Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Polmetasa euskal industriarako «erreferentziako eredua» dela adierazi du enpresaren 60. urteurrenean

2015.eko uztailak 03
  • Industria-jarduerak maiatzean % 6,6ko hazkundea izan duela gogorarazi du Urkulluk; lau hilabetez jarraian egin du gora

PMG taldeko Polmetasa mekanizatu-enpresaren 60. urteurrenagatik Arrasaten antolatutako ekitaldietan parte hartu du lehendakariak gaur. Enpresako 250 langileak zoriondu ditu Iñigo Urkulluk, euskal industriaren etorkizunerako «erreferentzia-eredu bat» direlako, motelgailurako negozio-unitatean taldearen munduko konpetentzia-zentro bihurtzea lortu baitute.

Gaur egun, Alemanian sortutako Polmetasak zazpi instalazio ditu Europan, NAFTA merkatuan eta Txinan, bai eta mundu osoko bezeroei zerbitzua ematen dieten bulegoak ere. Automozioaren euskal sektoreko enpresa da; horren barruan 290 enpresa daude eta 13.700 milioi euroko fakturazioa lortu zuten 2014an, aurreko urtean baino % 5,1 gehiago, alegia. Goranzko joerari eustea aurreikusten da 2015ean; % 4,7ko hazkundea, hain zuzen.

Iaz Euskadin 1.200 lanpostu sortu zirela gogoratu du lehendakariak, hemen dauden instalazioetako proiektu berriei zein euskal enpresen atzerriko hazkundeari esker. «Zuen enpresak ongi asko daki nazioartekotzeak zer garrantzi duen», gehitu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan aurkeztutako Basque Industry 4.0 izeneko proiektuaren aldeko apustua berretsi du; horren erronkak Polmetasan aurki daitezke: «Sistema teknologiko berriak aplikatzea, produktua berritzea, merkatu berriak irekitzea eta enpresaren proiektuan parte hartzen duten eta horren parte diren pertsona kalifikatuengan inbertitzea». «Enpresa hau bisitatzeak, proiektu hau bertatik bertara ezagutzeak, berresten digu Euskadin asko dugula egiteko krisialditik irteteari dagokionez», gaineratu du.

Urkulluk, hitzaldia amaitu aurretik, gaur bertan ezagutarazi duten datu positiboa ekarri nahi izan du gogora, maiatzean industria-jarduerak % 6,6ko hazkundea izan duela, alegia; hortaz, lau hilabetez jarraian egin du gora industria-jarduerak. «Industriaren hazkundeak konfiantza irabaztea eta gure herrialdearen aukerak hobetzea» dakarrela nabarmendu du.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko uztailak 04

    Comentario de Twitter:
    Urkullu destaca que Polmetasa es un “modelo de referencia” para la industria vasca en el 60 aniversario de la empresa http://t.co/ryzg77EC2N

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)