
Hauteskunde Portaerari buruzko txostena: Gehiengoa pozik bere alkatearekin
Prozpekzio Soziologikoen Kabineteak azken PSK-ren txostena aurkeztu du gaur. Ikerketa honen gai nagusia Hauteskunde Portaera izan da, bai azken Udal eta Foru Hauteskundeei, baita hurrengo Hauteskunde Orokorrei ere erreferentzia eginez. Landa lana 2015eko ekainaren 17an eta 18an egin zen. Txosten honen arabera, gehiengoa pozik dago bere alkatearekin.
Herritarren %56k diote interes handia edo dezentekoa izan dutela maiatzaren 24ko Udal eta Foru Hauteskundeekiko.
Bai Udal Hauteskundeetan, bai Batzar Nagusietarakoetan, botoa erabakitzeko orduan faktore garrantzitsuenak izan dira alderdi politikoa eta proposamen edo programak, eta neurri txikiagoan hautagaiak.
Hala ere, badaude aldeak botoa erabakitzeko faktoreetan.
Udal Hauteskundeetan %35ek diote batez ere alderdi politikoagatik erabaki dutela botoa nori eman, %31k proposamen edo programengatik eta %20k hautagaiagatik.
Batzar Nagusietarako Hauteskundeetan, aldiz, ehuneko horiek %47, %31 eta %9 dira hurrenez hurren, hau da, eragin handiagoa dauka alderdi politikoak, eta txikiagoa hautagaiak.
Botoa erabakitzeko, edo botoa ez ematea erabakitzeko momentuari buruz, aldiz, ez dago ia alderik hauteskunde motaren arabera. Herritar gehienek, bi heren, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen erabakia zuten euren botoa (%67k Udal Hauteskundeetakoa eta %66k Foru Hauteskundeetakoa). Gainerakoek erabakia hartu zuten kanpainan zehar (%17k eta %19k hurrenez hurren), hausnarketarako egunean (%4k eta %3k) edo hauteskundeen egunean (%11k eta %9k).
10etik ia 9 konforme daude hauteskundeetan izan zuten jokaerarekin, hau da %88a. Konforme ez daudenek (%6a bakarrik) nagusiki adierazi dute emaitzak ikusita nahiago luketela botoa EAJri eman izan baliote (%19), Podemoseri (%12), inor ez edo abstenitu (%8), PSE (%7), EHBildu (%5) edo beste alderdi batzuk (%4).
Alkateen aukeraketaren ondoren, herritarren %53k diote pozik edo oso pozik daudela; bakarrik %16ak dio nahigabetuta edo oso nahigabetuta dagoela.
Foru Gobernuen osaketari buruz, gobernu akordioaren aldeko iritziak nagusitzen dira: herritarren %13k EAJ eta EHBILDUren arteko akordioa nahiko lukete, %12k nahiago lukete EAJk bakarrik izatea gobernua, %11k EAJ eta PSEren arteko akordioa eta %7k EHBILDU eta PODEMOS-AHAL DUGUren artekoa. Dena den, %49k ez daki edo ez du erantzuten.
Alderdi batek ere gehiengo absolutua lortzen ez duenean, herritarren %50en ustez onargarria da babes gehien lortu duen alderdiak agintzea boto gehien lortu dituena ez izan arren; %35ek, aldiz, uste dute beti boto gehien lortu duen alderdiak agindu beharko lukeela.
HAUTESKUNDE OROKORRAK: Espainiako emaitzei buruzko iritzia
Hurrengo Hauteskunde Orokorrak Espainian nork irabaziko dituen galdetuta, herritarren erdiek ez dakite edo ez dute erantzun, %28k uste dute PPk irabaziko dituela, %15ek PSOE izango dela alderdi bozkatuena eta %7k PODEMOSek irabaziko dituela.
Hauteskunde horietan Euskadin boto gehien lortuko dituen alderdiari buruzko iritzia argiago dago: %66k uste dute EAJ izango dela, %3k EHBildu, %3k PSE, %2k Podemos eta soilik %1ek PP.
Hauteskunde horietan Euskadin nahiko lituzketen emaitzei dagokienez, %29k diote EAJk irabaztea nahi luketela, %15ek EHBILDUk irabaztea nahiago lukete, %8k PODEMOS-AHAL DUGUk irabaztea eta %5ek PSEk.
ALDERDI POLITIKOEN EZAUGARRIAK: Zintzotasuna, Jendearen beharrekiko kezka eta Eraginkortasuna
Herritarrek garrantzi handia eman diote alderdi politikoentzat planteatutako hiru ezaugarriei: Zintzotasuna (9,6 0tik 10erako eskalan), Jendearen beharrekiko kezka (9,5) eta Eraginkortasuna edo efikazia gestioan (9,3).
Zintzotasunean 5 puntutik gora eman diete herritarrek EAJri (6,5), EHBILDUri (6,0), PODEMOS-AHAL DUGUri (5,6) eta IUri (5,3) eta hortik behera PSE-EEri (4,8), Ciudadanosi (4,4) eta PPri (2,3).
Jendearen beharrekiko kezkari dagokionez ere, baloraziorik onenak izan dituzte EAJk (6,1), EHBILDUk (5,8), PODEMOS-AHAL DUGUk (5,7) eta IUk (5,3) eta okerrenak PSE-EEk (4,8), Ciudadanosek (4,3) eta PPk (2,6).
Gestioaren eraginkortasunean, aldiz, EAJ eta EHBILDUk bakarrik lortu dituzte 5etik gorako balorazioak (6,7 eta 5,4 hurrenez hurren) eta hortik behera gelditu dira PODEMOS-AHAL DUGU (4,9), PSE-EE (4,7), IU (4,7), Ciudadanos (4,2) eta PP (2,6).
-
2015-07-07
Comentario de Twitter:
Estudio sobre Comportamiento Electoral: La mayoría de la sociedad está contenta con su alcalde o alcaldesa http://t.co/5UlzteYScG