Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatu ditu Zadorra sistemako urtegiak

2015.eko ekainak 30

VG 2015eko ekainaren 30ean

Gobernu Kontseiluak Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatu du Zadorra sistemako urtegi-gunea. Hain zuzen, Araba eta Bizkaiko Lurralde Historikoen artean dago eremu hori. KEBaren mugak bat datoz Europako Batzordeak Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoen Kontserbatzeko Eremu Berezien zerrendarako jasotako mugarriztatzearenarekin.

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik hau adierazi du: «Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basa-fauna eta -florako espezieak ondo kontserbaturik iraunaraziko ditugula bermatzen du arauak».

1997ko abenduaren 23ko, 2000ko azaroaren 28ko, eta 2003ko ekainaren 10eko bileretan hartutako Erabakien bidez, gobernu-kontseiluak Hegaztiak Babesteko 6 Eremu Berezi (HBEB) izendatu zituen, eta 52 eremu proposatu Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) zerrenda: Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoa. BGL horietako bat da, hain zuzen, Zadorra sistemako urtegiak izeneko gunea.

Zadorra-sistemako urtegietan, zerrenda gorrietan eta erkidego edo eskualdeko katalogoetan sartutako hainbat espezie aurki ditzakegu. Halaber, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartuta dago gunea bera, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL). Zadorra-sistemako urtegiak Euskadiko barne-hezegune garrantzitsuenetakoak dira: uretako hegaztiek hibernatzeko eta bertan ugaltzeko aproposak dira eta, hegazti askorentzat, aukera bikaina da migratzen ari direnean atseden hartu eta elikatzeko. Hegaztiez gain, aipatzekoak dira bertan aurki daitezkeen beste espezie batzuk, esate baterako, bisoi europarra (Mustrela Lutreola), igaraba (Lutra lutra), igel arina (Rana dalmatina), eta apo pintatu iberiarra (Discoglossus pictus); interes bereziko eremua da baita ere, naiadearen (Unio elongatus, Anodonta anatina eta Potomida littoralis) kontserbazioari begira.

Bi dira ur-habitat nagusiak: batetik, ur geldiak (edo korronte geldokoak), landaredi flotatzailearekin; bestetik, ur-lehorreko landareak dituzten aldi baterako urmaelak. Belardi ugari daude, halaber, eta Batasunaren intereseko hainbat habitat mota osatzen dituzte. Nabarmentzekoak dira kareharriko substratuen gaineko belardi orkideadunak, lehentasunezko habitata eta adierazgarriak direlako oso. Basoetako habitaten barruan, sahastiak eta ibaiertzeko haltzadia dira aipagarrienak.

Ana Oregi sailburuak esan duenez, «Zadorrako sistemako urtegiek balio handiko ekosistema bat osatzen dute. Oro har, Euskadiko barne-hezegune garrantzitsuenetakoak dira, uretako hegaztiei hibernatzeko eta bertan ugaltzeko aukerari dagokionez».

Zeregin garrantzitsua dauka, gainera, hegaztien migrazioan: espezie askori atseden hartzeko gunea eskaintzen die, eta elikatzeko aukera ematen. Senadietan eta sakonera txikiko ur-hondoetan ur-landaredi oparoa hazten da. Uribarri Ganboa urtegian aurki daitezke batez ere espezie horiek; interesgarriak dira oso, ez direlako oso ohikoak Euskal Autonomia Erkidegoan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ARAUDIslp
    2015.eko uztailak 01

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco designa Zona Especial de Conservación a los Embalses del sistema del... http://t.co/NwVeaOuHBA

  • @v_en_c
    2015.eko ekainak 30

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco designa Zona Especial de Conservación a los Embalses del sistema del Zadorra http://t.co/IOyniKfKCG

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)