Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Frantziako hamar mila nautikazalek udan Euskadiko kirol portuetan porturatzeko Passeport Escales gonbita jasoko dute gaur

2015.eko ekainak 25
  • Euskadiko Kirol Portuak erakundeak (EKP) udalak eta kirol- nahiz kultur-arloko erakundeak izango ditu lagun «Cet été: Pays Basque ou Galice?»jai-ekitaldiak iragartzeko
  • Cet été: Pays Basque ou Galice?”

 

VG 15 06 25

Gaur, osteguna, Bizkaiko Golkoko eta Kantauriko portuak ezagutzeko gonbita jasoko dute Frantziako 10.000 nautikazalek baino gehiagok. Passeport Escales itsas-erakundeak bidali du gonbidapena, posta bidez, honako hau galdetuz: «Cet été: Pays Basque ou Galice?». Hauxe da haien proposamena: nahiz Euskadiko kostan zehar –Hendaia, Hondarribia, Getaria, Orio, Zumaia eta Mutriku–, nahiz Galiziakoan –A Coruña, Viveiro, Muxia eta Muros– nabigatzea. Portu horiek nazioarteko sarean baitaude, eta amarratzeko baldintza bikainak eskaintzen dizkiote itsas turismoari.

 

 Passeport Escales sarearen webean aurki daiteke euskal kirol portu guztiei buruzko informazioa, eta, udak aurrera egin ahala, hortxe iragarriko dira portuotan antolatuko diren ekitaldiak ere. Nautikazaleek «Retour au bassin de navigation» atalean klikatzean, sareko kirol portuak ikusiko dituzte, toki bakoitzeko eskaintza eta ekitaldiei buruzko informazioarekin.

 

EKPko zuzendari Edurne Egañak azaldu duenez, «Jai-ekitaldiak iragartzeko, Euskadiko Kirol Portuak erakundeak (EKP) udalak eta kirol- nahiz kultur-arloko erakundeak izango ditu lagun. Haiek passeportescales@passeportescales.com helbidera bidaliko dituzte iragarkiak, ahal dela, frantsesez; izan ere, helburua da Frantzian kontsultatzen dutenei jakinaraztea informazioa».

 

«Passeport Escales programaren barruan, Frantziako 100 itsasontzitik gora egiten dute eskala gaur egun EKP-k kudeatutako euskal kirol portuetan. Iaz, lehen aldiz abiarazi zenean sasoi honetan zerbitzua, 15 eskala egiten ziren. Alde txikia, ezta? Ikusiko dugu nola doan uda aurrerantzean; egia esan, Atlantikoko turismo nautikoak itsaso zabala dauka aurretik eta ekarpen handia dakarkie gure kostako herriei", adierazi du Edurne Egañak.

 

INFO DOKU +

Hondarribiko, Orioko, Getariako eta Mutrikuko portuak sartzen dira Passeport Escales sarean. Portutik portura nabigatzen diren kirol-ontziei, gauak doan igarotzeko aukera eskaintzen die sareak, duela hogeita hamar urtetik baino gehiagotik hona. 

 

Bidaiariek fluxu ekonomiko handia eragiten dute, portu bakoitzeko kaietatik kanpo gehienbat: ostalaritzan eta merkataritzan, oro har. Bidaiari horiek portuetan ordaintzen dutena gutxienekoa da, ostalaritzan, erregaian eta bestelako horniduretan gastatzen dutenarekin alderatuta.

 

Morbihan-eko Kontseilu Nagusiaren mendeko den Compagnie des Ports du Morbihan (SAGEMOR) enpresa publikoak duela 30 urte sortu zuen Passeport Escales sarea, kirol-portuak kudeatzeko. Passeport Escalesek sareko beste kirol-portu batzuetan gauak doan igarotzeko aukera eskaintzen die bezeroei, sarearen kudeatze-sistemaren arabera.  Hasierako urteetan, Sagemor-eko portuetan baino ez zuen balio sistemak; gerora, beste zenbait enpresak kudeatutako kirol-portuetara ere zabaldu zuten.

 

Gaur egun, 90 bat portuk osatzen dute sarea eta 2013an 140.000 gaualdi kudeatu zituzten, guztira. Portuak Europako aurrealde atlantikoan kokatuta daude: Bretainian, Normandian, Iparrean, Akitanian, Britainia Handiko hegoaldeko kostaldean eta, orain euskal eta galiziar kostaldeetan ere bai. Mediterraneoan beste bi portu ere badira.

 

Passeport Escales sareak gida bat argitaratzen du eta portuetan doan banatzen da. Sareari, sarea osatzen duten portuei eta nabigazio-inguruei buruzko informazioa eskaintzen du. Webgune bat ere badu (www.passeportescales.com) eta bezeroek portuetako egonaldiari buruzko iruzkinak egiten dituzte. Mugikorretarako aplikazio bat eta aplikazio informatiko bat ere sortu dituzte, iragaitzazko bidaiariak kudeatzeko. Zenbait portutan, aplikazio hori portuaren kudeaketan bertan txertatuta dago. Hizkuntzaren aldetik, frantsesa eta ingelesa erabiltzen dituzte oinarritzat.

 

Sistemari esker, portuek bidaiarien plazak modu eraginkorragoan kudea ditzakete. Beste portu batzuetan gaualdiak doan lortu ahal izateko, bezeroak itsasketari ekin aurretik jakinarazi beharko du oinarrizko portuan, eta horrela portuan badakite toki bat bidaiarientzat erabilgarri egongo dela. Sistemaren beste helburu bat da portuen artean aisialdiko nabigazioa sustatzea. Kasu askotan, portuak itsasontzien «garaje» bihurtzen dira eta itsasontziak hilabeteak egon daitezke mugitu ere egin gabe; beraz, itsasontzi horiek nabigatzera atera daitezen animatzea da kontua.

 

EKP-Euskadiko Kirol Portuak erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dago; erakunde horrek sareko edozein portutan bost gau doan igarotzeko aukera eskaintzen die bezeroei, bai eta doako beste bost gau ere EKPk kudeatzen duen edozein portutan.

 

Funtzionamendua.

Sarearen helburua portuen artean nabigazioa sustatzea da eta, aldi berean, iragaitzazko plazen kudeaketa ahalbidetzea. Bezeroak abantaila bat du: gaualdi kopuru jakin bat doan. Lehenik, portua sareari atxiki behar zaio. Gero, portu horrek erabaki behar du doako zenbat gau (gutxienez 5) eskainiko dizkien bezeroei beste portu batzuetan, eta txartel magnetikoak erosi beharko ditu; txartelak izendunak dira eta itsasontziari loturik daude. (Adibidez, Sagemor eta MDL enpresak doako 5 gau eskaintzen dizkiete bezeroei sareko edozein portutan).

 

Portuak txartel magnetikoak ematen dizkie interesa duten bezeroei. Bezeroek abiatuko direla jakinarazi behar dute, nahitaez, oinarrizko portuan (hartara, portuan badakite plaza hori libre egongo dela denbora batez eta erabili ahal izango dute). Bezeroa eskala-portura iristen denean, kapitaintzan jakinarazi behar du txartela erabiliko duela, gau hori doan izateko. Eskala bakoitzeko gehienez bi gau igaro daitezke, nabigazioa sustatzearren. Eskala-portuak oinarrizko portuari fakturatuko dizkio gau horiek; fakturazioa sarearen bidez egiten da, eta sareak zenbatekoaren % 5 eskuratzen du.

 

Itsas turismoa, Europako potentziala

Europako batzordea itsas turismoak eskaintzen duen potentziala lantzen ari da; izan ere, enplegua sortzen du, kultura-elkartrukeak sustatzen ditu eta kostaldeko herrietan garapen ekonomikoa eragiten baitu. Hego-mendebalde atlantikoan turismo mota horren gorakada sumatzen da Frantziako, Holandako, Belgikako, Britainia Handiko, Danimarkako eta Alemaniako bandera duten itsasontzietan, baina Bidasoaren alde bietako euskal portuak ia beteta daude amarradurei dagokienez.

 

2001. urtean, Espainian, 254 kirol-portu eta 83.853 amarradura zeuden, eta eskaintzaren bi heren pasatxo Mediterraneoko arroan metatuta zegoen. Balear Uharteetan kirol-portuen kopuru osoaren % 25 biltzen da eta amarralekuen %22tik gora. Hala eta guztiz ere, udan, eskaria eskaintza baino handiagoa izaten da eta bidaiarientzat ez da behar beste amarradurarik izaten. Valentziako Erkidegoa bigarren postuan dago portuei dagokienez, eta Katalunia hirugarrenean (portuen guztizkoaren % 16,9), baina amarradura kopuru handiena Katalunian dago. Dena den, zenbait tokitan (Costa Bravan, esaterako), amarradura kopurua ere eskas geratzen da udan izaten den bidaiarien eskaerari aurre egiteko. 

 

Hainbat txostenen arabera, Txarter Nautikoa, Kirol Arrantza eta Estazio Nautikoak dira etorkizun handieneko produktuak. Txarter Nautikoaren (alokairuko itsasontzi txikiak) eskaintza berria dela esan dezakegu, baina finkatzen ari da, batik bat, Mediterraneoko kostaldean; eskaria etengabe hazten ari da, urtean % 5etik % 10era bitarte. 2001. urtean 1579 itsasontzi zeuden matrikulatuta hirugarrenei alokatzera bideratutako itsasontzien 6. zerrendan; horrek esan nahi du aurreko urtearekin alderatuta % 57,9ko hazkundea izan zela.

 

Txarter Nautikoak penintsulara igortzen dituzten herrialdeak ondorengoak dira, garrantziaren arabera ordenatuta: Alemania, guztizkoaren erdiarekin, Espainia (% 15), Frantzia (% 10), Austria eta Suitza (% 10), Italia (% 5), Europako Iparraldeko herrialdeak eta Erresuma Batua (% 5), Estatu Batuak eta beste batzuk (% 5).

 

Kirol-arrantza ere erakargarria izaten da nabigaziorako, eta batik bat Andaluzian, Balear Uharteetan, Katalunia eta Levanten, Kanarietan, Kantaurialdean eta Euskal Herrian egiten da.  Estazio Nautikoei dagokienez, produktu berria da: eskaintza turistikoa eta uretako kirol-jarduerak uztartzen dituzte. Gironan L’Estartit, Tarifa (Cádiz) eta La Manga (Murtzia) dira Estazio Nautiko garrantzitsuenak.  Hendaia ere horren adierazgarri da

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, anderea