Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Tabakoaren kontrako legeek duten eraginari eta tabakoarekin lotutako kalteei buruzko simposiuma

2010.eko uztailak 15

Gemma Zabaletaren hitzetan, "ezin da onartu norbaitek lagun-hurkoaren osasuna arriskuan jartzea eta egindakoagatik ez ordaintzea"

"2011ra begiratzen dugunean ziur gaude kerik gabeko Euskadiren benetako hasiera izango dela". Esaldi horrekin abiatu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Tabakoarekin lotutako arriskuen murrizketari buruzko IV. Nazioarteko Sinposioaren inaugurazioan Donostian emandako hitzaldia. Zabaletak argi eta garbi adierazi nahi izan du ziur dagoela tabakoaren gaineko etorkizuneko legeak mugarria ezarriko duela euskal gizartean.

Sailburuak baieztatu duenez, aldaketa hori "uste sendoarekin lortu nahi dugu, eta ez menderatzearen bitartez, ezta zigortuta ere, baizik eta konbentzituta". Hala ere, horren ondoren ohartarazi duenaren arabera, "amaitu egin da ez ikusiarena egiteko garaia". "Legea urratzen duena zigortua izango da, ezin baita onartu norbaitek bere lagun hurkoaren osasuna arriskuan jartzea eta egindakoagatik ez ordaintzea"; horixe ziurtatu du Gemma Zabaletak EHUko udako ikastaroetan.

Gaineratu duenez, "lagunekin edo familiarekin ondo pasatzeko une horietan, herritarrek beren osasunaren eta aisialdian gune itxietan beraiekin daudenen osasunaren ardura hartzea nahi dugu. Bizikidetzarako, topaketarako eta aisialdirako guneak sortzeko lege bat da, erretzea ez baita beharrezkoa maite ditugunekin batera egoteko".

Azterlanek adierazten dutenez, Estatu espainolean 50.000 pertsona inguru hiltzen dira urtean tabakoaren kontsumoarekin zuzeneko harremana duten gaixotasunengatik, eta tabakoaren kearen eraginpean egoteagatik hiltzen diren ez-erretzaileen heriotzak gehitu behar zaizkie kopuru horri. Zabaletaren ustez, etorkizuneko euskal araudiak bizikidetzarako eta aisialdirako guneak sortuko ditu; izan ere, "ez da beharrezkoa erretzea maite ditugunekin batera egoteko".

Era berean, azterlanek egiaztatzen dutenez, kearekiko esposizio handiena ostalaritzako establezimenduetan gertatzen da. Azterlanen arabera, kearen eraginpean dauden bi sexuetako gazteen % 45 inguruk eta 45 urtetik beherako pertsonen % 40 inguruk pairatzen dute kaltea lokal horietan.

Tabakoaren etorkizuneko legeak ostalaritzako langileen osasuna babesteko eskubidea biltzen du, lokaletan tabakoa kontsumitzeak ageriko arriskua baitakar hainentzat. Horri dagokionez, sailburuak honako hau adierazi du: "Saihestu nahi dugu beste edozein lantokitan jada arnasten ez den kea arnastera behartuak egotea".

Tabakoaren erabileraren erregulazioaren abantailak agerikoak dira, baina ez soilik osasunaren ikuspegitik. Tabakismoaren Prebentzioko Batzorde Nazionalak egindako azterlan baten arabera, tabakoaren ohiko kontsumoak 447 milioi euroko kostua sortzen du Espainian ostalaritzaren sektorean. Horretaz gain, kalkulatu denez, soilik indarreko Legea benetan betetzeak 90 milioi euro baino gehiago aurreztea ekarriko du lehen urtean. Aurrezkiak gora egingo du denborarekin, 2020. urtean 321 milioi euroraino iritsi arte.

Une honetan, 15-74 urteko euskaldunen % 66k ez-erretzailea dela esaten du, % 29k ohituraz erretzen du, eta % 5ek noizean behin egiten du. Ohiko moduan edo noizean behin erretzen dutenen % 78k soilik kalteak edo onura baino kalte gehiago hautematen ditu erretzerakoan. Bestalde, soilik % 4k hautematen ditu onurak erretzearen ekintzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta