Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Lyon´go goi-bilera: Oregik «irmotasuna eta koordinazioa eskatu die eskualdeei eta herrialdeei klima-aldaketaren aurrean»

2015.eko uztailak 01
  • Oregik Euskadiko erakundeek, gizarteak eta enpresek egiten duten ahalegina eta prebentzio-lana goraipatu du
  • François Hollandek eta Ségolène Royalek elkarlanean jardutera animatu dituzte ministroak eta eskualde-mailako lehendakariak, Parisko COP21 Konferentziari begira

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik «irmoago eta koordinatuago jardutea eskatu die eskualdeei eta herrialdeei, klima-aldaketari aurre egiteko». «Klima eta lurraldea» izeneko topaketa egiten ari dira Rhône-Alpeetako hiriburu den Lyon hirian, Frantziako presidente François Hollande eta hainbat ministro, Nazio Batuetako goi-kargu asko eta munduko eskualde aurreratuenetako erakunde-ordezkariak bertan direla. Oregi sailburuak nabarmendu du «Euskadiko erakundeak, gizartea eta enpresak lan handia egiten ari dira prebentzioan, berotegi efektuko gas-isurpenak ez murrizteak eta mende amaierarako batez besteko tenperatura 2 ºC baino gehiago handitzeak planetari eragingo dioten kalte larriak arintzearren. Jokoan dagoena gure seme-alabak biziko diren mundua da».

 

Lyonen egiten ari diren World Summit Climate & Territories bileran 800 profesional, zientzialari eta erakunde-ordezkari bildu dira eta arreta berezia eman diote tokiko, eskualdeko eta erkidegoetako gobernuek klima-aldaketaren aurka egiten duten lanari. Gainera, berotegi efektuko gasen isurpenak murrizteko konpromisoaren gaineko akordio handi bat prestatzeko helburua du, mende amaierarako planetako batez besteko tenperatura ez dadin 2 ºC baino gehiago igo. Era berean, klimaren gaineko adierazpena idazteko asmoa dago, COP21-Aldeen Konferentzian sinatu dadin; alegia, Kiotoko protokoloak zabaltzeko Parisen abenduan egitekoa den mundu-mailako goi-bileran.

 

Ana Oregi sailburuak, Izaskun Uriarte Lurralde Politikako sailburuordea lagun duela, Lyonen hartu du parte hainbat lantaldetan eta Frantziako François Hollande presidentearekin bildu aurretik adierazi duenez, «batzuetan irudipena dut herritarrak, oro har, ez direla jabetzen klima-aldaketaren ondorio larriez. Egia da gaur egun ekonomia dela nagusi, eta lan-premia handia dagoela, baina etorkizun diren belaunaldiengan pentsatu behar dugu, zer mundu mota utziko diegun. Ezin ditugu kondenatu gure seme-alabak kaosean bizitzera; ur edangarririk eta saneamendu-sarerik gabe, egurats itogarrian eta bizi arrastorik gabeko itsaso, ibai, lur eta paisaietan».

 

Lyongo topaketan parte hartzen ari diren herrialde eta eskualdeetako ordezkariek hamar gai-arlo aztertuko dituzte eta bihar, osteguna, osoko bilkuran ezagutaraziko

 

dituzte ateratako ondorioak: Klima-aldaketara egokitzea (ICLEI - ICC - Green Cross); Lurralde-plangintza (Eurocities - nrg4SD - FNAU); Karbono gutxiko ekonomia (ITUC - Global Compact); Deszentralizazioa eta eskualde-lidergoa (CCRE-CEMR/Platforma with CUF and AFCCRE - ENDA Tiers Monde); Basoen garrantzia (Climate Alliance - COICA - WWF); Nekazaritza (ORU-FOGAR - ROPPA); Mugikortasuna eta garraioa (CODATU - FNE); Energia sortzea, banatzea eta kontsumitzea (Energy Cities - CLER); Klimaren finantza-kudeaketa (UCLG - GERES); eta Klima-aldaketaren gaineko hezkuntza (CliMates - R20 with Association des petits Débrouillards).

 

Oregi sailburua, The Climate Group erakundearen Europako presidentea den aldetik, Under 2 MOU manifestua sinatuko du, mende amaierarako batez besteko tenperatura 2 ºC baino gehiago ez igotzea xede duena, 2050erako berotegi efektuko gas-isurpenak % 80 murrizteko konpromisoa hartuta. «Euskadin dagoeneko zehaztu dugu klima-aldaketari aurre egiteko gure estrategia», azaldu du Lyonen Ana Oregik.

 

Dagoeneko Acre, Baden-Württemberg, Kalifornia Beherea, Kalifornia, Jalisko, British Columbia, Ontario, Katalunia, Oregon, Vermont, Gales eta Washington herrialde eta eskualdeek sinatu dute manifestua. Euskadik Lyonen sinatuko du beste herrialde askorekin batera.

 

Oregi eta Iriartek, lantaldeetan parte hartzeaz gain, hainbat bilera egingo dituzte Baden-Württembergeko, Galeseko eta Hego Australiako ordezkariekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)