Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernu-Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoa berrantolatzeko eta eraberritzeko Lege-Proiektua onartu du. (2015-06-23(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko ekainak 23

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzeko Lege-proiektua.

LABURPENA

Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta euskal sektore publikoko sailen eta erakundeen aholkularitza juridikoen funtzioak, antolamendua eta egitura arautzen ditu.
Duela 30 urte sortutako araudi bat eguneratzen du, eta zerbitzu juridikoen funtzio bikoitzari heltzen dio: barnekoa, zuzenbide-arloko aholkularitza ematea, eta epaietan Euskal Administrazio Publikoaren eta bertako langileen interesak babestea.
Proiektuak espezializazio berria sortzen du funtzionarioen kidegoan; hain zuzen, Letraduarena, kualifikazio eta konpetentzia maila handikoa.
Legea onartzen denetik aurrera, euskal sektore publikoko zernahi erakundek nahiz entitatek hitzarmen bat sinatzeko aukera izango dute, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiaren laguntza juridikoa jasotzeko eta, hala, baliabide publikoak errentagarriago eta eraginkorrago bihurtzeko.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Lege Proiektua onartu du gaur. Esparru juridiko berri bat izango da, eguneratua, modernoa eta berezkoa, indarreko araudia, duela ia 30 urtekoa, ordezkatzeko (7/1986 Legea, ekainaren 26koa, Euskal Herriko Autonomia Elkartearen Epaietarako Ordezkotza eta Aldezpenari buruzkoa).

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko zerbitzu juridikoak araupetzen eta berrantolatzen ditu proiektuak, hain zuzen, zerbitzuon zeregin bikoitzari helduz: barne-aholkularitza juridikoa ematekoa (kontsulta-funtzioa) eta epaiketetan babesa ematekoa (auzi-funtzioa). Horrenbestez, honako hauei eragiten die arauketak:

Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari: gaur egun, 32 letraduk eta laguntzaileek osatzen dute. Administrazioaren zerbitzu juridiko guztien artean, prestakuntza maila handienekoa da eta gaur egungo Herri Administrazio eta Justizia Sailaren baitakoa da.
Eusko Jaurlaritzako sailen edota euskal sektore publikoko beste erakunde, entitate nahiz enpresen aholkularitza juridikoak: 210 aholkulari juridikok osatzen dute zerbitzu hori gaur egun. Organook honako zeregin hauek egiten dituzte: zuzenbide-arloko aholkuak eman, aginduzko txosten juridikoak egin, irizpenak eman, ebazpen-proposamenak egin, hitzarmenak idatzi, erreklamazioak egin, ofiziozko berrikusketak, administrazio-espedienteak eta gobernu-kontseiluarenak, etab.

Lege motza da: 17 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, indargabetzeko xedapen bat eta bi azken xedapen ditu.

ZERBITZU JURIDIKO NAGUSIA

Legeak finkatzen duenez, Zerbitzu Juridiko Nagusia zuzendaritza-zentro nagusia da. Berau osatzen duten 32 pertsonek Administrazio Publikoko zerbitzu juridiko guztien artean aditu-maila altuena dute, eta letradu zereginak betetzeko gaituta daude. Beraz, aholkularitza-funtzioa betetzeko ez ezik, epaiketetan Jaurlaritzaren interesak nahiz bertan lan egiten duten langileenak defendatzeko ere gaituta dago zerbitzu juridiko hau.

Zerbitzuari dagokionez, testuak honako berritasun nagusi hau txertatzen du: Letradu espezialitatea sortzea, dekretu bidez, funtzionarioen kidegoaren barruan (17. artikulua eta xedapen gehigarria). Hala, prestakuntza-maila handiko zerbitzu horren jarraitutasuna bermatu nahi du Jaurlaritzak, bai eta zerbitzuaren baitako belaunaldi-txandakatzea ere. Letradu espezialitatean, aholkulari juridiko gisa eskarmentu eta prestakuntza handiena akreditatu dezaketen funtzionarioak sartuko dira -lege barruan jasota dagoenez, behin-behineko langile gisa denbora luzea daramatenei ere kontuan hartuko zaie esperientzia-.

