Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak jendaurreko informazioan jarri du Gorbeia Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) izendatzeko proiektua

2015.eko ekainak 19
  • Abuztuaren 19ra arte, euskadi.eus webgunean
  • Gorbeiako KEBaren azaleraren % 70etik gora baso-masez osatzen da

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Gorbeiako naturagunea KEB–Kontserbatzeko Eremu Berezi gisa izendatzeko proiektuari buruzko informazioa eskainiko du, gaurtik, abuztuaren 19ra arte. Arabaren eta Bizkaiaren artean dago kokatuta Gorbeia. Ana Oregi sailburuaren hitzetan, «naturaren, kulturaren eta historiaren aldetik, balio agerikoa duen Euskal Herriko gune bat da».

 

Gorbeiako gunea Atlantikoko eskualde biogeografikoaren barruan sartzen da: hango azaleraren % 62 Arabako Lurralde Historikoari dagokio; gainerakoa, Bizkaiari. «Gorbeia» ES2110009 KEB izendapenerako proposatu den mugarriztapena, hein handi batean, bat dator natura parkearen mugekin.

 

Ana Oregiren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren, arabera, «badira zenbait alde bi mugarriztapenen artean; izan ere, Batasunaren Intereseko Leku (BIL) gisa izendatzeko hasierako proposamena egin zenean (1997), Natura Parkeari ez zegokion eremu bat sartu zen barruan: hain zuzen, Zestafeko (Zigoitia) kontzejuan –Elosuako gunetik hurbil– dagoen eremu bat, eremu interesgarria baitzen haran-hondoko hariztien habitata babesteko».

 

Jendaurrean jarri den dokumentuan, BIL gisa hautatutako eremuaren mugarriztapena doitzea proposatzen da, bai BILaren mugak eta natura-parkekoak bateratzeko, nabariki bat datozen guneetan, eta baita 2000 Natura Sarean sartutako eremu mugakideen mugak doitzeko ere. Doikuntza hori Naturagune Babestuaren mugen egokitzapen gisa hartzen da, ez gunearen mugak zabaltzeko edo murrizteko proposamen gisa.

 

«Batetik, BILaren mugak egokitu dira, katastroko lurzatiekin bateratzeko, Arabako eta Bizkako foru-aldundiekin eta Natura Parkea kudeatzen duten administrazioekin hala adostuta. Horrenbestez, apur bat aldatu da babestutako naturagunearen hedadura» zehaztu du Oregi sailburuak. «Udalen mugetara moldatu dira eremuaren mugak, naturagune babestuaren ingurune guztian; Zigoitia eta Legutioko udal-mugarteetan, bi entitateon udal-mugekin bat etortzeko doitu dira Naturagune Babestuaren mugak».

 

«Era berean, bi Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) mugakide hauen mugarriztapenarekin bat etortzeko taxutu dira BILaren mugak: Zadorraren sistemako urtegienarekin eta Arkamu-Gibillo-Arrastariarekin. Naturagune Babestua zedarritzeko proposamenean, interesgarritzat jo da ez Natura Parkearen ez BILaren parte ez ziren bi eremu ere sartzea,

interesgarriak direlako mehatxupeko fauna eta habitat interesgarriak zaintzeko. Bi eremuok interes handiko urmael bana hartzen dituzte barruan: izan ere, Habitat Zuzentarauak babestutako ornogabe-espezieak bizi dira han. Kukulupadrako urmaela (Altube, Zuiako udalerria) eta La Yeserakoa (Beluntza, Urkabustaizeko udalerria) dira, eta Hezeguneen Inbentarioan sartuta daude biak» erantsi du Oregik.

 

Kukulupadrako urmaelean, 5,3 hektareatan zabaldu da hedadura gutxi gorabehera; La Yeserakoan, berriz, 6,5 hektareatan. Kasu horretan, bai, Naturagune Babestua hedatzeko proposamen gisa hartu da. KEBaren azalera 20.226,4 hektareakoa da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)