Berriak Herrizaingoa
Eu

Joko arduratsua sustatzeko kanpaina taberna eta jatetxetako txanpon-makinetara zabaldu dute

2010.eko uztailak 13

 

Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza joko arduratsua sustatzeko kanpaina bat egiten ari da, EAEko ostalaritza sektorearekin elkarlanean. Horretarako, sariak banatzen dituzten txanpon-makinak dauzkaten establezimenduei jokalarientzat aholkuak dakartzan pegatina bat helarazi die. Eranskailu hori makinetan bertan egongo da ikusgai.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak gutun bat bidali die EAEko ostalariei eta Ostalaritza Federazioei, joko arduratsua sustatzeko kanpainan parte har dezaten; Sonia Fernandez Joko eta Ikuskizun zuzendariak aurkeztu zuen ekimena, orain dela gutxi. Kanpainaren baitan, ostalariei (hamar mila inguru) Zuzendaritzak egindako pegatina horiek makinetan jar ditzaten eskatu diete.

Eranskailuan kanpainaren ardatzaren berri ematen da: joko arduratsuaren aldeko apustua egiten da eta jokalariei ludopatiaren eraginak azaltzen zaizkie; gaixotasun horrek gaixoaren eta bere familiaren ingurunea hondatzen du. Testuak aholku eta gomendioak plazaratzen ditu, jokalaria mendekotasun kontrolaezin batean eror ez dadin.

Pegatinak laguntza-euskarri bat ere badakar; hain zuzen, telefono zenbaki bat (900.840.433) du ikusgai, euren mendekotasunari aurre egiteko laguntza behar dutenek dei egin dezaten.

Era arduratsuan jokatzeko dei egitea da kanpainaren ardatza; hau da, jokoa dibertsioa dela eta ez ihesbidea ohartaraztea, eta ezin dela bizibide bilakatu, ezta kontrola galaraztea ekarriko duen helburu bat ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan