Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

“gou! BY EROSKI”, hurbileko turismorako proposamena

2015.eko uztailak 02

Berrikuntza turismoaren sektorea dinamizatzeko

  • BASQUETOURREK, EROSKIK eta GUREAK TALDEAK turismoa bultzatzeko proposamen berria merkaturatuko dute: “gou by EROSKI”.
  • 600 esperientzia edo plan baino gehiago, 30 € eta 150 € artekoak. Kooperatibako bezero-bazkideek, gainera, % 33 aurreztu dezakete. Hiru hilabetean 1.200 esperientziaren eskaintzara iritsiko dira.
  • Euskadin egiteaz gain, Nafarroara, Errioxara, Kantabriara, Asturiasera, Aragoira eta Gaztela eta Leonera ere zabaldu da.
  • Egitasmo honen bidez, sei lanpostu zuzen berri sortu dira (minusbaliotasunen bat duten pertsonak lanean sartzeko)

BASQUETOURREK, EROSKIK eta GUREAK TALDEAK gaur goizean proposamen berria aurkeztu dute EUSKADI – BASQUE COUNTRY marka turistikoaren baitan. Helburua da Euskadiko turismoa bultzatzea. Ekimenaren bidez, asmoa da euskal turismoaren sektorea dinamizatzea Euskadin bizi diren biztanleei nahiz gertuko autonomia erkidegoetako pertsonei zuzendutako proposamenen bidez. Barne turismoa (guztira % 15ekoa izaten da) merkatu esanguratsua da euskal turismoaren baitan.

Gaur aurkeztutako proposamenean, kontsumitzaileei prezio merkeagoak eskaintzen zaizkie, baita "gou! by EROSKI postalak" EROSKIren edozein hipermerkatutan, supermerkatutan edo bidaia-agentziatan erosteko erosotasuna ere, ondoren, gustuko duzun jardueragatik trukatzeko telefonoz edo Interneten bidez (egun batzuk lehenago). Katalogoan 600 esperientzia baino gehiago daude: bidaiak globoan, kobazuloetara bisitak, dastatzeko menuak hainbat jatetxetan edo gauak hoteletan eta landetxeetan. Prezioari dagokionez, bost maila egongo dira: 30 eta 150 euro artean.

Horrez gain, “gou! by EROSKI”k datozen hilabeteetako kultura agendaz gozatzeko hainbat proposamen eskaintzen ditu; besteak beste, Bilboko BBK Live jaialdia edo Kontxako Bandera Donostian. Bestalde, Euskadiz gain, hona hemen proposatutako kultura agendaren beste aukera batzuk: Llanesko (Asturias) San Roque jaiak, Lizarrako (Nafarroa) Gastronomia Astea eta Arte Garaikideko Nazioarteko Azoka Santanderren. 

“Hori da BASQUETOUR-Eusko Jaurlaritzak 2010az geroztik abian jarritako turismo esperientziak merkaturatzeko beste modu bat. Euskadiko turismo enpresek elkarrekin eginiko aisialdirako planak dira, eta horixe da azken urratsa esperientzia turistiko horiek sortzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko prozesuaren baitan" adierazi du BASQUETOUR Euskal Turismoaren Agentziako zuzendari Arantza Madariagak gaur goizean eginiko aurkezpenean.

Bestalde, EROSKI bidaien zuzendari Mikel Goienetxek honako hau nabarmendu du: “EROSKIk bertako produktuekin duen konpromisoa nekazaritza eta elikagaien sektore zabalari ematen zaion babes esanguratsuaz harago doa; izan ere, beste ekimen batzuk ere hartzen ditu ardatz; besteak beste, gure turismoaren erakargarritasuna, gure paisaien aberastasuna edo kulturaren eta gastronomiaren sustapena, betiere gure ekonomia dinamizatzeko balioko duten ekimenak gauzatuz”. Honako hau gaineratu du: “EROSKIn berrikuntzaren alde egiten dugu argi eta garbi, baita merkaturatzeko modu berriak irekitzearen alde ere, kontsumitzailearen mesedetan eta gure ekonomia dinamizatzea helburu izanik. Familien erreferentea izan nahi dugu astebururako egiten dituzten planetan.”

