Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua abiarazteko dekretuak onartu ditu. (2015-06-23(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko ekainak 23

Erabakia, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturen zuzendari izendatzeko dena.

Dekretua, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren 2015eko aurrekontua onartzeko dena.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak hainbat akordio onartu ditu gaur, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua abiarazteko; horrenbestez, Eusko Legebiltzarraren mandatua betez. Zehazki, Iñigo Urkullu lehendakaria institutu berriko presidente gisa eta Aintzane Ezenarro zuzendari gisa izendatzeko akordioa onartu du gobernu-kontseiluak. Orobat onartu ditu jarduna hasteko dekretua eta institutuarentzako aurrekontuak zehaztekoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak datorren uztailaren 1ean abiaraziko du bere jarduna, eta Bilbon, Euskadiko Agiritegi Historikoan, izango du egoitza. Aurten, 550.000 €ko aurrekontua izango du erakunde berriak eskuragarri, bai eta sei pertsonak osatutako lantalde tekniko bat ere, Aintzane Ezenarro buruan. Orain arte, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzan, biktimei arreta emateko aholkularia izan da Ezenarro.

Aintzane Ezenarro (Getaria, 1971) Kazetaritzan lizentziaduna da, bai eta Politika Zientzietan eta Soziologian ere, EHUn. Halaber, Oinarrizko Eskubideen eta Botere Publikoen inguruko master bat burutu du, EHUn ere. Elkarri gizarte-mugimenduko aldizkariaren zuzendari-lanetan aritu zen, eta ETBko Políticamente Incorrecto saioko idazle izan zen.

2003an, biktimei lotutako jarduera publikoan hasi zen; lehenbizi, Gipuzkoako Batzar Orokorreko ahaldun gisa, eta, ondoren, legebiltzarkide gisa, Giza Eskubideen Batzordean (2005-2012). Terrorismoko biktimei buruzko Ponentziako kide izan zen; horrez gain, parte hartu zuen terrorismo biktimei aitorpena egiteko Legea prestatzen.

Arrazoi politikoko testuinguruetan egindako giza eskubideen urraketen eta bidegabeko beste oinazeen biktimen ponentzian ere hartu zuen parte, eta Bake eta Bizikidetza Ponentziaren sorrera sustatu zuen 2012an. Ponentzia horretan adostu zen zoru etiko izenekoa. 2013ko ekainetik, eta 2014an aholkulari gisa Lehendakaritzan sartu zen arte, Adi-Adian hezkuntza-moduluari (ikasgeletako biktima-programari) jarraipena emateko eta programa hura sendotzeko ardura izan zuen.

Aurreikusi denez, aurrera eratuko da osoki Zuzendaritza Kontseilua, behin foru-aldundien eta Eudelen ordezkariak izendatutakoan.

*Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua bihar aurkeztuko dute hedabideen aurrean, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernándezek eta Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau