Berriak Osasuna
Eu

Michel J. Fox Fundazioak diruz lagunduko du Biocrucesen eta Deustuko Unibertsitatearen proiektua, parkinsona duten pazienteei neuroirudia egiteko.

2015.eko ekainak 24

 

  • Ikertutako pazienteen artean, alfa-sinukleina genearen E46K mutazioa —mutazio horrekin, gaixotasuna bortitzagoa egiten da— talde bat dago.
  • 67.000 euroko laguntza jaso du proiektuak.
  • Irudi medikoaren probekin, era ez-inbasiboan azter daiteke zein zerikusi duten sintoma bisualek eta kognitiboek erretinaren eta garunaren alterazioekin.
  • Proiektuak estatuko laguntza bat ere jaso du, 31.000 eurokoa, Karlos III.aren Ikerketa Institutuak emana.
  • BioCruces sortzeko, beharrezkoa izan da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak ikerkuntza biomedikoaren alde egitea; berriki, Karlos III.a Institutuaren ziurtagiria lortu du, eta ikerkuntza sanitarioko elitearen parte da orain.

 

Medikuz eta neuropsikologoz dago osatuta ikerkuntza proiekturako Michael J. Fox fundazioak 67.000 euro eman dizkion taldea; proiektuaren buru, berriz, hauek daude: Juan Carlos Gomez-Esteban, Biocruces Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldekoa, eta Natalia Ojeda del Pozo, Nahasmendu Neurologiko eta Psikiatriko Larrien taldekoa. Proiektua aurten jarri dute martxan, eta haren helburua zera da: irudi-proben bitartez, ikusmenaren alterazioaren eta arazo kognitiboen arteko harremana aztertzea parkinsona duten pazienteengan.

Ikertutako pazienteen artean, alfa-sinukleina genearen E46K mutazioa daraman talde bat dago; mutazio hori alterazio genetiko bat da, gaixotasuna bortitzagoa egiten duena eta sintoma bisual eta kognitibo nabarmenak dituena. Mutazioaren deskripzioa, lehenengoz, euskal familia batean egin zuten, 2004an, Juan Jose Zarranzek, Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak eta Juan Carlos Gomez-Estebanek.

Sintoma bisualak arruntak dira Parkinson-en gaixotasunean; bereziki, aluzinazio bisualak eta nahasmendu bisual-espazialak; horiek narriadura kognitiboekin eta dementziarekin lotu izan dira. Irudi medikoen probei esker, orobat garunaren erresonantzia magnetikoei eta erretinaren koherentzia optikoko tomografiari esker, posible da era ez-inbasiboan aztertzea zer zerikusi duten sintoma bisualek eta kognitiboek parkinsona duten pazienteen erretinako eta garuneko alterazioekin. Hain zuzen, gaur egun, garuneko leihotzat hartzen da erretina; izan ere, horko alterazioek, Parkinson-en gaixotasunean eta bestelako gaixotasun neurologikoetan —hala nola esklerosi anizkoitzean eta Alzheimer-en gaixotasunean— ageri direnek, lotura estua dute gaixotasun horiek garunean eragiten dituzten aldaketekin. Horregatik guztiagatik daude ikerkuntza-taldearen zutabeetan Iñigo Gabilondo doktorea —mediku neurologoa eta doktoretza-ondoko ikertzailea, gaixotasun neurodegeneratiboetako sistema bisualaren neuroirudien ikerketan espezializatua— eta Marta Galdos doktorea —Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuko oftalmologoa—.

Michael J. Fox aktoreak 2000. urtean fundazio bat eratu zuen bere izenarekin tratamendu bat aurkitzeko Parkinson-en gaixotasunari. Irabazi asmorik gabeko entitate hori erreferentea da mundu osoan, Parkinson-en gaixotasunaren ikerkuntza finantzatzeko.

Proiektuaren ondorioak, dagoeneko datu guztiak jasoak eta gaur egun emaitzen analisia egiteko fasean daudenak, urtearen amaieran jakinaraziko dira Nueva Yorken, Michael J. Fox Fundazioaren urteroko konferentzian.

Proiektuak estatuko laguntza bat ere jaso du, 31.000 eurokoa, Karlos III.aren Ikerketa Institutuak emana.

Proiektuan, ASPARBI Bizkaiko Parkinson Elkarteko bazkideen laguntza izango dute; orobat aztertuko dira Parkinson-en gaixotasuna familiatik ez datorkien (hau da, ez-genetikoa duten) pazienteak eta kontrol osasungarriak.

BioCruces, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren apustua ikerkuntza biomedikoaren alde

BioCrucesek, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces Erakunde Sanitario Integratuko Ikerketa Sanitarioko Institutuak, Karlos III.a Institutuaren ziurtagiria jaso zuen orain dela gutxi. Horrek bultzada eman zion Osasun Saila eta Osakidetza ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde egiten ari diren apustuari; izan ere, ikerkuntza biomedikoaren elitean kokatu du institutua.

Alde horretatik, berriki, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek esan du Sailak eta Osakidetzak jarraituko dutela ikerketa sanitarioaren eta euskal ikertzaileen alde egiten, zeren eta "ez dugu irudikatzen Europara begira dagoen eta pertsonen osasuna zaintzen duen Euskadi aurreratu bat etengabe ikerkuntza eta berrikuntza sanitarioaren alde egin gabe".

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Komunikazio Bulegoa – 94 600 6428


 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    Fundación Michel J. Fox apoya el proyecto de neuroimagen en pacientes con parkinson realizado por Biocruces y UD http://t.co/SVOg4F2nTl

  • @biocrucesHRI
    2015.eko ekainak 25

    Comentario de Twitter:
    Fundación Michel J. Fox subvenciona proyecto neuroimagen pacientes con parkinson realizado @biocrucesHRI y @deusto
    http://t.co/y5VGElzL0e

  • @HUAospitalea
    2015.eko ekainak 25

    Comentario de Twitter:
    La Fundación Michel J. Fox subvenciona el proyecto de neuroimagen en pacientes con parkinson realizado por Biocr... http://t.co/cbYvGlrjx4

  • @HUAospitalea
    2015.eko ekainak 25

    Comentario de Twitter:
    Michel J. Fox Fundazioak diruz lagunduko du Biocrucesen eta Deustuko Unibertsitatearen proiektua, parkinsona dut... http://t.co/5hBa0HnrGk