
Eusko Jaurlaritzak Hegaztiak Babesteko eta Kontserbaziorako Eremu Berezi izendatu du Salburua. (2015-06-30(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
Dekretua, Salburua Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko dena.
LABURPENA
Gobernu Kontseiluak kontserbatzeko eremu berezi (KEB) eta hegaztiak babesteko eremu berezi (HBEB) izendatu du Gasteiz ekialdeko Salburua ingurua. Tankera honetako eremu bereziak izendatuta, habitat naturalak eta Batasunaren intereseko fauna eta floraren espezie basatiak iraunaraztea eta indarberritzea bermatuko du. Horri esker, basoko hegazti eta espezie migratzaileek bizirauteko bermea izango dute, Europako biodibertsitatearen kontserbazioaren barruan.
1997ko abenduaren 23ko, 2000ko azaroaren 28ko, eta 2003ko ekainaren 10eko bileretan hartutako Erabakien bidez, gobernu-kontseiluak Hegaztiak Babesteko 6 Eremu Berezi (HBEB) izendatu zituen, eta 52 eremu proposatu Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) zerrenda: Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da Euskadi. Horien artean dago, konparazio batera, Salburuako Batasunaren intereseko lekua (ES2110014), eskualde biogeografiko atlantikoan.
Salburuaren azterketan sakondu dugu eta Batasunaren intereseko habitaten banaketa aurkeztu dugu, Batasunak kontserbatzeko eremu berezien izendapenetan egiten dituen eskaerei erantzuna emateko. Espazio horretako fauna eta flora espezieen habitaten kontserbazio egoeraren eta banaketaren azterketa landu da, bestalde. Osagarri gisa, espazio hori hegaztiak babesteko eremu berezi (HBEB) izendatzeko beharra ikusten dugu, hegazti basatiei buruz Europako Parlamentuak ezarritako irizpide ornitologikoak betetzen baititu, zehaztu du Ana Oregik.
Salburuako espazioa -jarraitu du Oregik- eskualde biogeografiko atlantikoan dago. KEB/HBEBan hainbat habitat eta espezie deskribatu ditugu, Batasunaren intereseko bederatzi habitatetakoak gutxienez, horietako bat lehentasunekoa; eta erkidegoko nahiz eskualdeko katalogoetan dauden espezieak deskribatu ditugu, eta hegazti espezieen zerrenda luze bat egin dugu gainera. Horrek guztiak eraginda, Europako Natura 2000 sare ekologikoan sartu zen 2003an, Batasunarentzat garrantzizko leku gisa (BGL). Hegaztiez gain, aipatzekoak dira bertan aurki daitezkeen beste espezie batzuk, esate baterako, bisoi europarra (Mustrela lutreola), igel arina (Rana dalmatina), eta apoarmatu korrontezala (Mauremys leprosa). Kontserbazioari begira, interes bereziko eremua da.
Espazio honek garrantzi handia dauka Europako ur-hegaztiek mendebaldera egiten duten migrazio-bidean eskala eta elikadura-gune gisa, eta bereziki oso garrantzitsua da ur-benarrizak (Acrocephalus paludicola) egiten duen eztei ondorengo migrazioan. Gogoratu behar dugu mehatxu globalean dagoen Europako paseriforme bakarra dela espezie hori, esan du Oregik. Subarats formazioak (Carex riparia) iberiar penintsulan ondoen kontserbatutakoak dira. Eremu honek habitat adierazgarria dauka: kareharridun begetazio bentikoko ur oligometrotrofikoa, ihitegiak, Mediterraneoko belardi hezeak edota zohikaztegi baxu alkalinoak. Ez da ahaztu behar, halaber, Salburuan sahasti kopuru handia ageri dela.
Eremu honen mugaketa Europako Batzordeari bidaliko zaio, eguneratu dezan. Salburua KEB/HBEB izendatzeko prozedurak jaso ditu herritarren iradokizunak, herritarrek parte hartzeko prozesuaren bidez.