Gureak taldeko presidente Iñaki Alkortak, bestalde, gaur goizeko aurkezpenean honako hau adierazi du: “gou! by EROSKI gizartearekiko egitasmo arduratsua da. Alde batetik, ateak irekitzen dizkio GUREAK taldeari, minusbaliotasuna duten pertsonei lana bilatzeko. Momentuz sei pertsona ari dira lanean modu iraunkorrean web plataforma kudeatzen, bezeroentzako arreta eta erreserbak kudeatzen eta abar. Eta, beste alde batetik, Euskadirekin konprometitutako egitasmoa da; izan ere, ostatuen, gastronomiaren eta aisialdiaren turismo sektorea babesten du. Hori guztia posible izan da EROSKIko banaketa eta salmenta sareak atea ireki digulako.”

Ekimen honetan parte hartzen duten ostalaritza eta turismo sektoreko enpresarientzat euren produktua merkaturatzeko beste modu bat da, kontsumitzaileentzat errazagoa eta eskuragarriagoa. Gainera, zuzenean "gou! by EROSKI"ren bidez eginiko erreserben kudeaketa guztiak errazten ditu. "Uste dut ekimen hau oso garrantzitsua dela gure enpresarentzat, baita egitasmoan negozioaren motor gisa parte hartzen dugun guztiontzat ere. Hainbat pertsonari (banakoak, bikoteak, familiak edo taldeak) zuzendutako ekintzen bidez bisitariei plan berezienak hurbilarazteko modua da, sakonago ezagutu dezaten euren kultura, paisaiak eta gastronomia" aipatu du The Basqueway enpresa eskaintzaileko Noemí Lekubek.

Lehen turistek dagoeneko gure gertuko altxorrak ezagutzeko modu hau probatu dute, eta azpimarratu dute programa oso malgua dela, izan ere, edozein unetan goza dezakezu, egun gutxi batzuk lehenago gustuko duzun esperientzia aukeratuta. Gainera, EROSKIk bere bezero-bazkideak saritzen ditu, "gou! by EROSKI postalak" erostean % 33ra arteko deskontuak egiten ditu eta.  

600 esperientzia baino gehiago gou! by EROSKIren eskutik.

“gou! by EROSKI”n eskainitako esperientzien eta planen katalogoak, hasteko, 600 esperientzia eskaintzen ditu. Egunero eguneratzen dira proposamen berriak jartzeko. Horiek guztiak eskuragarri dituzu goueroski.es webgunean. Landa inguruko 238 bat irteera, erlaxatzeko 196 irteera, abenturarako 191 irteera, 159 esperientzia gastronomiko, 120 irteera erromantiko, ardandegietarako 36 bisita eta umeekin egiteko 107 plan. Datozen hilabeteetan, espero dute eskaintza bikoiztea eta 1.200 esperientzia baino gehiago proposatzea "gou! by EROSKI" plataformaren bidez.

Ekimena hainbat turismo erakunderen markak babestu dute: “Euskadi-Basque Country” “Reyno de Navarra” edo “La Rioja Apetece” markek, besteak beste; izan ere, programa hainbat erkidegotan gauzatzen da: 182 esperientzia Euskadin, 108 Kantabrian, 67 Gaztela eta Leonen, 59 Aragoin, 50 Nafarroan, 50 Errioxan eta 40 Asturiasen.

Nahi duzun lekuan, nahi duzunean, etxetik 2 ordura edo gutxiagora.

Ekimenean, inguru hurbilean esperientzia berriak bizitzeko moduak proposatzen dira. Azken urteotan goraka doan kontsumo-joeran oinarrituta dago: bertakoa eta gertuen dagoena, produktuen jatorria, historia eta kultura nahiz inguruan dakarten iraunkortasuna eta ekonomia ardatz hartuta.

Krisiak, nolabait, kontsumo arduratsua egiteko modua eguneratu du. Hala, jatorrietara itzultzea, sozietateen jasangarritasuna eta ingurumenaren kalitatea hartu dute oinarri. Pixkanaka-pixkanaka, kontsumitzeko joera berriak finkatzen ari gara, hau da, krisi ondorengo kontsumoari heldu diogu, jasangarriagoa eta bertakoagoa" azaldu du Mikel Goienetxek.

Sei lanpostu zuzen berri sortu dira (minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat)

gou! by EROSKI ekimena gizarte ekonomia abiapuntu hartuta sortu da. Hala, sei lanpostu zuzen berri sortu ditu (minusbaliotasunen bat duten pertsonak lanean hasteko) GUREAK taldearen egituraren bidez. Hiru pertsona lanaldi osoz ari dira plataforma teknologikoa eta webgunea kudeatzen (produktuaren euskarria da), garatzen eta mantentzen. Pertsona bat esperientziak biltzeaz arduratzen da, eta beste bi pertsonak bezeroarentzako arretan ari dira hainbat kanalen bidez.

Gainera, laguntza beharrizan handiagoak dituzten minusbaliatuek egin dituzte, GUREAK taldearen baitan, merkaturatzeko erabili diren 90.000 "gou! by EROSKI postalak".

BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentziari buruz

Basquetour Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren sozietate publikoa da. 2006an sortu zen euskal turismoaren lehiakortasunaren estrategia eta inplementazioa bideratzeko. Gaur egun, Euskadin "Euskadiko Turismoaren 2020rako Plan Estrategiko" gisa definitu da, Euskadiko turismo industria osatzen duten erakunde publiko eta pribatuen laguntzarekin.

EROSKIri buruz

EROSKIk 21 hipermerkatu, 230 supermerkatu eta 78 bidaia agentzia dituen merkataritza sarea osatzen du EAEn. EAEn, 9.628 pertsona ari dira lanean kooperatiban.

EROSKIk 2.000 hornitzaile baino gehiago ditu Euskadi osoan, eta horietatik 469 nekazaritza eta elikagaien sektorekoak dira. Erkidegoan egiten diren erosketek 600 milioi euro baino gehiago dakartzate.

GUREAK taldeari buruz

GUREAK enpresa-taldearen helburua da minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat lanean hasteko aukerak sortzea eta kudeatzea, ahal bada, adimen urritasuna dutenei eta Gipuzkoan bizi direnei bideratuta.

Gaur egun, 4.800 pertsona baino gehiago daude, eta horietatik % 84k minusbaliotasun motaren bat dute. Produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditu gaur egun dituen 4 atalen bidez:

-       Gureak Industriala (kableak, plastikoak, automoziorako elektronika eta muntaketak, produktu eolikoak, elektrikoak, etxerako konforta...)

-       Gureak Zerbitzuak (garbiketa, lorezaintza, zerbitzuguneak, garbitegiak, sukalde zentrala, ostalaritza…)

-       Gureak Marketina (online eta offline zerbitzuak Komunikazio eta Marketinerako)

-       Gureak Itinerary (minusbaliotasunen bat duten pertsonen garapen profesionalerako eta beste enpresa batean sartzeko zerbitzuak).

Informazio gehiago lortzeko:

                 BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentzia

                 Itziar Zarandona

Tel.: 94.607.75.98. izarandona@basquetour.eus      

                 EROSKI

                 Komunikazio Korporatiboko zuzendaria

                 Oscar González Uriarte, tel.: 946 211 214 comunicacion@eroski.es

                 Prentsa bulegoa - Consejeros del Norte

                 Ziortza Beristain, Edurne Izquierdo, tel.: 944 158 642

                 GUREAK taldea

                 Komunikazio zuzendaritza

                 Jon Ander Arzallus, tel.: 943 00 56 00  jaarzallus@gureak.com

 

                 Prentsa-bulegoa - Horregatik

                 Olatz Madariaga, tel.: 655 744 945

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)