Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileraren buru izan da

2015.eko ekainak 23

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Cristina Uriarte sailburua buru izan dira gaur arratsaldez Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuak Lehendakaritzan egin duen bileran.

Patronatuaren bileraren hasierako agurrean, kideei esker ona erakusteaz bat, euskal kultura nazioartean kokatzeko Etxepare Euskal Institutuak duen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak. “Badakigu, euskara eta kultura eremu egokiak direla munduari ezaugarri bereizgarriak dituen komunitate bat dagoela helarazteko, nazioartean kokatzeko”, nabarmendu du. “Mundu zabalera ireki behar dugu auzolana, gure kulturan oso txertatuta dagoen ohitura. Ezinbestekoa da Etxepare Institutua, Kanpo Harremanekin eta Euskadi-Basque Country estrategiarekin koordinazio estu baten bidez lanean aritzea”.

Ildo horretan, legealdiaren hasieratik bertatik munduko hainbat hiritara egin dituen bisitetan Etxepare Institutuak egiten duen lanaren lekuko izan dela azaldu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. “Legealdi hasieran Bruselan izan nintzen, eta han zegoen Etxepare Institutua valonoiarrekin gazte musika proiektu bat aurkezten. New Yorkera joan, eta Bernardo Atxaga Katedra gertutik ezagutu nuen. Mexikon UNAMeko arduradunek han lanean dagoen Euskara irakurlearen eginkizuna eskertu zidaten”, kontatu du Lehendakariak. “Uda honetan Boiseko Jaialdian parte hartuko dut eta hara ere iritsi da Etxepareren lana”.

Nazioartekotze horretan adibide eta erronken artean, Donostia 2016 Kultur Hiriburutza hartu du hizpide Lehendakariak. “Adibidea aurrez aurre dugu” –esan du- “Orain Europara eta mundura begira, guztion erronka da Donostia 2016 proiektua, elkarlanaren bidez merezi eta behar den bezala aurrera ateratzeko”, ziurtatu du. “Herri txikia gara eta badakigu aukera berriez baliatzeko elkarlanean aritu behar dugula. Eusko Jaurlaritzaren mezua oso argi azalduko dugu: nazioartekotzea bultzatzea lehentasunezko helburua dugu. Mundu ireki honetan posizioa eta aintzatespena irabazi behar ditugu. Elkanok esango zigun abentura hau ez dela berria gure herrian. Beraz, XXI. mendera egokitutako abentura honetan parte hartzera deitu nahi zaituztet”, esan die Patronatuko kideei. “Euskadik batu egin behar ditu Elkanok esandakoa eta Etxepare Institutuak egindakoa”.

Amaitu aurretik, Institutuaren xedea zein den ere gogora ekarri du Lehendakariak Patronatuaren bileran. “Atzerrian gure hizkuntzaren eta kulturaren enbaxadorea izatea” azpimarratu du lehenik, helburuen artean. “Diziplina guztietako euskal artistak eta industria nazioartean  zabaltzea, euskara eta euskal kulturarekiko interesa zabaltzea, eta azkenik, baita gure herrialdearen errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea ere”.

Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko kideak

Honako kide hauek osatzen dute Etxepare Euskal Institutuaren Patronatua

Iñigo Urkullu

Cristina Uriarte

Marian Elortza

Joxean Muñoz

Olatz Garamendi

Patxi Baztarrika

Carmelo Arzalus

Josune Ariztondo

Iciar Lamarain

Zigor Etxeburua

Koro Navarro

Iñaki Salvador

Koldo Tapia

Jean Etxegoien

Koldo Martinez

Daniel Angel Castillejo

Ignacio Dorronsoro

Idoia Zabaleta

Francisco Valderrama

Jose Antonio Fernandez Gutierrez

Gidor Bilbao

Begoña Pedrosa

Jose Antonio Rodriguez Ranz

Xabi Paya

Andres Urrutia

Iñaki Arteta

Lorea Bilbao

Itziar de Blas

Felipe Juaristi

Iñigo Zabaltza

Aizpea Goenaga

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko ekainak 24

    pues me alegro mucho mi querido @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)