Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Bioman 2015 kanpainako datuek Bizkaiko golkoan antxoaren biomasa emaitza onena izurtzen dute 1987an azterketak hazi zirenetik

2015.eko ekainak 26
  • AZTIk lortutako datuen arabera, espeziearen populazioa 142.000 tonatik gorakoa da
  • Antxoa-populazioa udaberrian kalkulatzen duten azterketa zientifikoek espeziearen errekuperazio garrantzitsua egiaztatzen dut
  • Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek esan du euskal arrantzaleen ekonomiako “euskarrietako bat” dela antxoaren arrantza

Bizkaiko golkoko antxoaren biomasa 1987tik, hau da, txosten zientifiko horiek egiten hasi zirenetik, bere momentu onenean dagoela berretsi dute Bioman 2015 kanpainako emaitzek. Haien arabera, 142.000 tonakoa da behin-behineko indizea. Bioman kanpainek neurtzen dute zenbateko antxoa-populazioa dagoen udaberriaren bukaeran eta aurtengo emaitza positiboak espeziaren berreskurapen garrantzitsua egiaztatzen dute. AZTIk egin du azterketa, itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoak, Arrantza Tokietako Laginketei buruzko Europako Araudiaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Europako Batzordeak eskatuta. Bestalde, Itsas Idazkaritza Nagusiak kanpainan erabilitako Emma Bardán ontzi ozeanografikoetako bat utzi du.

Aurtengo udaberriko kalkuluak aise gainditzen ditu 2014ko datuak (89.000 tona), eta egiazta dezake biomasaren azken kalkulua handiagoa izango dela mugako biomasa baino (21.000 tona).

Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (CIEM/ICES) zehaztuko du stockaren azken kalkulua. AZTIko zientzialariak foro horretan parte hartuko dute, eta haien ekarpenak kontuan hartuko dira Europako Batasunak 2016ko denboraldirako zehazten duen harrapaketa onargarrien totalean (TAC).

Gaur goizean, Bioman 2015eko datuak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Arrantzako zuzendari Leandro Azkuek eta AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok. Sailburuordeak esan du “lankidetzaren eta jardun egokiaren eredu” dela administrazioek, komunitate zientifikoak eta arrantza-sektoreek egindako lana, eta aukera ematen duela “normalizazio-bidean jartzeko arrantza-jarduera hori eta hari lotutako jarduera ekonomiko guztia”.

Bittor Orozek esan du antxoa dela euskal arrantzaleen ekonomiaren “ardatzetako bat” eta “interes komertzial handiena” duten espezieen artean dagoela. Sailburuordeak jakinarazi duenez, maiatzaren 31ra bitartean, “euskal flotak 12.107 antxoa tona lehorreratu ditu; haren lonjako batez besteko prezioa 0,40 euro/kg-tik 13,37 euro/kg-ra bitartekoa izan da, eta salmenta-balio totala, berriz, 20,5 milioi eurokoa”.

Eragin ekonomikoa “itsasoko lanetik harago”

Arrantza-jarduera horri lotutako enpleguari dagokionez, Bittor Orozek hau zehaztu du: “131 itsasontzik lehorreratzen dute antxoa euskal lonjetan, eta ontzi horietatik 50ek EAEn dute basea; beraz, ontzietako bertako 1.960 enplegu daude, eta haietatik 750 basea Euskadin duten ontzietakoak dira”. Sailburuordeak nabarmendu duenez, antxoaren arrantza-jarduera “itsasoko lanetik harago doa”.

Antxoari lotutako eragin ekonomikoaren inguruan, Bittor Orozek kontserba- eta elikagai-industriaren rola azpimarratu du, zeinak EAEn 1.550 bat enplegu izatea ekarri baitu. Sailburuordeak, halaber, euskal portuetan lan egiten duten 60 saregileen lana nabarmendu du: “Haien lana ezinbestekoa da arrantza-jarduerak funtzionatzeko eta hura antolatzeko”.

Bittor Orozen hitzetan, aipatutako datuek agerian uzten dute hau: “Oso garrantzitsua da EAErentzat antxoa modu jasangarrian ustiatzea, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai baliabide natural horren kudeaketaren ikuspuntutik”.

Biomasa eguneko arrautza-ekoizpenaren arabera kalkulatzea

Bioman 2015 kanpaina zientifikoa maiatzean egin da. AZTIko teknikariek hainbat azterketa eta laginketa egin dituzte antxoa ugaltzeko eremu guztian, eta horrek aukera eman du espezie horrek Bizkaiko golkoan duen biomasa kalkulatzeko, eguneko arrautza-ekoizpenaren metodoaren bidez.

AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok hau azaldu du: “Bioman udaberriko kanpainaren osagarri, Juvena udazkeneko kanpaina egingo da. Azken horretan, zientzialarien helburua da golkoko uretako antxoa gazteak aztertzea; hau da, jakitea zenbat arrautza irits daitezkeen gazte izatera”. Hala, zientzialariak gai izango dira hurrengo urtean heldua izango den populazioaren erreklutamendua aurreikusteko eta antxoaren harrapaketa onargarrien gomendioak (TAC analitikoak) garaiz egiteko.

Antxoaren biomasaren behin betiko kalkulua CIEM/ICESen egingo da, kontuan hartuta, batetik, Bioman 2015 eta Pelgas 2015 kanpainetan lortutako emaitzak (AZTIk eta IFREMER Itsasoa Esploratzeko Frantziako Institutuak egin dituzte kanpaina horiek, hurrenez hurren); bestetik, Juvena 2015 kanpainaren emaitzak (AZTIk datorren irailean egingo duen kanpaina) eta, azkenik, Espainiako eta Frantziako flotek egindako harrapaketetatik lortutako informazioa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozo