Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko ekosistemen %46k intsektu polinizatzaileen populazioa iraunarazteko ahalmen handia dauka

2015.eko ekainak 25

VG 15/06/25

UPV/EHUren UNESCO katedrak egiten ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, "Euskadiko ekosistema Zerbitzuen Ebaluaketa" proiektuko lan eta azterketak: lanotan adierazi denez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemen %46 egokia izan liteke bertan intsektu polinizatzaileak ezartzeko, habiak egiteko tokiak eta elikatzeko baliabide ugari eskaintzen dituztenez.

 

Gloria Rodríguez Loinazek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biologia Begetal eta Ekologikoko Saileko irakasleak, honako hau zehaztu du: «Ekosistema horiek baso naturalez osatzen dira nagusiki, %40 hartzen baitute; belazeek, berriz, %27, eta txilardi eta sastrakek, %11. Neurri batean, baso-sailek inguruei laguntzen diete: halakoen artean, eukaliptoz osatutakoak dira garrantzitsuenak, elikatzeko baliabide ugari eskaintzen dutelako».

 

Intsektuek egindako polinizazioa giltzarri da planetan bizitza iraunarazteko, horren baitan baitaude bai natur-sistemak, eta bai munduko elikagai-ekoizpenaren hein handi bat ere. Hala ere, beherabidean dira intsektu-populazioak, hainbat faktoreren ondorioz. Hori dela eta, ezinbestekoa da, populazioen kontserbazioari eta errekuperazioari begira, neurriak hartzea.

 

Egin berri diren azterketek baieztatu dutenez, Europa osoan ari da beheratzen polinizatzaile-populazioen gainbehera. Polinizatzaileentzako habitat egokiak – hau da, habiak egiteko eta elikatzeko baliabideak aurkitzeko aukera ematen dietenak– galtzen eta zatitzen ari dira, eta, besteak beste, horrexek zailtzen du komunitate eta espezie horiek iraunaraztea. 

 

«Gure lurraldeko intsektu polinizatzaileen populazioak iraunarazteko, gako da Euskadin zehar sakabanatutako baso natural, belaze eta txilardiak zaintzea eta behar den bezala kudeatzea. Ezinbestekoa da gainerako ekosistemen kudeamoldeak aldatzea: adibidez, pestizida gutxiago erabiltzea, intsektuen populazioen gaineko presioa gutxitzeko, bai eta laboreak dibertsifikatzea ere, polinizatzaileei elikagai-aukera handiagoa eskaintzeko» adierazi du Amaia Barredok, Ingurumen Plangintzako zuzendariak, Unesco/UPV-EHU katedraren lana goraipatuz orobat.

 

"Kontu honek kezka handia sortzen du Europar Batasun guztian, bereziki, erleen zereginari dagokionez; izan ere, erle-populazioek behera egin dute eta horrek kaltea dakarkio gure ekosistemaren aberasgarri den polinizazio-lanari" gaineratu du Amaia Barredok.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gloria Rodríguez-Loinaz