Berriak Lehendakaritza

Kuatrok, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin berriak, BIO teknologien eta barnekintzailetzaren aldeko apustua indartuko du

2015.eko uztailak 01
  • 7,5 milioi euro inbertitu dira Gipuzkoako enpresek aurrera egiten jarrai dezaten oinarri teknologikoko espezializazio adimendunean
  • Jasangarritasun-estrategiak sartu dira eraikinean: bioklima, bioeraikuntza eta energia berriztagarriak.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak eraikin berri bat izango du gaurtik aurrera, zeinak agerian utziko baitu Euskadiko erakundeen apustu argia: teknologia-sektoreko enpresak aldeztea, zehazki, RIS3 estrategiaren baitan, bioteknologia, bio-osasuna eta barnekintzailetza teknologiko-industrialaren barruan, jarduten dutenak. Iñigo Urkullu lehendakariak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok, eta Donostiako alkate Eneko Goiak inauguratu dute Kuatro izeneko azpiegitura berria, Parkearen 4c100 gunean kokatua.

2010an hasi ziren azpiegitura berria eraikitzeko lanak , lehen oinarria jarri zenean, eta iragan apirilean bukatu. Eraikinak 4.400 m2 erabilgarri ditu guztira, lau solairutan eta bi sototan banatuta.

Zero solairuan, hazibideko enpresentzako eta ekimen berritzaileen enpresa-garapenerako gune bat dago, non hala enpresen inkubagailuko prozesuetatik nola barnekintzailetza teknologiko-industrialeko prozesuetatik eratorritako ekimenak baitira garatzen. Orobat, eraikinaren laguntza-guneak daude solairu horretan. Lehen solairuan, BIC Gipuzkoa Berrilanen egoitza dago: hortxe biltzen dira, esaterako, ekintzaile-gunea, sustatzaile-moduluak eta prestakuntzarako nahiz erabilera anitzetarako aretoak. Bigarren solairua, osorik, bai eta aurrekoaren zati bat ere, Parkearen berezko enpresak ezartzeko espazio gisa gorde da; hirugarrena, berriz, enpresa bioteknologikoen eta bio-osasunaren alorreko enpresen Bio-inkubagailuari gorde zaio, BIO sektoreko enpresa-ideia berriak sustatzeko eta enpresok finkatzen eta hazten laguntzeko. Horrez gainera, erabilera partekatuko bi laborategi daude, bai eta BIO sustatzaileentzako hainbat laborategi ere.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak 7,5 milioi euro inbertitu ditu eraikin berria eraikitzeko eta egokitzeko.

Lehendakariak zera nabarmendu du: industria-ideia berriak ereiteko espazio bat dela, eta ahalmen handia duela «balio erantsi handiko» euskal enpresak sortzeko. Orobat gogorarazi du azpiegitura berri hori abiaraztearekin batera, aste berean, iragarri duela Eusko Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 proiektua, industria-iraultza berriaren adierazgarri den proiektuaren aldeko apustu estrategikoa. «Industria-agertoki berri bati heldu behar diogu, eta herrialde-ikuspegi batetik eman behar diogu erantzuna» baieztatu du lehendakariak. Horrez gainera, berriro adierazi du guztien ahalegina dela beharrezkoa planteatutako erronkak lortzeko: erakundeena, lankidetza publiko-pribatuarena, kluster eta teknologia parte-hartzearena eta ekintzaileena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak