Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskal Soziometroa: Egoera ekonomikoaren pertzepzioa apur bat hobetu da, baina txarra izaten jarraitzen du

2015-06-18

Euskadiko egoera ekonomikoaren pertzepzioa hobetu egin da azken neurketekiko, baina oraindik ere egoera txarra edo oso txarra dela uste dutenak (%63) gehiago dira ona edo oso ona dela uste dutenak (%35) baino. Dena den, egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela uste dutenak 2009-2010 urteetako portzentajeetatik behera egin dute lehen aldiz, orduan %66koa ziren. Euskal Soziometro honen gai nagusia Kultura Demokratikoa izan da; parte hartze politikoa eta jarrera eta balio politikoak. Landa-lana 2015eko apirilaren 22tik 29ra bitartean egin zen.

Gainera, EAEko egoera ekonomikoaren pertzepzioa Estatukoarena baino askoz hobea da.

Egoera politikoari dagokionez, herritarren iritzia zatituago dago, kasu honetan ere txarra dela uste dutenak gehiago diren arren: %53ren iritziz txarra edo oso txarra da eta %37ren ustez ona edo oso ona.

Lan-merkatuarekin lotutako arazoak (%80k aipatu ditu hiru arazo nagusien artean) dira EAEko biztanleak gehien kezkatzen dituena berriz ere. Maila dezente apalagoan, arazo ekonomikoak (%17k) eta egoera politikoa eta gatazka politikoa aipatzen dira (%15k).

EAE eta Estatuaren artean desberdintasuna nabaria da ustelkeria eta iruzurrak arazo nagusien artean duen pisuarena. EAEn herritarren %9ren ustez hiru arazo garrantzitsuenen artean aurkitzen da, aldiz Estatutan %49k du uste hori (CISen datuen arabera).

KULTURA DEMOKRATIKOA

Auzoa edo komunitatea hobetzeko gauzak egitea ez dago herritarren lehentasunen artean

Euskadiko hamar biztanleetatik sei pozik dago bere bizitzarekin (%59). Erdiak espero dute urtebete barru bere egoera berdina izango dela eta %34k hobea izango dela. Gainera, gehienek uste dute badutela euren bizitzaren gaineko nolabaiteko aukeraketa eta kontrol tartea (6,5ekoa, 0tik 10erako eskalan).

Dudarik gabe, familia eta bikotea dira Euskadiko biztanleen lehentasun nagusia (%86k eta %71k oso garrantzitsutzat jo dituzte esparru horiek euren bizitzan, hurrenez hurren). Ondoren datoz lanarekin zerikusia duten kontuak, gaitasun maila ona izatea (%61) eta lanean arrakasta izatea (%55). Dezente garrantzia gutxiago ematen diete auzoa edo komunitatea hobetzeko gauzak egiteari (oso garrantzitsua da hori elkarrizketatutakoen %27rentzat).

Gizarte-balio eta portaeren onarpenari dagokionez, jarrera irekienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren (onargarria dela deritzote %77k) eta abortu libre eta borondatezkoaren (%66k) inguruan adierazi dira, baita berak eskatuta gaixo sendaezinari hiltzen laguntzearen (%66) inguruan ere. Aldiz, ondoko jokabideak biztanleen %70ek baino gehiagok errefusatu dituzte: Ideia politiko edo erlijiosoak indarraren bidez defendatzea (%87), ogasunari ez aitortzea diru-sarrera guztiak edo fakturen BEZa (%79), delitu bat ikusitakoan ez salatzea (%77)eta heriotza zigorra (%71).Iritziak banatuago agertu dira porroak erretzeari (%44k ez dela onargarria uste dute eta %30ek baietz) eta bizitza osorako espetxe zigorrari buruz (%44k ez dela onargarria, eta %24k baietz).

Gehiengoak (%78) sistema demokratikoaren alde egiten dute, baina biztanleen erdiak baino ez dute adierazi pozik daudela egun Euskadin demokraziak duen funtzionamenduarekin (%50), eta askoz gutxiago dira Espainiako demokraziaren funtzionamenduarekin pozik agertu direnak (%22).

Arduradun politikoei bereziki eskatzen zaiena zintzotasuna da.

Politikarekiko nagusitzen den sentimendua konfiantzarik eza da oraindik ere, elkarrizketatutako hamar pertsonatatik ia seik hala adierazi dute (%57). Ondoren, nagusitzen direnak dira haserrea (%31), asperdura (%31) eta axolagabekeria (%25). Soilik %18k adierazi dute interesa dela nagusitzen zaien sentimendua, eta %16k konpromisoa (azken portzentaje hau handitu da azken urteetan hala ere, 2012an %9koa zen).

