Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek 2015eko Gure Artea sariak banatu ditu Bilboko Azkuna Zentroan

2015.eko uztailak 02

Txomin Badiola eta Elena Aitzkoa artistek, eta Entre Cuerpos-Mugatxoan elkarteak jaso dituzte 2015eko Gure Artea Sariak.

  

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2015eko Gure Artea Sariak banatu ditu gaur arratsaldez, Bilboko Azkuna Zentroan burutu den ekitaldian. 2015eko edizioaren irabazleak, eta gaur euren sariak jaso dituztenak, honako hauek izan dira:

 

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea Saria, 25.000 eurokoa, Txomin Badiolarentzat
  • Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea Saria, 25.000 eurokoa, Elena Aitzkoarentzat
  • Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea Saria, 15.000 eurokoa, Entre Cuerpos-Mugatxoan elkartearentzat (Blanca Calvo eta Ion Munduatek zuzendua)

  

Sari banaketa ekitaldian epaimahaiko kideak ere parte hartzaile izan dira. 2015eko Gure Artea sarien epaimahaiburu Maria Mur Dean aritu da, Consonni arte garaikideko ekoiztetxearen zuzendaria. Honekin batera, epaimahaikide izan dira: Inazio Escudero eta Txarro Arrazola artistak, Leire Vergara komisario eta Bulegoak z/b arte bulegoko kidea, eta Xabier Ganzarain, Kalostra arte esperimentaleko eskolako koordinatzailea.

Gure Artea sarien bidez 65.000 euro banatzen dira urtero irabazleen artean: 25.000 euro lehen bi modalitateetako bakoitzean, eta 15.000 euro hirugarrenean. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baina baita beste eragile edo erakunde batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.

 

 

 

 

Ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea Saria:

Txomin Badiola (Bilbo, 1957)

                                                                                                 

                                                          Saria: 25.000€

 

 

Txomin Badiola (Bilbo, 1957) Bere ibilbide artistikoa 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran abiatu zen. Hasieran, minimalismoaren eta kontzeptualismoaren arrastoari jarraitu zion, baina geroago, zenbait egilerekin izandako elkarrizketen eraginez –Oteiza eta Beuysekin, besteak beste–, konstruktibismo kutsu nabarmena hartu zuen.  Beste eskultore batzuekin batera –adibidez, Pello Irazu, Ángel Bados, Juan Luis Moraza eta Mª Luisa Fernández–, Euskal Eskultura Berria izeneko taldeko kide izan zen eta talde horrek eragin handia izan zuen egiteko eta pentsatzeko modu zehatz batzuk finkatzeari dagokionez. Goizetan fakultatean eta arratsaldetan Uribitarteko kaiko estudioetan, baita etxebizitza partekatuetan ere, topo egiten zuen artista, ikasle eta irakasle multzo bat zen. Garai hartako praktiketan, modernitatea eta postmodernitatea errealitate bitar bateraezintzat jotzen zen, baina beraiek, elkar kutsatuz, praktika horietatik aldendutako lan eta diskurtsoak garatu zituzten.

 

Delfina Studios Trust Foundationek beka bat jaso ondoren, Londresen bizi izan zen 1988-89an. Han, bere lanaren deseraikitze prozesu bati ekin zion. Kolore fosforeszentez margotutako eskultura sailetatik eta marrazki errepikatu multzoetatik abiatuz, Nor da artearen beldur? instalazioa eratu zuen. Lan hori Londresko Riverside Studiosen aurkeztu zuen, 1989an, eta 1990an, Madrilgo Soledad Lorenzo galerian.  1990ean New Yorkera joan zen bizitzera. Hasieran, Fullbright beka bati esker, baina 1998ra arte geratu zen han. Hiri hartan, eraikuntzetan oinarritutako lanak egiten hasi zen, material industrialak erabiliz; pixkanaka, argazkiak eta ikus-entzunezko irudiak protagonismoa hartzen joan ziren, ordea. Lan horiek New Yorkeko hainbat galeriatan erakutsi zituzten, adibidez: Louver, Tony Shafrazi eta John Weberren. 1990-2002an, obra multzo zabal bat egin zuen, eta Forma txarrak izeneko bi erakusketa eta katalogo errebultsibotan bildu zituen.

 

Epaimahaiak merezimendu hauek aitortu dizkio artistari bere ebazpenean:

 

1957an Bilbon jaiotako artista hau saritu da, bere lan artistikoaren, lanaren bilakaeraren eta euskal sorkuntza garaikidearen testuinguruan izan duen eragin ukaezinaren aitortza gisa.

 

Bere obraz gain, Badiolak bere testuen bitartez testuinguruan egin duen ekarpena eta Angel Bados artistarekin batera 1994an Donostiako Artelekun egin zituen tailer enblematikoak ere nabarmendu nahi dira. Hasieran bi hilabetekoa izatekoa zen ikastaro horrek beste bi hilabeteko iraupena izan zuen, eta irakasteko modu berri bat entseatu zuten, parte-hartzaileen sorkuntza prozesu indibidualak bi artista eredu ezberdinen aurrean intentsiboki jartzean (bai kualitatiboki bai kuantitatiboki) oinarrituta –zuzendari bakoitzak eredu bat islatzen zuen–. Era berean, Lacan, Kristeva, Zizek eta Mulvey autoreak landu zituzten, besteak beste, nagusiki praktikoak ziren prozesu horietan. Esperientzia horretatik proposamen diskurtsibo eta artistiko batzuk sortu ziren, esaterako: Aita gabe moldatzea testua eta Donostiako KM aretoko «Bestearen jokoa» erakusketa. 1998an, bigarren ikastaroa egin zuen Artelekun –hori ere Badosekin batera–; kasu hartan, bost hilabetekoa. Bi ikastaro horiek eragin handia izan zuten euskal artisten belaunaldi berriarentzat, baita euskal testuinguru artistiko osoarentzat ere. Hala, inflexio-puntu bat eta garrantzi ukaezineko errelato bat sortu dute.

 

Artearekiko fede konstantea izan du bere ibilbide osoan. Fede hori indartu egin da, gainera, belaunaldi arteko bizikidetzaren eraginez. Egunerokoan, Badiolak belaunaldi eta praktika oso ezberdinetako artistek problematika komun bat partekatzen dutela dio. Artista hau artista gisa aritu da, baita EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasle gisa (1982-88), komisario gisa, tailer-emaile gisa edo idazle gisa jardun denean ere. Azken hamarkadan, bere lanetan testuen eta aipamen-zatien presentzia handitu egin da, eta berrantolatu egin ditu. Berak azaldu bezala, «zentzua gure kontzientziarekin baino gehiago gure parte den pluraltasunarekin lotuta agerrarazten» saiatzen da; «normalean irudikapen ordena batekin edo batzuekin, hau da, Legea betetzearekin, zerikusia daukan esanahiaren baitan giltzapetuta dauden adierazle-kateak haustetik sortutako zerbait gisa». Interesgarriena da bere proposamenek azkenean lengoaia propioa, ezagutzeko modukoa eta berezia izaten dutela, diskurtsotik haratagokoa, esanahi berria emateko prozesu berezi horren bidez.

 

Horregatik guztiagatik, ibilbide luze bat saritzeaz gain, azken lau hamarkada hauetan euskal artean egin duen ekarpena ere eskertu nahi dugu.

