Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: “Lyongo biltzarrak klima-aldaketaren ondorioak arintzeko lana nabarmendu du, herrialde aurreratuen politika ekonomikoak eta garapen-politikak markatzen duena, alegia”.

2015.eko uztailak 05

Vitoria-Gasteiz, 2015-07-05

Ana Oregi Eusko Jaurlaritza Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren ustez, Lyonen (Frantzia) egin den biltzarrak, klimari eta lurraldeari buruzkoak, ezarritako helburuak bete ditu, herrialdeek eta eskualdeek klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta horiek arintzeko gauzatzen duten lana nabarmendu duelako. «Pertsona askorentzat urrunekoa izan daiteke, baina herrialde aurreratuen ekonomia- eta garapen-politikak markatzen ditu», esan du.

 

Abenduan Parisen egingo duten COP 21 Aldeen Biltzarrean, Kyotoko hitzarmena eguneratuko dute, estatu, herrialde, potentzia eta eragile ekonomiko gehiagok har dezaten parte.

 

«Lyonen bi helburu lortu ditugu: hainbat estatuk, Frantziak kasu, onartu dute eskualdeek eta herrialdeek interpretatu eta kudeatu dutela ondoen klima-aldaketaren esanahia. Gainera, egiaztatu dute beharrezkoa dela, mendea amaitu baino lehen tenperatura 2 ºC baino gehiago igotzea saihesteko eta 2050 baino lehen berotegi-efektuko gasak % 80 gutxitzeko. Hala, politika guztietan eta gizakien jarduera guztietan txertatu behar da, gizarteetan eta oinarrizko ekoizpen-egituretan eta era guztietako instituzio eta administrazio-erakundetan», esan du Oregik topaketaren amaieran.

 

Ana Oregik eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek maila goreneko hainbat bileretan hartu dute parte egun hauetan, mundu osoko ministroekin, presidenteekin eta ingurumen-erakunde nagusietako ordezkariekin, besteak beste: Janos Pasztor Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuetako idazkariordearekin, Christiana Figures-ekin, Marc Kenber-ekin, Gérard Collomb-ekin, Jean-Jack Queyranne-rekin, Annick Girandon-ekin, Jay Weatherhill-ekin, eta Frantziako ministro Sègoléne Royal-ekin eta gobernuko presidente Francois Hollande-rekin.

 

Bestalde, Oregik «-2 ºC MOU» hitzarmena sinatu du Kalifornia, Baden-Württemberg, Gales, Eskozia, Lonbardia, Katalunia eta Rhône-Alpes eskualdeetako presidente, ministro eta idazkariekin, planetaren tenperaturak mugagabe igotzen jarraitu ez dezan, industrien, garraioen eta gizakien beste jarduera batzuen ondorioz.

 

Oregik eta Iriartek hainbat bilera izan dituzte Rhône-Alpes eskualdeko hiriburuan, Australiako, Alemaniako Baden-Württemberg eskualdeko, Frantziako Rhône-Alpes eskualdeko eta Galeseko ordezkariekin, besteak beste. «Nazioarteko komunitatea hasi da konturatzen klima-aldaketaren arriskuez ohartarazten duten alarma-argiak piztuta daudela, eta etorkizuneko belaunaldiek ondorio larriak jasateko modu bakarra prebentzio-jarduera koordinatua dela. Parisen abenduan egingo den biltzarra oso esanguratsua izango da», esan du sailburuak.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Janos Pasztor, Anna Hidalgo, Christiana Figueres, Marc Kenber, Gérard Collomb, Jean-Jack Queyranne, Annick Girandon, Jay Weatherhill,Sègoléne Royal, Francois Hollande