Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak bere osasun eredua aurkeztu dio, Madrilen, diplomatikoen kideriari

2015.eko ekainak 18

Osasuneko eta Kanpo Ekintzako Sailetako zenbait ordezkarik lan-bilera bat izan dute Madrilen, hainbat herrialdeetako enbaxadetako ordezkariekin, Euskadiko osasun-eredua aurkezteko, bai eta Euskadik, datozen urteetarako, osasun-alorrean ezarri dituen erronka, lehentasun, estrategia-ildo eta helburu nagusiak ere.

Eusko Jaurlaritzaren Madrileko Delegazioan egin dute bilera. Han izan dira, parte hartzen, Miren Dorronsoro, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria; Leyre Madariaga, Kanpo Harremanetarako zuzendaria; eta Argentinako, Mexikoko, Erresuma Batuko, Frantziako, Danimarkako, Finlandiako, Kanadako eta Suediako enbaxadetako sektoreko arduradunak.

«Osasun politikak Euskadin» izenburupean, lan-bilerak aukera eman du diplomatikoei nagusiki 2013-2020 Euskadiko Osasun Planean taxututako osasun-politikak aurkezteko. Eusko Jaurlaritzak 2013ko abenduan onartu zuen Plana, eta nazioarte-mailako tresna nagusiekin lerratzen da: esaterako, Osasunaren Mundu Erakundearen Rio de Janeiroko Adierazpenarekin (2011), Europako Elkarteetako Batzordearen Osasuna 2020 esparru estrategikoarekin (2012) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014-2020 aldirako Hazkuntzarako Osasun Programarekin.

Hala, etorkizun laburrerako diseinatu diren ildoen eta lehentasunen berri eman zaie ordezkari diplomatikoei. Delako ildo eta politikek arreta berezia jartzen dute gizarteko kolektibo jakin batzuengan, adibidez: adinekoengan, ume eta gazteengan, eta jakina, gaixotasunak dituzten pertsonengan. Azkenik, jakinarazi zaie politika guzti-guztietan osasuna aintzat hartzeko ikuspegiari erantzuten diola planak, pertsona guztien osasun eta ongizatean duen eragina dela-eta, eta planaren zeharkako eta sektorearteko ikusmoldea dela-eta: horrenbestez, aukera ematen du hainbat esparrutatik osasuna sortzeko, eragile eta sektore publiko, pribatu nahiz komunitarioen lankidetzaz. Eusko Jaurlaritzaren ekimen nagusietakoa da.

Eusko Jaurlaritzako arduradunek eta diplomaziak hainbat bilera egin dituzte Madrilen, Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako dituen plan eta ekimen estrategikoak ezagutarazteko, eta gaurkoa horietako bat izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)