Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak eleaniztasunaren interesak defendatu dituzte Bilbon

2015.eko ekainak 18

Gaur goizean ospatu den bilera hiru instituzioek sinatutako Lankidetza Protokoloaren markoaren barruan sartzen da

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako ordezkariak Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntza politikarako ordezkariekin elkartu dira gaur Bilbon. Bilera hau hiru instituzioek sinatutako hizkuntza politika Lankidetza Protokoloaren markoaren barruan sartzen da. Bilerak hiru Gobernuek euren indarrak batzeko eta Estatu eta Europa mailan eleaniztasunaren interesak defendatzeko balio izan du, baita euskararen, katalanaren eta galegoaren biziberritze prozesuetan bizitako esperientziak partekatzeko ere.

Bileran Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ester Franquesak, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari orokorrak eta Valentín García Gómez-ek, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari orokorrak, parte hartu dute eta hizkuntza politikarekin lotutako gaiak jorratu dituzte. Hauek dira gaietako batzuk:

-       Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari zuzendutako gutunaren sinadura eta formalizazioa: Gutun honetan Ministerioari euskarazko, katalanezko eta gailegozko erreferentziazko lanen lau hizkuntzetako –euskara, katalana, galegoa eta gaztelania- edizio bat egitea proposatzen zaio. Helburua Estatu mailan euskarazko, katalanezko eta galegozko lan garrantzitsuenen ezagutza bultzatzea da.

-       Abokatua izateko profesio gaitasunaren ebaluazio proba: Abokatuek Espainiako lurralde osoan beren lana egin ahal izateko behar duten titulu profesionala eskuratzeko azterketak dira, eta froga horiek gaztelaniaz bakarrik egin daitezke. Ministerioari eskatu zaio azterketa gaztelaniaz edo Estatuko lurralderen batean ofizialak diren hizkuntzetariko edozeinetan egin ahal izatea.

-       Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren IV. Informearen egoeraren analisia: Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea eta Galiziako Xunta Europako Adituen txostenaren zain daude gaur egun. Informe hau Estatuko Gobernuak bere oharrak egin ostean jasoko dute hiru Gobernuek Autonomikoek. Informe honi esker Europako Kartaren betetze maila zein den ezagutuko da (Euskadin, Katalunian, Galizian eta baita Estatu mailako Instituzioetan ere). Esparru honetan administrazio kaltetuen (Espainiako Gobernua eta Autonomia Erkidegoak) arteko lankidetza hobetzeko tarte handia dago oraindik.

-       Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD): Hiru Gobernuen arteko Lankidetza Hitzarmenarekin zuzen-zuzenean lotzen da, haren helburuen artean baitago Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea. Hiru Gobernuen arteko lankidetza horrek, ekimena eta dinamikotasuna ekarriko dizkio NPLDri eta, bide batez, Europako hizkuntza aniztasuna sustatzearen aldeko ezinbesteko langintzari. Pasa den astean Sareko Batzar Nagusiak Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika NPLD-ko presidente izendatu zuen aho batez.

-       Estatuan euskara, katalana eta galegoa ikasteko tokien Maparen aurkezpena: Mapa honi esker hiru hizkuntza hauek Estatu mailan non ikasi (hizkuntzaren lurralde propioan egon daitezkeen tokiak ez dira Mapan agertuko) daitezkeen ikusi ahal izango da. Mapa hau hiru Gobernuen webguneetan ikusi daiteke: www.euskadi.eus/ikasguneak ; www.lingua.gal ; www.llengua.gencat.cat

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “Hiru alorretan zehazten da aipatu Hitzarmena bere garaian sinatzera bultzatu gintuena, eta gaur egun ere bultzatzen gaituena. Alde batetik, Hitzarmenak aukera ematen digu gure hizkuntzak biziberritzeko hainbat alorretan egiten ari garen lan eta esperientzien berri elkarri jakinarazteko. Horrez gain, eta Espainiako Estatua eleaniztuna dela aintzat harturik, Hitzarmenak elkarrekin lan egiteko bidea irekitzen digu hiru Gobernuoi, Estatuaren erakundeek eleaniztasuna modu eraginkorrean babestu eta bultzatu dezaten. Bide batez, Hitzarmenak jasotzen du gure ahaleginak bateratzeko premia, gure hizkuntzak nazioarteko eremuan ikusgarriagoak egiteko lanean, bereziki Europako Batasunean”

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari orokorra; Valentín García Gómez, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari orokorra