Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoa aurkeztu dio Ertzaintzaren Kontseiluari. Planak lau oinarri funtsezko ditu: prebentzioa, babesa, jazarpena eta erantzuna

2015.eko uztailak 02

Estefania Beltran de Heredia segurtasun arduradunak agerraldia eskatu du Legebiltzarrean dokumentuari buruzko argibideak emateko

Segurtasuneko sailburuak, Estefania Beltran de Herediak, Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoa aurkeztu dio gaur Ertzaintzaren Kontseiluari, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubairekin eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondorekin batera. Bost arrisku maila aurreikusten dituen Planak, lau funtsezko oinarri ditu –aurrea hartzea, babestea, esestea eta erantzutea– erantzun global, oso eta proportziozkoa emateko terrorismoaren mehatxuari, alderdi guztietan.

Euskadin, eta Europa osoan, islamismo erradikalerantz jo du mehatxu terroristak. Mehatxu mota berri bat, beraz, eta, hari aurka egiteko, jarduera-plan berriak, jarraibide berriak eta polizia-jardunbide berriak behar dira, oraingo mehatxu terroristari egokituak.

Erradikalizazio-prozesuek eta, zehazkiago, erradikalizazio azkarreko prozesuak, zeinak prozesuok antzematea zailtzen baitu, premiazko bihurtzen dute informazioa biltzea; horrez gainera, azkarra eta segurua izan behar du informazio-jarioak, hala Ertzaintzaren jakintza-maila desberdinen artean nola segurtasun- eta polizia-arloko erakunde eta kidegoen artean, ekintza bortitzak galarazteko modu bateratu eta globalean.

Islamismoa kontrolatzeko eta ikertzeko orain arte Euskadin egindako lanak hainbat moldaketa izan ditu terrorismo eredu berrietara egokitzeko. Testuinguru horretantxe sortu da plan hau, islamismoaren errealitate berri honetara egokitua, Ertzaintzaren lan-metodoak berrikusi eta EAE-an bizi den egoerara egokitzeko helburuarekin, horrela,  Ertzaintzako zerbitzu eta unitate guztien indarrak bildu eta terrorismo islamistari eraginkortasunez aurre egin ahal izateko.

Egoerari aurre egiteko hartutako neurrien artean, Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoa prestatu da, fenomeno terroristari jatorritik beretik egiteko aurre, gerora arrisku-egoerak sortzea eragozteko, helburu posibleen babesa hobetzeko, talde terroristak ikertzeko eta indargabetzeko gaitasunak sendotzeko, eta balizko eraso terrorista baten eraginak kudeatzeko orduan mekanismoak hobetzeko.

«Plan berriarekin, eta dagokion Instrukzioarekin, Ertzaintzaren jarduna mehatxu eta arrisku berrietara egokitzen ari gara, era honetako ekinbide terroristei aurre egiteko Europa-mailan ezarritako irizpideak aplikatuz. Horretarako Instrukzio berri bat garatu dugu, 79.a, orain arte terrorismoari aurka egiteko oinarrizkoa izan den 53 Instrukzioaren eboluzio naturala. Instrukzio berriak 53a ordezkatzen du eta gaurko mehatxu terroristari aurka egiteko lanabesak egokitzen ditu, arrisku maila  eta egoera bakoitzean eraginkorrago izateko helburuarekin, polizia-jardunbide eta prozedurak  agindu operatibotan finkatuz”, hala adierazi du Estefania Beltran de Herediak, Segurtasuneko sailburuak, eta, aldi berean, Planari buruzko argibideak emateko Legebiltzarreko agerraldia eskatu duela ere zehaztu du. 

Lau ardatz estrategiko

Plan estrategikoaren oinarrian, Europako zuzentarauek alor horretarako proposatuko lau jarduera ardatzak daude.

  • Informazioaren, ezagutzaren eta ikerketaren bitartez prebenitzea
  • Segurtasuneko dispositiboak indartuz (ahulguneak gutxitzeko) babestea
  • Eraso terrorista baten arriskua aztertzeko eta ebaluatzeko gaitasunak hobetuz esestea
  • Erantzuna ematea, eraso terroristen eraginak minimizatzeko eta normaltasuna berrezartzeko beharrezko diren koordinazio-bideen hastapenak ezarriz

Prebentziozko jarduketen ardatzean, helburu hauek finkatu dira:

  • Diagnostiko eguneratua bat edukitzea, Euskadiko musulman-komunitatearen gizarte-errealitatea ezagutzeko, bai eta Euskadiko mugimendu islamikoena ere
  • Prestakuntza ematea prebentzio-politiketan sartutako agente guztiei
  • EAEko beste poliziekin elkarlanean jardutea, batez ere, udaltzaingoekin, haien gertutasuna dela-eta
  • Informazioa trukatzea beste inteligentzia-zerbitzu batzuekin
  • Erradikalizazio-prozesuak kontrolatzea
  • Islamofobiaren aurka lehiatzea

Babesaren ardatz estrategikoan, berriz, helburu hauek nahi dira lortu:

  • Berariazko araudi bat egitea
    • Mehatxu terroristak aztertzea
    • Mehatxuaren helburu izan daitezkeenak identifikatzea

Jazarpenaren ardatzean, helburu hauek erdietsi nahi dira:

  • Terroristak indargabetzea
  • Legez kanpoko finantzazioa kontrolatzea

Azkenik, azken ardatzak erantzuna eman beharko du erasorik gertatzen bada; horretarako, honako hau proposatzen du:

  • Erasoari modu eraginkorrean erantzutea
  • Biktimei arreta egokia ematea
  • Iritzi publikoa informatzea

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau