Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Santiagoko Bideko Adiskideen Elkarteari laga dizkio Debako tren geltokiko lehen eta bigarren solairuak, erromesentzako aterpetxe gisa

2010.eko uztailak 14

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, José María Izagak, Debako Santiagoko Bideko Adiskideen Elkarteko presidenteak eta Jesús Mari Agirrezabalak, udalerri horretako alkateak, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, udalerri horretako tren geltokiko eraikinaren lehen eta bigarren solairuaren erabilera lagatzeko, erromesentzako aterpetxe gisa erabili ahal izateko. Ekimen horri esker bultzatu ahal izango da bidea Debatik igarotzean, eta hobetu kontserbatu ahal izango da. Horrez gain, herriaren ondare historikoa eta kulturala defendatu eta kontserbatu ahal izango dira.

Udalak zein Santiagoko Bideko Adiskideen Elkarteak aurretik ere erakutsia zuten erromesen aterpetxe gisa erabili ahal izango ziren eraikinak erabili ahal izateko interesa, eta geltokiko higiezina toki egokitzat hartu zen, bere kokagunea eta ahalmena dela eta, izan ere, goiko solairuek gaur egun ez baitute inolako erabilerarik, ez trenarekin lotutakorik ezta bestelakorik ere.

Hitzarmenak xedatzen duenez, Arakistain plazaren 6an dagoen eraikinaren berriztatze eta egokitzapen lanak Udalaren kontura izango dira, eta ezin izango dute eraginik izan higiezinaren egituran. Halaber, Udalaren esku egongo dira, baita ere, eraikina kontserbatzeko eta mantentzeko lanak, eta jarduera horiek zergen ordainketatik salbuetsita egongo dira. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea Erakunde Publikoak, eraikina berreskuratzeko eskumena izango du, tren erabilerarako beharrezkoa balitz.

Debako Santiagoko Bideko Adiskideen Elkarteari dagokionez, Udalarekin elkarlanean aritu beharko da berriztatze proiektuaren idazketan, eta haren finantzaketan ere parte hartu behar izango du. Halaber, talde hori izango da eraikinaren lehen eta bigarren solairuaren kudeaketaz arduratuko dena.          

Hitzarmena hamar urtez egongo da indarrean, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da.                                       

Debako udaletxean burutu den sinadura ekitaldiaren ondoren, sinatzaileak Debako geltokira joan dira, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak inguru horretan azken hilabeteetan burutu dituen hobekuntza lanak bisitatu ahal izan dituzte.            

Debako Udalarekin hitzezko akordioa lortu ondoren burutu diren jarduketen artean azpimarratzekoak dira geltokiko atari solairuaren egokitzapen eta hobekuntza lanak. Lan horiengatik Eusko Jaurlaritzak 41.000 euro ordaindu ditu. Lan horien barruan sartu diren lanen artean saneamendua, konponketa lanak eta barruko hormak margotzea, kanpoko arotzeria eta markesinako zertxak eta pletinak daude. Egoera txarrean zeuden zorrotenak ere aldatu dira.

Arriola buru den Sailak eraitsi egin du geltokiko eraikinari erantsita zegoen lokala, eta zoruak egokitu ditu. Halaber, komun publikoetarako erabiltzen zen higiezinaren kanpoaldea hobetu du, eta inguru guztiari zabalera eta uniformetasun handiagoa eman dio.

Trenbidearen jabari publiko gunean, trenbideak zeharkatzen dituzten eta hondartzara joateko erabiltzen diren azpialdeko igarobideak seinalatzen dituzten metalezko elementuak saneatu eta margotu ditu. Halaber, inguruetan dauden ezpondak lorategi bilakatu dituzte, alboan dagoen zumardiak eratzen duen inguruarekin bat eginez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, Garraio Sailburua, eta Debako Alkatea