Eusko Jaurlaritzako letradu gisa arituko den pertsonala gaituta dago epaiketetan Euskal Administrazio Publikoa defendatzeko, jurisdikzio-instantzia guztietan, Konstituzio Auzitegia eta nazioz gaindiko nahiz nazioarteko organoak barne, bai eta arbitraje-prozeduretan eta prozedura parajudizialetan ere.

Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza juridikoa ematen dio bai Euskal Administrazio Publikoari eta bai sorrera-legean hala xedatzen duen erakunde publiko guztiei ere. Legea onartzen denetik aurrera, gainera, beste euskal erakunde publiko eta ente batzuek -betiere, euskal sektore publikokoak edo partaidetuak baldin badira- elkarlan- eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza eman diezaien. Horrela, orain arte epaiketetako defentsa bulego pribatuei kontratatzen zieten euskal erakunde publikoek eta sektore publikoko entitateek ere zerbitzu publiko hau erabili ahal izango dute. Aukera horrek baliabide publikoei errentagarritasun handiagoa ateratzea, eta hala, irtenbide eraginkorragoak bilatzea, ekarriko du. Zehazki, 2. artikuluaren bosgarren lerrokadan jasotakoaren arabera, Zerbitzu Juridiko Nagusiak honako ahalmen hauek izango ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuetako laguntza juridikoa hartu ahal izango du bere gain, baita merkataritza-sozietateena, fundazio publikoena, partzuergoena eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeena ere.

Halaber, legean, auzi-funtzioaren berezko alderdiak Estatuko abokatutzak edo bulego pribatuek egiten duten modu berean arautzen dira, lehenengo aldiz, ordezkaritzari edo postulazioari, epaiketa-kostei, ekintzen gauzatzeari, kereilak jartzeari, eta abarri dagokienez.

INTERES-GATAZKAK

Epaiketa baten defentsan interes kontrajarriak sortzen badira (8. art.), Zerbitzu Juridiko Nagusiak erakunde publiko edo partaidetuari defentsa ukatu beharko dio. Adibidez, erakunde publiko edo partaidetu bat euskal administrazio publikoaren beraren aurka auzitan badabil.

Era berean, legean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ezingo ditu ez Eusko Jaurlaritzako, ez sektore publikoko erakunde edo enteetako agintariak edo langileak ordezkatu edo defendatu euskal administrazio publikoarekin berarekin interes-gatazka baldin badago (10. art.).

ZERBITZU JURIDIKOEN ARTEKO KOORDINAZIOA

Lege honetan, erregelamendu bidez Koordinazio Juridikoko Batzordea eratzea aurreikusten da (16. art.). Organo berri bat izango da, kide anitzekoa eta espezializatua, eta Zerbitzu Juridiko Nagusiko letraduez gain, sail eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoetako abokatuak ere ordezkatuta egongo dira. Haren helburuak arlo juridikoko jardueren koordinazioa estutzea, elkarri aholkuak ematea, ebazpenei eta prozesu judizialen ondorioei buruzko informazioa partekatzea, jarduera-irizpideak finkatzea... dira.

Gainera, organo eskudunek epaiak gauzatzen dituztenean, Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinarazi beharko diote, interes publikoak defendatu eta babestu ditzan. Halaber, bai Eusko Jaurlaritzari bai euskal administrazio publiko osoko sailei aholkuak emango dizkie eta defendatuko ditu, haiekin etengabe harremanetan egonda.

Lege-proiektu hau egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak gure inguruan existitzen den araudiaren azterketa konparatu bat egin du, eta planteatutako alternatibak aztertu ditu, bai Estatu mailakoak bai autonomia-erkidegoetakoak, eta Euskadirako zerbitzu juridikoen eredu propio eta berezi bat definitzea erabaki du.

Orain, aurreproiektuaren testua Eusko Legebiltzarrari helaraziko zaio, eztabaidatu dezan, eta ondoren, talde parlamentarioek onar dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau