Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Urnieta eta Gatikako bi gazte Boiseko Jaialdian blogari izango dira

2015.eko uztailak 02

GOazen Boisera! lehiaketan sarituriko bi gazteek Euskal diasporaren jaialdiaren berri emango dute zuzenean Boisetik

 

Naroa Elortegi eta Mikel Ibargoien izan dira GazteBizHitza atariak antolaturiko GOazen Boisera! lehiaketan sarituak. Epaimahaikideek gazte hauen lana saritu dute jasotako 60 idazlan eta bideoen artean. Irabazleek uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean Estatu Batuetako Boise hirian ospatuko den Jaialdian parte hartu eta bertatik berriemaile lanak egiteko aukera izango dute, Gazteaukera blogean. Gazte blogariek bidaia eta gastuak ordaindurik izango dituzte.

Gatikatik eta Urnietarik Boiserako bidea egingo dute sarituek uztailaren amaieran. Naroa Elortegi, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua ikasten ari da, 21 urte ditu eta futbolaria eta kirolzale amorratua da. Mikel aldiz, 26 urteko kazetaria da eta kirol kazetaritzan aritu da irratian lanean. Biak hala biak, gogotsu eta pozik azaldu dira Boiseko jaialdia ezagutu, eta euskal diasporaren berri emateko aukera honekin.

Boiseko Jaialdia bost urterik behin ospatzen da eta Euskal diasporaren jai handienetako bat da, bertan biltzen direlarik Estatu Batuetako euskal etxeetako ordezkariak zein kanpotik etorritako euskaltzaleak. Jaialdian euskal dantzak, musika, herri kirolak, bertso saioak eta bestelako emankizun ugari egongo dira.

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako aholkularitza eta orientazio zerbitzua da. Interneteko atari honetan, Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta arreta pertsonalizatua jaso dezakete gazteek; whatsappez, emailez zein telefonoz. Lehiaketa honen bidez hiru gai hauen inguruko iritziak eta gogoetak ezagutzeko aukera izan dute antolatzaileek eta aurkezturiko lanen kalitate ona azpimarratu dute.

 

 

Gazte blogariekin elkarrizketak hitzartu edo harremanetarako: gazteaukera@gmail.com

Egitasmoaren inguruko informazioa gehigarria:

Naroa Elortegik eta Mikel Ibargoienek lehiaketara aurkeztutako lanak, eta eurekin egindako elkarrizketak, Gazteaukera atarian daude zintzilik:http://gazteaukera.blog.euskadi.net/gaiak/goazenboisera/

GazteBizHitza ataria: http://www.gazteaukera.euskadi.eus/r58-gbh000/eu

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)