Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ekaineko langabezia datuek susperraldia finkatzen ari dela egiaztatzen dutela esan du Toña sailburuak

2015.eko uztailak 02

Nahiz eta ohikoa izan lan-merkatuak urteko bigarren hiruhilekoan izatea jokabiderik onena, emaitza bereziki onak eman ditu amaitu berri den hiruhilekoak, 14.500 landun berri baitaude: hau da, % 8,5 jaitsi da langabezia hiruhileko bakar batean. Gaur egun, % 14,7 da EAEko langabezia-tasa

Ekaineko langabezia-tasak % 2,85 beheratu dira –– 4.602 langabe gutxiago daudenez aurreko hilaren aldean–; hortaz, 156.905 langabe daude orain Euskadin, duela lau urtetik honako kopuru baxuena. Urtetik urterako beherakada, gainera, azken hamarkadan jazotako bigarren handiena izan da, 2014ko ekainean izandako beherakadaren atzetik soilik, eta ohiz kanpoko hilabetea izan zen hura ere, 7.103 langabe gutxiago erregistratu zirenez orduan.

Angel Toñaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren, aburuz, «enplegua suspertzen hasi dela egiaztatzen du» ekainean Lanbideko bulegoetan erregistratutako langabezia-beherakadak, gutxienez, «alderdi kuantitatiboari dagokionez»; hala ere, aitortzen du kontratazioan gehiegizko pisua dutela, oraindik ere, lanaldi partzial ez borondatezko eta iraupen mugatuko kontratu-harremanak.

Ekainean, orokortua izan da langabeziaren beherakada, baina krisiak gogorren jotako jarduera-esparruetan izandako berroneratzea nabarmendu du sailburuak; hala nola, eraikuntzan eta industrian (% 4,7 inguru, bietan). Zerbitzuek bilakaera ona agertu dute (–% 2,26), eta bereziki aipagarria izan da merkataritzaren alorrekoa.

Halaber, homogeneoa izan da langabeziaren beherakada lurraldeka: aipatzekoa da Ezkerraldea, 828 langabe gutxiago baititu orain. Araban, % 2,8 beheratu da; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, zertxobait gutxiago (–% 2,9). 

Eskualdeka, Arabako Errioxan eta Urola Garaian besterik ez da goratu langabezia (+33 langabe eta +13 langabe, hurrenez hurren). Hiriburuetan, Gasteizen beheratu da langabezia gehien (–691 langabe); atzetik ditu Bilbo (–654) eta Donostia (–302).

Langabezia gehiago jaitsi da gizonen artean: 3.352 langabe gutxiago eta % 4,41eko beherakada. Emakumeen artean, berriz, 1.250 langabe gutxiago eta % 1,46ko beherakada erregistratu dira. Gaur egun, 84.172 emakume daude langabezian: hau da, langabe guztien % 53,65 dira emakumeak. Adinaren arabera, korrelazio nabarmena ikus daiteke langabeziaren beherakadaren eta enplegu eskatzaileen gaztetasunaren artean; hala, murrizketa bereziki nabarmena izan da 35 urtetik beherako langabeen artean.

Afiliazioa

Gizarte Segurantzara afiliazioak ere eman ditu zifra positiboak, nahiz eta ez diren izan aurreko atalean aipatutako datuak bezain pozgarriak. Horrenbestez, ekainean, egonkortu egin da afiliazio kopuruaren batez bestekoa: 525 afiliatu gehiago daude maiatzeko zifraren aldean, hau da, % 0,06 goratu da.

Enpleguko sailburuaren ustez, datuek «aurrerapen xume bat adierazten dute, aintzat harturik zer zifra espero ziren aurten hilabete horretarako; are gehiago, gainerako adierazleek lan-merkatua dinamikoagoa dela ikusarazten dutenean. Dena dela, ezin dugu ahaztu –gaineratu du sailburuak– 8.380 afiliazio berri izan direla 2015eko lehen sei hilabeteetan; iaz, denboraldi berean, 2.570 besterik ez zen gehitu afiliatu kopurua».

Lurralde historikoka, Arabak, zeinak jokabide onena agertu baitzuen maiatzean, jokabide kaskarrena agertu du ekainean, 264 afiliazio gutxiagorekin. Gipuzkoak, berriz, 803 afiliatu berri hartu ditu eta Bizkaia egonkor ageri da, 13 afiliazio gutxiagorekin.

Hezkuntzak eta ostalaritzak moteldu dute gehien afiliazioaren aurrerapena (2.222 eta 1.827 afiliatu gutxiago, hurrenez hurren). Ostera, osasunaren alorrak eta merkataritzarenak agertu dute jokabide onena (1.980 eta 1.195 afiliazio gehiago, hurrenez hurren).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)