Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren zenbatespenen arabera, udako operazioan 3.350.000 ibilgailuk ere zirkulatu lezake EAEtik

2015.eko ekainak 26

Ibilgailu-trafiko handiena uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran espero da

Segurtasuneko sailburuordeak, Josu Zubiagak, eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren (ETKZ) arduradunak, Jon Aizpuruak, gaur aurkeztu dituzte, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak udako hiletan abiaraziko duen operazio bereziaren ezaugarriak; zenbatespenen arabera, 1.725.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi –iaz baino 50.000 ibilgailuk gehiagok– eta zirkulazioa errazteko jarriko dute operazioa martxan. 

Azken hilotako ibilgailu-fluxuetan eta 2014ko udako operazioaren emaitzan oinarritu da Trafiko Zuzendaritzaren zenbatespena, zeinaren arabera, iazko zifra gaindituko baitu penintsulako hegoaldera bidean Euskadiko errepideetatik igarotzen den nazioarteko trafikoak. Igarotzen ari diren ibilgailuei tokiko joan-etorriak gaineratuz gero, 3.350.000 ibilgailuk ere zeharkatu litzake euskal errepideak.

Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatzen dira ibilgailu-mugimendu gehienak. Dentsitate handia espero da uztailaren 24aren (ostirala) eta 25aren (larunbata) artean; are handiagoa oraindik, uztailaren 30aren (osteguna) eta abuztuaren 2aren (igandea) artean. Itzuleran ez direnez eskuarki hainbeste ibilgailu metatzen, espero da antzeko dentsitatea izatea abuztuko bigarren hamabostaldiko asteburuetan.

Trafikoko Zuzendaritzak bost zati jarraituko ditu arreta bereziz: A-8ko Kantabriaranzko irteeran; Behobiako mugaldean; AP-8tik AP-1erako sarbidean; AP-1 autobidea/N-622 autobia eta N-622tik A-1 autobiarako sarbidearen arteko lotunean, Gasteizen; eta, azkenik, A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñónen.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateekin batera lan egiten ari da. Eta dagoeneko egin ditu koordinazio-bilerak Ertzaintzarekin, Foru Aldundiekin eta Autobideekin.

Gipuzkoan, AP-8ak muga zeharkatzen duenekoa da errepide-zati korapilatsuena; izan ere, auto-ilarak eragiten dira han, Frantziako ordainlekuaren ahalmen eskasegia dela eta.

Beste urteetan jarraitutako ildo beretik, harremanak ezarri dira ASFrekin, ordainlekuan fluxua hobetzeko, hala seinaleztapen bidez nola gidariei laguntza emateko langile gehiago ezarriz.

Trafiko Zuzendaritzak berak, Itzulera Operazioan, abuztuko azken hiru asteburuetan, Biriatuko ordainlekua baino 800 bat metro lehenago, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak GPRS bidez kudeatutako seinaleztapen dinamikoko ekipo bat jarriko du, gidariei ordainlekuei buruzko informazioa emateko. Gainera, Trafiko Zuzendaritzak inguruetako Informazio-mezuen Panelak erabiliko ditu trafikoaren egoeraren berri emateko euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nazioarteko joan-etorriak bideratzeko kartelak

Sare nagusiko zenbait puntu estrategikoetan kartelak ipiniko ditu Trafiko Zuzendaritzak gidari atzerritarrei nondik joan adierazi, eta istripuak eragin ditzaketen nahasmenak ekiditeko. Kartelak urrutitik ikusteko modukoak izango dira, horiak eta letra beltzekoak. Portugal eta Algeciras idazkunak izango dituzte, hala nola Portugaleko eta Marokoko banderak. Gipuzkoan ipiniko dira AP-8aren eta GI-20aren arteko bide-banatzean, hala nola Astigarragako lotunean.

Bestalde, ETKZk paneletako seinaleztapen neurriak indartuko ditu, auto-ilara edo arazoei buruzko mezuak emanez, baita ibilgailu astunetarako zirkulazio mugak gogorarazteko oharrak ere. Halaber, azken orduko informazioa Twitter bidez zabalduko da, @trafikoaEJGV erabiltzailearen bitartez, baita APP TrafikoaEJGV gailu mugikorretarako aplikazioaren eta 011 arreta telefonoaren bitartez ere (24 orduko arreta).

Trafiko Zuzendaritzaren web gunean (www.trafikoa.net) Euskadi zeharkatzeko ordezko ibilbideak datozen mapa deskargatu ahalko da. 

Ertzaintzak Trafiko Unitateko 550 kide prest edukiko ditu Irteera eta Itzulera Operazioan parte hartzeko. Araban Miñoien laguntza izango dute. Gainera, egun horietako zirkulazio hazkundearen eraginpean dauden tokietako komisarietako ertzainen laguntza ere jaso ahal izango dute. Era berean, baldintza meteorologikoek ahalbidetzen duten neurrian, Ertzaintzaren helikoptero unitate bat arazo handiak sortzen diren guneetan hegaz egitea aurreikusita dago.

Laser radar berriak

Agerraldi berean aurkeztu dute, bestik, Ertzaintzaren Trafiko Unitateak oraintsu erabiltzen hasi berri diren laser bidezko radar-modelo berria. Hauxe da radarraren ezaugarri nagusia: ibilgailu bat aparkatu ezineko lekuetan ere jarri daiteke, eta, beraz, abiadura-kontrola hedatu daiteke, kontrolpean izateko 30 km/h eremuak, bigarren mailako errepideak eta ikastola nahiz ospitaleen inguruak ere.

Radarra gauza da 1.000 metrora baino gehiagora dauden ibilgailuen abiadurak urrutitik neurtzeko, eta 200 metrotara daudenean argazkiak ateratzeko. Kanpo-elementuek, errepidean sartzean, agente bati edo ibilgailu-trafikoari lekarzkiekeen arriskua murrizten da hala.

Laser bidezko radar berria trinkoagoa da (abiadura neurtzeko laser-unitatea, argazki kamara, bateria eta ukipen-pantaila digitala ditu). Homologatuta dago, tripode batekin edota euskarri finko batekin erabili eta estatikoki neurtu ahal izateko, hala motorretik nola ibilgailu barrutik. Aukera ematen du, halaber, ibili handiko errepideetan modu hautakorrean lan egin, eta ibilgailu arau-hauslea nahasterik gabe identifikatzeko.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    La Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco estima que durante la Operación Verano podrán circular hasta 3.350.000... http://t.co/nY1wvwE4cc

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Aizpurua, Responsable del Centro de Gestión de Tráfico de Euskadi