 

  

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

                 Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea Saria:                

Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984)

 

Saria: 25.000€

              

Elena Aitzkoa (Apodaka, Araba, 1984). Hainbat diziplinatan garatzen du bere arte-lana, hala nola pintura, idazketa, performancea, filmak egitea eta eskultura. Saritua izan da: Generación 2015, Caja Madrid. Berriki, erakusketa kolektiboetan parte hartu du: Generación 2015 (La Casa Encendida), Suturak (San Telmo Museoa-Artium), El contrato (Bulegoa z/b-k antolatua, Azkuna Zentrorako) edo First thought best (Eremuak-Artium). 2013an, La Revolución de las Extremidades liburua argitaratu zuen (Lalavandera; Raúl Domínguezekin batera hasitako argitaletxea). Erakusketa-proiektuen artean, hauek nabarmendu daitezke: Mujer primitiva (Artium, Gasteiz, 2013), eta beste kide batzuekin egindako erakusketa bi: Cohetes, Kiko Pérezekin (2011), eta MITYA, June Cresporekin (2012). 2014an, Viajera Mimosa zuzendu zuen: elkarren arteko sorkuntza-tailer bat, beste artista askoren parte hartzearekin;  AZALA  zentroan egin zen (Lasierra, Araba). ZARATA FEST musika arraroaren eta performancearen festibala antolatzen ere parte hartzen du. 2007an, Bilboko Le Larraskito kluba sortu zuen, Miguel A. Garcíarekin batera.

 

Epaimahaiak merezimendu hauek aitortu dizkio artistari bere ebazpenean:

 

Lanaren kalitate artistikoa. Elena Aitzkoaren sorkuntza-lana saritu da: artearen gainean duen ikuskera bitalista, bultzada poetiko erradikala eta koherentea, zeinaren bidez bere unibertso propioa sortzen baitu, egunerokoa aparteko bihurtuz. Bere lanean, sorkuntzaren indarra berritzen da une oro. Bere hitzetan: "Sorkuntza da dena posible dela eta existentzia egia dela sinestea. Hori da gure ildoa. Ildo horretan dauden hiru edo lau lagunek ahalmen handiagoa daukate suntsipenera bideratutako ildo batean dauden milioi bat lagunek baino". Horren ondoriozko askatasun sortzailean sartzen dira idazketa, performance-a eta  filmak egitea, bai eta marrazketa, pintura eta eskultura ere. Bere eskultura-lan guztien bereizgarri da eraikuntza-prozesuak ikusaraztea; prozesu horietan, egiteko modu berezi bat adierazten da, bilaketa pausagabe bat, hots,  forma hutsalak, denboraren kapsulak, bizitza-atalak, haragizko meteoritoak eta etorkizuneko jalkinak aurkitzeko bilaketa bat. Honela definitzen du bere burua: "Oihalekin lan egiten dut, eskuan aizto bat dudala eta bertso bat ahoan. Inguruko objektuak jausi egiten dira. Eskulturak lurretik jaiotzen dira, eta denetarik dute. Puskak dira, opariak, zuloak, gordelekuak, kaikuak, lorategia eta paisaia. Gorputz antolatuak, beste gorputz batzuk eskatzen dituztenak, eta, espaziora jaurtita, denak batera,  "espazioa!" eskatzen dutenak.

 

Ibilbide eta bilakaera artistikoa. Lehenengo banakako erakusketa San Frantziskoko Gizarte Etxean egin zuen, 2007an: I love you baby. Ordutik gaur arte, Elena Aitzkoaren lana finkatuz joan da, eta hainbat diziplinatara eta proiektu ugaritara zabaldu da. Hastapenetan pintura eta eskultura izan ziren nagusi, baina  idazkuntzarekin eta performance-arekin ere lan egin du azken urteotan; bere interes artistikoei eta subjetibotasunari heltzeko eta horiek formalizatzeko modu gisa ulertu behar dira horiek guztiak. Bere lana espiralean hazten da, erregistroak zabalduz eta berriro ere jatorrietara itzuliz, berriz esperimentatzeko eta erradikala bezain iradokitzailea den unibertso hori sortzen jarraitzeko. Nabarmentzekoa da, esate baterako, bere idazkeraren izaera bisuala eta eskultorikoa, zeina bere bilakaera artistikoaren osagarri den, baina baita beste eremu batzuetarako irekiera ere.

 

Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena. Interes eta garrantzi handiko lan pertsonala egin du, baina hori bezain garrantzitsua izan da erreferentziako proiektu kolektibo batzuetan izan duen zeregin erabakigarria. 2007an,  Miguel A. Garciarekin batera, Le Larraskito kluba sortu zuen: euskal-galiziar netlabela, soinu-esperimentazioan eta ohiz kanpoko musiketan interesatua; elkargunea artistentzat, musikarientzat eta beste sonoritate batzuetan interesatuta daudenentzat. Epizentro horretatik, beste batzuekin batera, ZARATA FEST ere antolatu du: musika arraroaren eta antzekoen festibala. Raúl Domínguezekin batera, LaLavandera argitaletxea abiarazi zuen, non La Revolución de las Extremidades argitaratu baitzuen. Blog bat ere badu, eta horra igotzen ditu bere testuak. Testu horietako batean, bere lanaren definizio on bat irakur daiteke:

 

 

“El arte es después del amor

de vida hecho”

 

 “Artea da, maitasunaren ondoren,

bizipenez egina”.

 

 

 Ikusizko arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko

Gure Artea Saria:

Entre Cuerpos-Mugatxoan kultur elkartea

 

Saria:15.000€

 

 

Mugatxoan. Blanca Calvok eta Ion Munduatek zuzentzen duten ekimen bat da Mugatxoan, 1998an sortua, dantza eta ikusizko arteak nahasteko gune bat eratzeko asmoz. Topaketa diziplinarra da bere egitekoa, eta sorkuntza-prozesuei eta antzezpen-guneei buruzko hausnarketa sortzea. Lehenengo edizioa 1998an egin zen, Koldo Mitxelenaren erakusketa-aretoan (Donostia); erakusketa-gunean, honako hauen lan koreografikoak aurkeztu ziren: Jérôme Bel, La Ribot, Gilles Jobin, Franko B eta Xavier Le Roy.  Handik urtebetera, Artelekuren proiektu elkartu gisa sartu zen, eta 2010. urtera arte iraungo zuen lan-esparru bati ekin zion. Lan-esparru hori lau multzo handitan banatu zen: Prozesuak, Tailerrak, Egoitzak-Ekoizpenak eta Aurkezpenak. Hainbat erakundetan barrena zabaldu zen proiektua: besteak beste, Arteleku, Fundação de Serralves (Oporto) eta Laboral Centro de Arte y Creación Industrial (Gijón).  Aldi horretan, hainbat eta hainbat artistak, koreografok, taldek eta teorikok parte hartu zuen Mugatxoanen programan; besteak beste, honako hauek:  besteak beste, honako hauek: José Luis Vicario, José A. Sánchez, Legaleón T, Myriam Gourfink, Claudia Triozzi, Rodrigo García, Sandra Cuesta, Amaia Urra edo Itziar Okariz. 2011. urtean, aldatu egin zen Mugatxoanen ohiko egitura, eta, handik aurrera, gaiaren araberako blokeetan bildutako programak landu zituen. Ildo horretako lehendabiziko programa San Telmo Museoan aurkeztu zen, honako izenburu honekin: Cuando el cuerpo desaparece (2012-2013); eta hainbat fasetan jarraitu zuen, tailer, aurkezpen eta performancen bidez. Etapa berri horretan parte hartu dute, besteak beste, honako hauek: Peio Aguirre, Manuel Cirauqui, Inazio Escudero, Cristina Blanco, Víctor Iriarte, Loreto Martínez Troncoso, Virginie Bobin, Nicolas Malevé. Fase berri horretan, hiru koaderno argitaratu ditu Mugatxoanek: Cuaderno0 “Cuando el cuerpo desaparece” (2011); Cuaderno1 “Una voz sin cuerpo, hacia el amor” (2012), eta Cuaderno2 “Ser/Traducción” (2013).

 

Epaimahaiak honako arrazoi hauetan oinarritu du bere erabakia, eta honako merezimendu hauek aitortzen dizkio:

 

1.- Ekoizpen artistikoko egitura. Entre Cuerpos-Mugatxoan elkarte kultural eta artistikoak egin duen lan ikaragarria saritu nahi izan da, baita elkarte horrek 90eko hamarkada amaieratik gaur arte ekoiztutako jardueren kalitatea ere. Ekoizpen artistikoko egitura independente gisa, denbora luzez iraun du, eta oso gutxik lortu dute hori. Horregatik, sari honekin, agerian jarri nahi izan da Mugatxoan elkarteak 18 urtez izan duen ibilbidea.

