Elkarlan Sariak
Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
qrcode

Kadagua barreneko eremuko kiratsak kontrolatzeko ekintza planaren proposamena

2010-07-15

Kirats gertaerak auzokideentzako eragozpenak izan dira, baina aire kalitatean ez da eraginik egon, hau da, herriaren osasuna ez da arriskuan egon.

Kadagua barrenean, Ibaizabalekin bat egiten duen tokian, azken urtean auzokoek kexak aurkeztu dituzte kiratsa dela eta narritadurak sortu direlako. Egoera aztertze aldera, inplikazio zuzenean duten hiru administrazioak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetza, Bilboko Udala eta Barakaldoko Udala batu ziren 2009ko apirilaren 16an. Harrez gero, apirilaren 19an, Bilboko Udalaren Ingurumen Azpisailak kirats mahaia deitu zuen, eta bertara ordezkari tekniko eta politikoez gain, eremuko auzokoak eta enpresak batu ziren.

Bilerotan hiru erakundeetako teknikariek osatutako lan taldea sortze erabaki zen, Kadagua barreneko guneko kiratsak kontrolatzeko ekintza plana proposatzeko.

Hortaz, ondokoak izan dira gaur aurkezten den plana: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetza, Bilboko Udala eta Barakaldoko Udala.  Lehenengo bilera teknikoan, erakunde bakoitza eremuan egiten ari zen jarduketen azterketa egin zen, jarduketok zer nolako eragina duten kiratsaren iturburuan.

Harrezkero, eta informazio hori kontuan izanda, lan taldeak egin zituen ondorengo bi bileretan, ekintza plana zehaztu zuten, administrazio parte-hartzaileen jarduketak integratu eta koordinatzeko. Proposamenarekin bat etorrita ere, ukitutako auzokideekiko koordinazioa eta lankidetza sustatu behar da auzo elkarteen bidez batez ere, eta kiratsa isur dezaketen ekonomi jarduerak aztertu behar dira.

Planaren xede nagusia Kadagua barreneko guneko auzokideei erasanik eragin diezaieketen kiratsak ezaugarritu eta kontrolatzea da.  Helburu hori lortzeko, tarteko xedeak jarri dira, alegia, gertaeren ezaugarritzea, iturburuen identifikazioa, iturburuok arazoan duten garrantzia, eta gunean dauden jardueren ondoriozko kiratsaren eragina saihestu edo txikitzeko jarduketak.

Jarduketaren premia eta neurria zehazteko lehen urratsa osasunean eragina izan dezaketen aire kalitateko arazoa den edo kiratsak sortutako ondoeza den erabakitzea da.  Horretarako, EAEko aire kalitatea zaintzeko sarearen datuak ebaluatu dira.  Ibaizabal barrenean, aire kalitatea kontrolatzeko 27 estazio daude, eta zehatzago, plan honen xede den eremuan, 9 estazio daude, egoera ezaugarritze aldera.  Estaziootan neurtutako parametroak ondokoak dira:  mozketako partikulak 10µm eta 2,5µm (PM10 eta PM2,5), nitrogeno oxidoak, sufre oxidoak, karbono monoxidoa, hidrokarburo osoak, hidrogeno sulfuroa, amoniakoa eta 62 konposatu organiko hegazkorrak, alegia, BETXak (benzenoa, toluenoa, etilbenzenoa eta xilenoa). Labur esanda, aire kalitatearen zaintza Europako zaintzarik zehatzenetariko eta osatuenetariko bat da, bai azalera unitate bakoitzeko dagoen estazio kopurua eta bai kontrolatutako kutsagarri kopurua kontuan izanki.

2009an, aire kalitatea kontrolatzeko sareko estazioen emaitzen arabera, indarreko lege mugak ez ziren gainditu.  Zorrotza-Hiltegiko estazioan bakarrik gainditu zen muga: PM10; portuan zamalanak direla eta.  Hala ere, estazio horrek ezin du guztien ordezkari izan, portuko jardueren isurketak kontrolatzeko jarri baitzen, beraz, ingurumariko industri jarduerak ez dira mugak gainditzearen errudunak.

Halaber, kutsagarrien azterketa egin zen, batez ere Zorrotza-Parkean jarritako kromatografoan tai gabe neurtzen diren 62 konposatu organikoena, apirilaren 19ko bileran auzokideek kirats egoerak argitzeko eskatu bezala, eta ez zen inolako loturarik aurkitu aztertutako konposatuen eta gertaeron artean.

Ondorioz, ekintza planaren arabera, kirats gertaerak auzokideentzako eragozpenak izan dira, baina aire kalitatean ez da eraginik egon, hau da, herriaren osasuna ez da arriskuan egon.

