
Oregik Lyonen, «Klima eta Lurraldeak» goi-bileran: «Frantziak herrialde eta lurraldeen jarduna nabarmenduko du Parisko COP21 Biltzarrean»
- Quebec eta Hego Australiarekin batera, sailburua presidente kide izan da The Climate Group erakundeak antolatutako topaketan
Lyon 15/07/02
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, gaur goizean nabarmendu duenez, «Frantziak lurralde eta herrialdeek klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduna aitortu du, eta zeregin garrantzitsua eman die gure administrazioei abenduan Parisen egingo den COP21 Biltzarrerako».
Gaur, «Klima eta Lurraldeak» goi-bileraren buru-lanetan aritu da Oregi. The Climate Group taldeak –klima-aldaketaren eraginak aztertu eta haiei aurrea hartzeko nazioarteko erakundeak– antolatu du topaketa, eta hantxe parte hartu dute, besteak beste, Quebecek, Australiak, Rhône-Alpeak, Galesek, Flandriak, Kaliforniak eta puntako beste zenbait lurraldek ere.
Izaskun Iriarte sailburuordea zuela lagun, hainbat bilera egin ditu Ana Oregik Lyoneko goi-bileraren baitan, eta, hala, Nazio Batuak eta Frantziako Errepublika engaiatu ditu, herrialde eta lurraldeek leku nabarmena izan dezaten COP21 biltzarrean. Bilerotan, halaber, François Hollandek eta Ségolène Royalek hartu dute parte.