 

2. Esperimentazioa. Ekoizpen-modurik esperimentalenekiko daukan konpromisoa aitortzen zaio Mugatxoan elkarteari.  Ekimen hori sortu zen, hain zuzen ere, ekoizpen esperimentalerako berariazko testuinguru bat eratu nahi izatetik, honako hauek nahastuta: batetik, dantza/koreografia, eta, bestetik, ikusizko arteak. Mugatxoan elkarteak dantzarako eta antzerkirako modu eta testuinguru instituzionalizatuak atzera utzi nahi izatearekin batera, abangoardiako joera bat zabaldu zen, dantza eta koreografia garaikidean kontuan hartu beharreko joera bat. 90. hamarkada amaieran, hausnarketa kritiko bat egin zen eremu horretan, zeina mugimenduaren uko bilakatu baitzen. Eta horrek koreografia ikusizko arteetara gerturatzea ekarri zuen. Mugatxoanek joera esperimental hori sustatu eta lagundu nahi izan zuen, eta, ia 20 urte geroago, ekoizpen artistiko garaikidearen erdigunean dago joera hori. Mugatxoanek, dantza eta koreografiaren barruko abangoardiako une hartan parte hartzeaz gain, hura nazioartean eta toki-mailan sustatzen ere lagundu zuen; lanerako eta garapenerako testuingurua eman zien artista bultzatzaileei, hots, gaur egun, ikusizko arteen erdigunearen arreta nabaria bereganatzen duten artistei.

 

3. Nazioartekotzea, tokiko testuingurutik. Nabarmena da, hasiera-hasieratik, programaren nazioartekotasuna. Nazioarteko izaera hori bi ikuspegitatik ulertu behar da: batetik, nazioarteko programa bat garatu du Mugatxoanek; hasieratik, nazioarteko artistak izan ditu, hots, egun, sona handia duten artistak. Bestalde, ekimen horrek, bere ibilbideko hainbat unetan, nazioarteko aitorpen bat jaso du: bere proposamenen ekoizpenagatiko aitorpena, zeina agerian geratu baita atzerrian egin diren sinposio, kongresu eta hitzaldietan parte hartzeko jaso dituen gonbiteen ondorioz, baita tokiko testuingurutik kanpo –besteak beste, Oportoko Fundação de Serralves-en– bere programa ekoizteko jaso dituen gonbiteen ondorioz ere.

 

4. Konpromiso pedagogikoa. Mugatxoanen programa eraikitzeko, nazioarteko eta tokiko artisten trukaketa eta topagunez osatutako testuinguru aberats batetik abiatu, eta lan-prozesu kolektibo eta irekiak definitu dira. Ekoizpenerako eta prozesu pedagogikorako eredu horrek eragin bikoitza dauka: batetik, aldaketa pedagogiko bat eskaintzen die gonbidatutako hainbat artisten ekoizpen-prozesuei; izan ere, artista horiek tailerraren formatua sartzen dute euren lanen logikan; bestalde, testuinguru afektibo bat sortzen du: gonbidatutako artisten eta artistarik gazteenen arteko hierarkiak desagertzen dira, eta, horrela, gune irekiak sortzen dira, ekoizpenerako eta ikaskuntzarako.

 

5. Argitalpengintza. Sari honen bidez, Mugatxoan elkarteak argitalpengintzan azken urteetan egindako lana ere azpimarratu nahi da. Mugatxoanen koadernoak ekoizpen- eta garapen-gune bihurtu dira, euren programek zehazten dituzten gai-eremu batzuentzat; baina, halaber, tresna oso erabilgarri bilakatu dira, euren bidez sortzen den ezagutza barreiatu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)