Nabarmendu behar da dezente handitu dela herritarren interesen alde lan egiten duten politikariak badirela uste dutenen portzentajea (2012an %61 ziren eta egun %72). Bestetik, hamarretik zazpi inguruk politikarekiko interes gutxi edo batere interesik ez dutela adierazi dute (%68). Haatik, mesfidantza hori, politika orokorrarekiko baino, politikan jarduten direnekiko dela dirudi, politikariekiko eta alderdi politikoekiko: hots, %74 dira boterean bat edo beste egon, beti euren interes pertsonalak bilatzen dituztenaren adierazpenarekin ados agertu direnak, eta %64k uste dute benetan alderdi guztiak berdinak direla.

Biztanleen %82k uste dute zintzotasuna dela politikari batek izan dezakeen balio garrantzitsuena. Aipatutako gainerako balioen oso gainetik dago portzentaje hori: prestakuntza izatea garrantzitsua da %32rentzat, jendearekiko hurbiltasuna %26rentzat eta eraginkortasuna %22rentzat. 

Herritarrek uste dute ustelkeria dezente gutxiago dagoela Euskadin Espainiako Estatuan baino. Euskadin oso zabaldua dagoela uste dutenak %10 dira, Europar Batasuneko bataz bestekoa %35koa da eta, aldiz, %65 dira Espainiako Estatuan ustelkeria oso zabaldua dagoela uste dutenak; azken bi datu hauek Eurobarometer-enak dira.

Politikak eragiten duen konfiantzarik eza dena delakoa izanda, eta eragiten duen interesa txikia izanagatik, herritarren erdiak baina gehiagok adierazi dute eguneroko politikako gaiez oso edo nahikoa informatuak daudela (%51). Eta azken urtetan handitu egin da politikaz hitz egiten dutela diotenen portzentajea.

Biztanleen erdia prest agertu da gai publikoetan parte hartzeko

Biztanleen erdia baina gehiagok parte hartu du azken urtean, galdetu ditugunen arteko, edonolako ekintza politiko edo sozialetan (%56): %35ek eskaera aldarrikatzaileren bat sinatu dute, %28k baimendutako manifestazioren batean parte hartu dute, %23 grebaren batean parte hartu dute, etab. Parte hartu dutenen portzentajea 2012koa baina zertxobait handiagoa da (%54) eta 2010ekoa baina dezente handiagoa (%45).

Mota ezberdinetako talde eta elkarteetako kide izateari eta parte hartzeari dagokionez, %37k diote aktiboki parte hartzen duela elkarte edo talderen batean, aldiz, %26 ez dira inoiz kide izan. Gainerakoetatik, %10 kide dira baina ez dute parte hartzen, eta %26 iraganean kide izan dira baina orain ez. Elkarte edo talde hauetan parte hartzen du gehien jendeak: kirol taldeak (%37 kide da edo inoiz izan da), kultur edo aisialdiko elkarteak (%30), sindikatu edo enpresari elkartea (%24) eta gizarte laguntza edo giza eskubideen inguruko elkarteak (%22).

Biztanleen erdia prest agertu da bere denbora librearen zati bat gai publikoetan parte hartzen emateko, %29k baldintzarik gabe eta %21ek soilik ahalegin handirik suposatuko ez balio. Aldiz, %46 ez leudeke prest inolaz ere parte hartzeko. Parte ez hartzeko arrazoi nagusienak: interes falta (%31), denbora librea beste gauza batzuetan erabiltzea nahiago izatea (%25) edo denborarik ez izatea (%23).

Iñigo Urkullu lehendakaria da 5eko mugara iristen den buruzagi bakarra

Alderdi politikoen balorazioa apur bat igo da aurreko neurketarekiko, Podemos-Ahal dugu, UPD eta PPrena izan ezik. EAJ izan da balorazio altuena izan duen alderdia (4,5), ondoren Podemos-Ahal dugu (3,9), EHBildu (3,5), IU-Ezker Anitza (3,2), PSE (3,1) Ciudadanos (3,0), UPD (1,7) eta PPk (1,3) jaso ditu baloraziorik txarrenak.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da 5eko mugara iritsi den euskal buruzagi bakarra (5a jaso du, 0tik 10eko eskalan). Atzetik datoz Hasier Arraiz (4,6), Andoni Ortuzar (4,3), Idoia Mendia (3,9), Arantza Quiroga (2,4) eta Gorka Maneiro (2,1).

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @emiezquerra
    2015-06-19

    Comentario de Twitter:
    @EquoEuskadi http://t.co/ydZlm47F9O

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)