Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak kexa du Rajoyk legegintzaldia baliatu ez izana ETA-rekin «modu adostuan» bukatzeko, eta hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da

2015.eko uztailak 01
  • Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak lasaitasun mezu bat jendarturatu du greziaren egoerari buruz, «oso gutxi baitira» zuzeneko merkataritza harremanak

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Josu Erkorekak, deitoratu du Mariano Rajoyren gobernuak ez izana baliatu legegintzaldia bestelako amaiera bat emateko ETAri, «modu adostuan eta bestelako politiken bitartez». Halaxe egin dio erreferentzia PPk gobernatutako legegintzaldiari, gaur eguerdian Onda Cero Irratian emandako elkarrizketa batean, esanez, «zituen zereginak ahitu dituela»; hori horrela, hauteskundeak aurreratzearen alde egin du.

«Gomendagarria litzateke lehenbailehen aurreratzea hauteskundeak, ikuspegia argitzeko eta agertoki garbiago batean jarduten asteko, non erabat zehazturik baileudeke erakunde eta arduradunak, eta erakundearteko hitzarmenak bilatuko bailirateke; izan ere, ia-ia ez deusa izan da erakundearteko adostasuna» gaineratu du Erkorekak elkarrizketan. Ildo beretik, adierazi du Espainiako Gobernuaren presidentzia-aldaketa baino, gobernantza-baldintzen aldaketa behar dela erakundearteko elkarrizketari bide emateko. «Gehiengo osoa ez da batere egokia elkarguneak bilatzeko; agertoki berri honetan, ezinezkoa izango dela dirudi» esan du.

Horrez gainera, sailburua oso kritikoa izan da Zigor Kodearen eta Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformarekin. Gaur sartzen da indarrean, eta, sailburuaren ustez, «gehiegizkoak eta neurriz kanpokoak dira» erreforman sartutako debekuak, aintzat harturik ingurune libre eta demokratiko bat izan beharko lukeela hau, eta, beraz, bermaturik egon behar dutela manifestatzeko eta adierazteko eskubidea. Baieztatu duenez, «Rajoyren gobernuaren kudeaketa ezaugarritu duten tik autoritario horietako bat» da erreforma.

Greziaren inguruan, Erkorekak berriz zabaldu du Eusko Jaurlaritzak atzo adierazpen batean jasotako lasaitasun-mezua, gogoraraziz «oso gutxi» direla Euskadi eta Greziaren arteko zuzeneko merkataritza-harremanak, eta EAEko ekonomia-baldintzak aldatzeko «eskasegiak». Horrez gainera, gogora ekarri du Europan hainbat mekanismo ezarri direla euroaren krisiari aurre egiteko. «Lasaitasuna zabaldu behar dugu, eta egoera elkarrizketaren bitartez bideratuko den itxaropena izan» erantsi du.

Azkenik, EAJek eta PSEk foru- eta udal-erakundeetan hitzartutako akordioari buruz, esan du Eusko Jaurlaritzatik eskatutako konpromisoari erantzuten diola: hain zuzen, esparru egonkor bat sortzea, agertzen hasi berri den susperraldi ekonomikoaren fasea oinarritzen eta bermatzen laguntze aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)