Horiek horrela, xedea herrikideei sortutako kirats eragozpenak ahalik eta azkarren saihestea da eta administrazioek ondokoa proposatu dute:

  • 1. Kirats gertaerak ezaugarritzea. Xedea kirats gertaeren erregistroa sortzea da, gertaeron maiztasuna eta larritasuna zehazteko, eta iturburuen gaineko azterlanak identifikatu eta balioztatzeko datuak eskuratzeko. Erregistro horretarako, auzokideen partaidetza da eta izango da garrantzitsua. Orain arte sistematizatu gabe egin da eta 2010eko irailetik abendua arte, teknikari taldeak landutako prozedurari jarraitutako azterlana sistematizatua egin nahi da.
  • 2. Kirats isurketa esanguratsuak sortzeko gai diren jarduerak ikuskatzea. Kirats iturri izan daitezkeenen txostena egitea da helburua. Enpresa garrantzitsuenei -kutsaduraren kontrol eta prebentzio integratuaren 16/2002 Legeak eragindakoak- egindako bisitak areagotu dira eta 2010eko urrian amaituko direla aurreikusten da. Gainerako kiratsa sor dezaketen jarduerak hautatzeko, udal baimenen erregistroak erabiliko dira eta 2011ko urtarrila baino lehen zerrendatu eta bisitatuko dira.
  • 3. Kirats gertaerak modelizatzeko azterlana. Ingurumen Sailburuordetzak Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren Atmosfera Ikertzeko Taldea kontratatu du meteorologi baldintzak eta kirats gertaera batzuetan kutsagarrien sakabanaketa baldintzak modelizatzeko, iturburuak zehazte aldera. Azterlana 2010eko abenduaren amaieran amaituko bide da.
  • 4. Olfatometri azterlana. Jarduketak bi fasetan bereizi dira lana ez bikoiztearren. Bilboko Udalak, Kadagua barreneko Mahaiaren markoan, azterlanaren lehenengo fasea agindu nahi die IPPC enpresei, egoera eta informazioa aztertzeko eta laginketak egiteko. Bigarren fasean, laginketa kanpaina eta kirats isurketen sakabanaketaren simulazioa egingo da gunean izandako eragina aztertzeko. Hori guztia azken txostenean jasoko da. Bigarren fasean, IPPC enpresen lankidetza nahi da azterlanak finantzatzeko. Lehenengo fasea irailaren erdialdean egingo bide da eta bigarrena, berriz, aurtengoaren amaieran.
  • 5. Administrazio esku hartzea. Gorago aipatutako urratsen informazioa oinarri izango da kiratsagatiko eragina kontrolatzeko neurri zuzentzaileak hartzeko jarduera egokiena definitzeko. Aurreikusitako jarduketak:
  • a. definitutako epeak dituzten ekintza planak; teknikari taldeak egiaztatuko du planak betetzen diren.
  • b. baimen edota lizentzien baldintzak aldatzea, kiratsekin lotutako baldintzak batzeko. Zehaztasun maila kasu bakoitzari egokituko zaio, eta
  • c. azkenik, ingurumen diziplinaren erabilera.
  • 6. Komunikazioa. Jarduketa honen oinarria gardentasuna da, beraz, bi komunikazio jarduketa egikarituko dira: batetik, alderdi interesdunengana, Kadagua barreneko Mahaiaren bidez, eta bestetik, beste bat, herritarrengana, komunikabideen bitartez.

Labur esanik, gaur egun, nahikoa aurreratuta dauden jarduketa saldoa dago eta beharbada garrantzitsuena, ekintza plana ari da lantzen, inplikatutako hiru administrazioek koordinatuta eta auzoen partaidetzaz eginda. Jarduketarik gehienak ari dira gauzatzen eta Mahaiaren nahia albait lasterren amaitzea da.  Esangura horretan, Bilboko Udalaren Ingurumen Azpisailak gaur arratsalderako Kiratsen Mahaiaren bigarren bilera deitu du. Mahai horren kideak ordezkari politikoak, teknikariak, auzokideak eta enpresak dira. Bilera horretan, ekintza plana jakinaraziko zaie eta ondo iritzitako ekarpenak jasoko dira.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @ZubiArtean
    2024-05-19

    Comentario de X:
    👉Lo que no se mide: 👉no existe 😡
    Más de 2️⃣0️⃣ años de lucha vecinal para evitar que "los olores🤔" y "el vapor de agua 🤔" dañen la salud.
    Una mas de la larga historia de "❓" y, dejación institucional.
    👇
    https://t.co/CDXZhAYZWn https://t.co/35wgjn5p0W

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Nieves Terán