Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak jendaurreko informazioan jarriko du Izkiko KEB proiektua, biharko astelehenetik aurrera

2015.eko uztailak 05
  • Irailaren 7ra arte, Natura 2000 Sarearen barruan
  • Barredo: «askotariko landare-formazioak eratzen dira, topografiaren gorabeherak direla-eta: horien artean, aipatzekoa da hango ameztia (Quercus pyrenaica), Europako zabalenetakoa baita»

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jendaurreko informazioan jarriko du Izkiko HBEB/KEB proiektua, bihartik aurrera eta irailaren 7ra arte. 1998an, Natura Parke izendatu zuten Izkiko Natura 2000 gunearen zati handiena; data horretan bertan, parkeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana (BNAP) onartu zuten eta, 2000 urtean, Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamua (EKE).

 

Amaia Barredok, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak, azaldu duenez: «bi plan horietan jaso dira Natura Parkea kudeatzeko jarduera, arau eta irizpideak: 2010ean, Izkiko Natura Parkearen Erabilpenerako eta Kudeaketarako II. Egitamua hasi zen, eta oraindik eginbidean da».

 

«Izkiko Natura Parkeak 9.143 ha-ko azalera du eta KEB/HBEBaren mugekin guztiz bat dator ia, salbu eta Olandinako urmael inguruan (Apinaiz) eta gunearen ipar-mendebaldean; izan ere, eremu horiek ez dira Natura Parkearen parte, baina Natura 2000 Sarearen barruan sartu dira» nabarmendu du Barredok.

 

Izkiko KEB/HBEBen lur publiko gehiena Erabilera Publikoko Mendien barruan sartzen da, eta Administrazio Batzarrak eta beste erakunde batzuk dira halakoen titularrak. Guztira, erabilera publikoko mendien 34 eremu daude, eta 9.078,47 ha hartzen dituzte (hau da, Natura 2000 gunearen % 95,74).

 

«Natura 2000 ES2110019 Izki» gunea Euskal Autonomia Erkidegoko hego-ekialdean kokatzen da, Arabako Mendialdea eskualdearen barruan, eta honako hauekin egiten du muga: ipar-mendebaldean, Gasteizko Mendiekin; ekialdean, Ega ibaiarekin; hegoaldean, Toloño mendikatearen behealdeko bailarekin eta, mendebaldean, Trebiñuko konderriarekin.

 

Ihuda eta Ega ibaien isurialdeen barruan sartzen da gunea, Zadorra-Trebiñuko eta Egako unitate hidrografikoen barruan, hurrenez hurren, eta Ebro ibaiko mugapean.

 

Lautadak

Amaia Barredok azaldu duenez, «KEBaren eta HBEBaren mugaketa bat dator guztiz; hori doitzeko, eskala xeheagoa erabili da eta aldaketak egin dira Europako Batzordeak hasiera batean onartutako mugaketan, bai eskuarteko kartografia eguneratu delako, eta zaindu behar diren habitat eta espezieak zaintzeko irizpideen kausaz. Aldaketak direla bide, KEB/HBEBaren azalera gehitu da, Batasunarentzat Garrantzizko Leku gisa izendatutako eremuaren aldean, eta 470 hektarea gehiago hartzen ditu lehenak.

 

Izkiko gunearen ezaugarri nagusia hau da: baso-masa zabal bat da, hareazko lautada batean kokatua. Izki ibaiaren adarrek eratutako sakan txikiek zeharkatzen dute lautada, ibaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen baitu gunea, eta hainbat errekak eta putzuk isurtzen dute bertara.

 

Hainbat goragune eta kareharrizko mendik inguratzen dute lautada,

eta horien artean, aipatzekoa da Kapildui-San Kristobaleko goi-lautada karetsua, gunearen iparraldean: Kapildui (1.180 m), San Justi (1.021 m) eta San Kristobal (1.055 m) mendiek eratzen dute. Mendebaldean, Mantxibio (939 m), Soila (989 m) eta Muela (1.059 m) kareharri-mendiak daude.

 

Gune hartako litologia, topografia eta orientazioak direla eta, askotariko landare-formazioak sortzen dira: hala, nabarmengarria da, adibidez, ametz-basoa (Quercus pyrenaica), Europako zabalenetakoa baita, bai eta gunearen ertzean aurki daitezkeen harkaiztiak, hagin-basoak, zohikaztegiak edota ur karbonatatuen iturburuak ere.

carbonatadas.

 

Aniztasuna

Habitaten aniztasuna dela medio, fauna eta flora espezie interesgarri ugari bizi da inguru horretan: aipagarriak dira, lehenen artean, Rhynchospora fusca espeziaren populazioa, Iberiar Penintsula osoko handiena; bigarrenen artean, berriz, okil ertaina (Dendrocopus medius), 750 banakotik gorako errolda baitu gune horretan eta, beraz, garrantzi nabarmena ematen dio Izkiri, Iberiar penintsularen testuinguruan, pizido horri dagokionez.

 

«Hain zuzen, habitat eta espezieen aberastasun horixe dela-eta izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi (HBEB) gisa Izki, bai eta berau proposatu ere Batasunarentzat garrantzizko leku gisa (BLG), Gobernu Kontseiluarekin hitzarmen bidez, 2000ko azaroan eta "ES2110019 Izki" izenpean. Europako Batzordeak proposamena onartu zuen, 2004ko abenduaren 7ko Erabakiaren bidez, zeinaren bidez onartzen baita, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauari jarraiki, Batasunarentzat garrantzizkoak diren Atlantikoko eskualde biogeografikoko guneak» adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen plangintzako zuzendariak.

 

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GeomaticaEs
    2015.eko uztailak 06

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco ofrece desde hoy la información pública del proyecto de ZEPA/ZEC de Izki http://t.co/k9pIj3bhfm

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)