Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi-Basque Country Turismo Gastronomikoaren bigarren Nazioarteko Foroa ekainaren 18an eta 19an izango da, Donostian, EHU-REN udako ikastaroen barnean

2015.eko ekainak 17

Donostiako Miramar Jauregiak hartuko du, 2015eko ekainaren 18an eta 19an, Euskadi-Basque Country Turismo Gastronomikoaren Bigarren Nazioarteko Foroa, EHUren udako ikastaroen eskaintzaren barnean. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatu du topaketa, eta Scotland Food and Drink izango da, aurten, egitarauaren ardatza, Eskoziak Turismo Gastronomikoarekin lotuta duen esperientzia ezagutzera emateko, 2015 urtea Scotland´s Year of Food and Drink dela baliatuz.

Foroaren helburua da bertaratzen direnei Eskoziako kasu praktikoak hurbiltzea, horietan parte hartzen duten profesionalen bitartez, helmuga turistiko horren produktu enogastronomikoaren balio-kate osoari, eremu publikoan zein pribatuan, eragiten dion ikuspegi oso eta zeharkako batetik, eta Euskadira ekartzeko moduko esperientziak izatea. Foroaren bigarren edizio honek sektore turistiko eta enogastronomikoaren artean lankidetza espazioak bultzatzea ere bilatzen du, bi herrialdeen artean batez ere.

Hala, Goierri eta Tolosaldea ikusteko programa batean parte hartzen ari dira egunotan foroan parte hartuko duten Eskoziako txostengileak, Euskadi helmugaren zati bat, enpresak, esperientziak eta bi eskualde horietan garatutako ekintza turistikoak ezagutzeko.

Iaz, Kataluniako esperientzia turistikoa izan zuen ardatz foroak.

Euskadi-Basque Country Turismo Gastronomikoaren II. Nazioarteko Foroa Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak Itziar Epalzak inauguratuko du, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariagarekin batera.

Ostegunean hasiko da, Euskadi Gastronomika Produktu Klubaren egungo planteamenduarekin, eta Eskozia helmuga Food and Drink arloan zertan dabilen jakiteko balioko du. Alde horretatik, hainbat hitzaldi entzun ahal izango dira, Food and Drink de Visit Scotland/Event Scotland ekintzaren gerente Stephen Mclean-en eskutik, Eskozia helmuga eta horren funtsezko produktuak aurkeztuko baititu. Sarrera horren ondoren, 2015eko Scotland’s Year of Food and Drink urte honetarako aurreikusitako ekintzetan zentratuko da Mclean. Scotland’s Rural Colllege-eko Patrick Hughes-ek, berriz, Eskoziako ibilbide gastronomikoak aurkeztuko ditu. Egun horretan, Euskadiko eta Eskoziako produktuekin osatutako bazkaria dastatuko da: haggi-ak, izokina eta Eskoziako gazta, besteak beste.

Ostiralean, ekainak 19, enpresarien beraien bitartez jarduera gastronomikoarekin eta turismoarekin lotutako esperientzia zehatzak ezagutzeko txanda izango da. Scottish Border’s Brewery John Henderson-ek emango dio hasiera goizari, eta euren Born in the Borders garagardo fabrikako ekoizle esperientzia azalduko du. Ondoren, Contini Family Restaurants-eko chef exekutibo Suzannne O’Connor-ek aurkeztuko ditu bere jatetxe, kafetegi eta delikatesen familia-enpresaren jardunbide egokiak.

Kaferako tartearen ondoren, The Three Chimneys ostatuaren sortzaile eta jabekide Shirley Spear-ek bere enpresa turistikoaren jardunbide egokiak transmitituko dizkie bertaratutakoei.

Foroaren azken partea Eskozia helmugaren marketinari eta posizionamenduari buruzkoa izango da, eta Helmuga turistikoen posizionamendua ekitaldi gastronomikoen inguruan izenburua edukiko duen mahai-ingururako sarrera izango da. Cristina Martinez gastronomia dibulgatzaileak (@garbancita), ESM y Asociados-eko bazkide eta zuzendari nagusi Eduardo Serranok, Josema Azpeitia, kazetari gastronomiko eta Ondojan.com aldizkariaren editoreak eta Tolosaldea Garatzeneko Turismo arduradun Olatz Ilarregik parte hartuko dute.

Aldibereko itzulpena egongo da, ingelesa-gaztelania eta gaztelania-ingelesa.

Interesa duten guztiek eman dezakete izena Euskadi-Basque Country Turismo Gastronomikoaren II. Nazioarteko Foroa: Scotland Food and Drink topaketan, esteka honen bitartez http://www.basquetour.eus/pdf/Matrikula-Matricula.pdf

Bi egunetako bazkariak sartzen dira matrikulan. Prezioa 50 € da publikoarentzat, oro har, eta 25 € Euskadi Gastronomika Klubeko kideentzat.

Informazio gehiago:

Itziar Zarandona

Tel.: 946 077 598

izarandona@basquetour.net

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)