren aurrean «erabateko errespetua» azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Erkoreka kexu zen eztabaida horren bitartez garrantzitsuena festa dela uste duen gehiengoaren borondatea «zikintzen» saiatzen ari direnen jarrerarekin.

 

KONTZERTU EKONOMIKOA

 

Beste gai batzuei helduta, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Kontzertu Ekonomikoak irudikatzen duenari buruzko «erabateko ezjakintasuna» leporatu dio Madrilgo Erkidegoko lehendakari Cristina Cifuentesi, hark beste autonomia-erkidego batzuekiko baztertzailea dela esan ostean. «Benetan baztertzaile eta bidegabeko dena zera da, Gernikako Estatutua onartu eta 35 urtera oraindik osatu eta bete gabe egotea», adierazi du. 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.07.07)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)