Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kultura Ondarea Sariak baditu irabazleak

2015.eko ekainak 19
  • •Sarituak izan dira Getxoko Julio Caro Baroja Institutuak, Laudio Ikastolak eta Donostiako Axular Lizeoak aurkeztutako bideoak
  • Hiru talde irabazleek 7 eguneko bidaia egingo dute Irlandara, herrialde hartako historia eta ondarea ezagutzeko
  • Bilboko Unamuno Institutuan egin den ekitaldian jaso dute saria, eta bertan aurkeztu du nork bere lana

Batxilergoko nahiz Lanbide Heziketako Erdi Mailako Prestakuntza Zikloetako lehen mailan dauden ikaslez osatutako 67 taldek aurkeztu dituzte euren bideoak Kultura Ondarea Sariaren lehen ediziora. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolaturiko sariketa honetako Batzorde Ebaluatzaileak, saria –astebeteko bidaia Irlandara- honako hiru bideo hauei ematea erabaki du:

-       “Surfing our traditional basque boat rebuilding”. Julio Caro Baroja Institutua (Getxo). Aukeratutako gaia: Getxo eta itsasoaren arteko harreman historikoa, eta ontzi tradizionalak berreraikitzea.

-       Orozkoko garrafak”. Laudio Ikastola (Laudio). Aukeratutako gaia: Orozkoko San Antolin jaietako garrafak.

-       Euskara. Axular Lizeoa (Donostia). Aukeratutako gaia: Hizkuntza, herri baten ondare.

 Sari-banaketa eta lan irabazleen aurkezpena

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, irabazleei sariak eman eta diplomak banatzeko ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian, Bilboko Unamuno Institutuan, MoodleMoot Euskadi 2015 jardunaldiaren barruan antolatu den ekitaldian. Bertan, Irabazle gazteek euren bideoak aurkeztu dituzte, aukeraturiko gaiaren zergatia azaldu dute, eta bideoa burutzeko prozesua kontatu.

Bideo sarituak ikusgai daude dagoeneko kulturaondarea.eu atarian:

http://www.kulturaondarea.eu/index.php?option=com_content&view=category&layout=blog&id=92&Itemid=1039&lang=eu

7 egun Irlandan

Hiru talde irabazleetako neska-mutilak datorren ekainaren 23an abiatuko dira Irlandarantz, herrialde hartako kultura ondarea ezagutzera, eta bide batez, ingelesa praktikatzera. Eta luxuzko gidaria izango dute horretarako lagun: Paddy Woodworth idazle, kazetari eta gida turistiko irlandarra.

Sari honek iraungo dituen 7 egunetan zehar, besteak beste, honako leku hauek ezagutuko dituzte: Dublin, eta Irlandaren historia Phoenix Park-era eta Stoneybatter auzora bisita eginez (biak ere hiriburuan kokatuak); Glendalough eta Glenmalure haranak, Erdi Aroko monasterioak eta XVIII mendeko iraultzen oihartzunak ezagutzeko; Wicklow-eko itsasertza, eta bertan berreskuratu diren antzinako basoak; Galway, kultura tradizionalaren nahiz garaikidearen hiria; edo Aran Islands, gaelikoa hitz egiten den eremua eta kultura tradizionalaren azken gotorlekutzat hartzen dena.

Kultura Ondarea Saria

Euskal Kultura Ondarearen gaineko begirada gaztea izan nahi du Kultura Ondarea Sariak. Ikasturte honetan zehar, 3-10 minutu bitarteko bideoak egin  behar izan dituzte parte hartzaileek taldetan antolatuta, eta bideo horietan Kultura Ondarearekin loturiko gairen baten inguruko euren ikuspuntua azaldu. Kultura Ondarea, materiala nahiz ez materiala, zentzurik zabalenean ulertuta. Ikasleek, eurek aukeraturiko gai baten inguruko kontaketa egiteko aukera izan dute, ikus-entzunezko teknikak erabiliz, talde lanean, eta euren ikuspuntu berritzailea eskainiz.

Ekimen honek dituen helburuen artean, Kultura Ondarearekiko sentsibilizazioa piztea dago, gizarteko arlo guztietan, baina bereziki hezkuntzan eta gazteen artean.

Kultura Ondarea Sariaren lehen edizio honetako epaimahaiak zera nabarmendu du: aurkeztu den lan kopuru handia (67 lan, 26 ikastetxetatik), ikastetxeek izan duten parte hartze maila eta inplikazioa, eta batik bat, bideoak egiteko prozesuan zehar irakasleek izan duten funtsezko zeregina.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)