Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Heldu dira Bilboko Metroaren L-3ko lehenengo igarobide errodagarriak

2015.eko ekainak 23

 

Gaur goizeko lehen orduetan hasi dira heltzen, garraio berezietan, Bilboko Metroaren 3. Lineako geltoki batek izango dituen lehenengo igarobide errodagarriak. Horrela, obraren fase berria hasiko da, 2016. urtearen amaieran linea zerbitzua ematen hasteko helburuz.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak 11,5 milioi euroren truke esleitu zion ThyssenKrupp taldeari Bilboko Trenbide Metropolitarreko instalazio kontratuetako bat, L-3ko zenbait geltokitarako 10 igarobide errodagarriren eta 32 eskailera mekanikoren instalazioa eta hiru urterako mantentze lanak, hain zuzen ere.

 

Instalazio horiek Uribarriko, Casco Viejoko, Zurbaranbarriko, Txurdinagako eta Otxarkoagako geltokietara bideratuko dira. Lehengo lau igarobideak Zurbaranbarriko geltokiko Zumaia kaleko kanoian instalatuko dira. Hori izan zen ETS-k otsailean eta martxoan, partaidetzaren aldetik arrakasta handia lortuz, antolatu zituen bisita publiko gidatuetan, interesatuta zeuden pertsonek ikusi ahal izan zuten lekuetako bat.

 

Proiektu honetan segurtasunak lehentasuna du, adimen artifizialean oinarritutako teknologien bitartez. Horrela, joan den apirilean, ThyssenKruppek, Zamudion mugikortasunerako teknologien garapenerako zentroa irekitzeko plana iragarri zuen. Bertan, igogailuen sektorean aplikatu beharreko teknologia berriak ikertu eta garatuko dituzte.

 

Euskotrenek ustiatuko duen 3. lineak tren loturak izango ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari eskainiko dio zerbitzua. Horrela, pertsona horiek trenbide metropolitarreko geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora.

 

Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek, Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute. 3. lineak Bilbo iparraldeko auzoei eskainiko die zerbitzua batez ere, baina Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdira errazago iristeko aukera ere eskainiko die; eta, horrez gain, Txorierrik tren lotura berria izango du metro bateko zabalerako gainerako lineekin, egiten ari den Artxandako tunel berriaren bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko