Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze alorreko bi programa berritzaile sustatuko ditu: LANdhome eta Interlehian. (2015-06-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko ekainak 16

LABURPENA

LANdhome programaren helburua da Euskadiko profesionalak birkokatzea: hain zuzen, enpresen nazioartekotze-alorrean trebatu eta berriz Euskadiratu direnak nahi ditu birkokatu.

Interlehianek, berriz, nazioarteko lehiaketetan parte-hartzeko aukera samurtu nahi die Euskadiko enpresei.

Bi programak esperimentalak dira eta 700.000 € bideratu dira haietara. Oso premia zehatzei erantzuten diete, baina garrantzitsuak dira oso Euskadiko enpresentzat.

2014-2016 Nazioartekotze Planaren jarduera-ildo nagusiei jarraiki, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bi programa deitu ditu Euskadiko ekonomia eta enpresagintza nazioartekotzeko faseen premia berariazkoei erantzuteko.

Gure enpresak nazioarte-mailan txertatzea gako da haien etorkizuneko lehiakortasunari begira. Enpresei laguntza ematean, erakundeek nahitaez hartu behar dituzte aintzat nazioartekotze-prozesuen berezitasunak, enpresen tamainaren eta nazioartekotze-etaparen arabera hartu ere. Eusko Jaurlaritzak eta SPRIK bere horretan mantendu dute enpresen nazioartekotzearen alde egindako apustua, eta enpresei laguntzeko egiturak egokitzen saiatzen dira uneoro, nazioartekotze-alorrean gauzatutako garapen-mailaren arabera.

Gure giza-kapitalaren gaikuntza, eta aldeanitzeko finantzaketa eta lankidetza: horra hor Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Planaren erdigunean dautzan bi ardatzak. Askotariko programak daude zabalik horretarako: Nazioartekotzeko Beken programak, Global Training delakoa, esportazioentzako berariazko finantzazio-lerroak, eta abar.

Dena dela, eta atzerrian maila-altuan txertatu badira ere Euskadiko enpresak, gure enpresen tamaina arazo gisa ageri zaigu gobernuak, erakundea nazioartean ordezkatzeko hainbat irteeratan, hautemandako bi premia bereziri dagokionez.

Batetik, enpresek zailtasunak dituzte atzerrian luzaroan egon eta atzerriratzea eragin zuen zeregina bete ondoren Euskadiratzeko eskaera egiten duten profesionalak birkokatzeko.

Bestetik, ETEek mugak eta zailtasunak dituzte (euren ekoispen-gaitasuna, izapidetzeko egitura faltak, etab. direla eta) aldeanitzeko nazioarteko deialdi eta lehiaketetan parte-hartzeko.

LANdhome: berriz Euskadiratzen diren langileak kontratatzeko

LANdhome esperimentu gisa abiarazi dute, 400.000 euro bideraturik programari. Hain zuzen, Euskadin kokatutako enpresei diru-laguntzak ematean datza programa, hartara, Euskadira itzuli diren Euskadiko profesionalak kontratatu ditzaten.

Eskarmentu handiko profil profesionala dute halakoek, eta haien enpresak ez du gunerik aurkitzen beroiek Euskadin kokatzeko. Hala ere, baliteke esperientzia hori duten profesionalak behar izatea Euskadiko zenbait enpresek, eta langile horien ezagutza hobeto balioestea eta baliatzea enpresotan.

Programaren helburua da enpresei laguntzea, hain zuzen, haien egiturak moldatu ditzaten eta bide eman diezaioten atzerrian trebatutako profesional, zuzendari eta teknikarien itzulerari.

Programaren babesa diru-laguntza publiko gisa zertu da; enpresei zuzendu zaizkie laguntzok, aukera izan dezaten nazioarteko eskarmentua egiaztatu dezaketen profesionalak kontratatzeko. Hala, langileari dagokion lan-kontratuaren lehen urteko lansari-kostu gordinaren parte bat estaliko da diru-laguntzaz.

Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etatik aurrera. Amaitu, aldiz, 2015eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan.

Interlehian: ETEek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko

Interlehianek ETEak babestu nahi ditu, nazioarteko lehiaketetan parte har dezaten. Hala, 300.000 euro bideratu dira programara xede horrekin.

Programaren helburua da EAEn erregistratutako enpresen nazioartekotzea sustatzea. Horretarako, enpreson parte-hartzea sustatuko da 2015eko ekitaldi osoan egingo diren nazioarteko lehiaketetan -dela bakarka, dela lankidetzan-, baldin eta lehiaketa ez badu Espainiako estatuan ezarritako enpresa batek deitu.

Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etatik aurrera. Amaitu, aldiz, 2015eko urriaren 30ean amaituko da, 12:00etan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau