Berriak
Eu

Bavariako ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du lankidetza-esparrua sendotzeko

2015.eko ekainak 18
  • Iñigo Urkullu lehendakariak Beate Merk, Europako Gaien eta Nazioarteko Harremanen ministroa, hartuko du

Bavariako ordezkaritza bat Euskadira bidaiatuko da gaur, Beate Merk, Bavariako gobernuaren Europako Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako ministroa duela buru, harremanak estutzeko eta interes komuneko esparruetan lankidetza sendotzeko. Ministroarekin batera, honako hauek osatzen dute ordezkaritza: Bavariako legebiltzarreko zenbait kidek, Europar Batasunaren aurreko Bavariako Estatu Askearen ordezkari batzuk, eta Bavariako Industria elkartearen eta Nürnberg Merkataritza Ganberaren arduradunak.

Iazko uztailean –SPRIren Alemaniako bulegoa Munichen inauguratzearekin batera– Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, eta Merk ministroak berak hiri horretan sinatutako akordioaren baitan kokatzekoa da bisita. Bidaiaren helburua da Euskadiren eta Bavariaren arteko harremanak sendotzea, bientzako lehentasunezko diren sektore eta esparruetan: besteak beste, I+G+b, espezializazio adimenduneko 4.0 Industria, makina-erreminta, automobilgintza, lanbide-heziketa, ingurumena eta energia. Iaz sinatutako akordioan ere jaso ziren esparruok.

Bavariako ordezkariek, Euskadin dauden bitartean, Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkaria, eta Mikel Antón, Europako Gaietarako zuzendaria, izango dituzte lagun. Ostiral goizeko lehen orduan hasiko da programa, TKNIKA Institutuari, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroari, bisita eginez. Han, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek egingo die harrera.

Bisita ostean, Lehendakaritzaren Gasteizko egoitzara joango da ordezkari-taldea, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilera egitera lehenengo, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiarekin ondoren, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan (Lakuan).

Arratsaldean, ordezkaritzak Bilboko Guggenheim Museoa bisitatuko du eta CIC bioGUNEko arduradun nagusiekin bilduko da, Zamudion.

Alemania da Euskadiren bazkide nagusia inportazioen eta esportazioen esparruan: Euskadiko esportazioen helmuga nagusia da (% 14,2), Frantziarekin batera, eta lehentasunezko tokia du herrialde hornitzaile gisa ere. Orobat nabarmentzen da euskal enpresen merkataritza-ezarpen gehien dituen herrialdeetako bat izateagatik.

Bestetik, Bavaria da Alemaniako «Land» handiena, eta indartsu eta dinamikoenetakoa. Hori horrela, lehentasunezko jarduteko esparru gisa identifikatu zuten Basque Country Estrategia-Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren barruan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Beate Merk, Ministra de Asuntos Europeos y Relaciones Internacionales de Baviera