Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskaltzaindia datozen lau urteetan diruz laguntzeko Programa-kontratua onartu du

2015.eko ekainak 17

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiekin eta Euskaltzaindiarekin sinatuko duen programa-kontratua onartu du. Programa-kontratu honen xedea da, alde batetik, Euskaltzaindiaren, eta, beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako foru aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea eta alde bakoitzak bereganatzen dituen konpromiso materialen zein finantzarioen esparrua arautzea. Programa-kontratu honek lau urterako indarraldia izango du.

Eusko Jaurlaritzak Euskaltzaindiaren diru aurrekontu osoaren %49,3 jartzen du. Hau da,  ia-ia bere jardueraren erdia finantzatzen du. Bestalde, programa-kontratu honi dagokionez, instituzio publikoek jartzen duten diruaren %63,8 ematen du Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak, urtez urte, Euskaltzaindiari bere ohiko jarduna bermatzeko diru laguntza ematen dio. Diru laguntza horrek azken hiru urteotan ez du inolako doiketarik izan. Hain zuzen ere, 2013an 1.200.000 euro jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik, 2014an 1.250.000 euro eta 2015ean 1.276.000 euro jasoko ditu bere lana burutzeko.

Programa-kontratu honen bidez hainbat proiektu burutuko dira datozen urteotan, besteak beste:

-       Euskaltzaindiaren Hiztegia osatzen jarraituko da

-       Orotariko Euskal Hiztegia osatzea

-       Euskararen Herri Hizkeren Atlasa

-       Euskararen Historia Soziala

 

Zehazki, hauek dira programa-kontratuaren xedea:

-Herri-administrazio sinatzaileen eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazio-harremanak eta mekanismoak antolatzea, konpromisoak hartzean eta aldizka kontuak ematean oinarrituta.

-Helburu horiek bermatzeko behar diren lerro estrategikoak eta helburu orokorrak, eta ebaluatzeko mekanismoak ezartzea, alde guztiak ados jarrita.

-Bere helburuak betetzen jarrai dezan, baliabideak ematea Euskaltzaindiari, programa-kontratu honetan hartutako konpromisoen arabera.

-Ikerketa-programen finantziazioa egonkortzea, epe ertainean.

-Euskaltzaindiaren proiektuen eta batzordeen ikerketa-jarduerak bultzatzea eta areagotzea.

-Euskaltzaindiak euskara zabaltze eta sozializatze aldera egiten dituen jarduerak sustatzea.

-Euskaltzaindian, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa eraginkorra antolatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzea, eta komunikazioa bermatzea eta hobetzea erabiltzaileei eskaintzen zaizkien arretari eta zerbitzuei dagokienez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)