Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Gazte Irekia lehiaketa irabazi duten ikasleak hartu ditu

2015.eko ekainak 17

IREKIAren bitartez, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du ekimena, “mundu hobea” eraikitzeko gazteek dituzten proposamenak ezagutze aldera.

 Zamudioko Bizkaia ikastetxeko 26 ikaslek Ikas zuk musu-truk proiektua aurkeztu dute, lankidetzarako plataforma bat sortu eta baliabiderik ez duten ikasleei laguntzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak Zamudioko Bizkaia ikastetxeko ikasle talde bat hartu du, izan ere, Gazte Irekiaren aurtengo edizioa irabazi dute ikasleok. Gazte Irekia ekimena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Lehendakaritzak antolatzen dute –Gobernu Irekiaren Zuzendaritzaren bitartez–, “mundu hobea” eraikitzeko biztanle gazteenek nolako proposamenak dituzten ezagutzeko.

Oraingoan, lehen hezkuntzako seigarren mailako 26 ikaslek Ikas zuk musu‑truk proiektu irabazlearen berri eman diote lehendakariari; proiektu horren helburua da webgune bat sortzea, harremanetan jartzeko, alde batetik,  eskolaz kanpo irakasle-laguntza behar duten ikasleak eta, bestetik, diru-ordainik gabe eta puntu sistema baten truke (digipointak) laguntza hori eskaini nahi duten irakasleak.

Bestalde, ekitaldian Sargoi plataforma ere aurkeztu da. Donostiako Axular ikastolaren Euskal beka proposamenetik abiatuta sortu da plataforma hori, izan ere, iazko irabazlea izan zen proposamen hori eta lehendakariak agindu zuen aintzat hartuko zuela ezartzeko. Sargoi gizarte-sare bat da, hezkuntza komunitateari irekita dagoena eta komunitatearen aldeko ekimenak abiaraztea helburu duena (inguru garbia, elkartasunezko proiektuak, eta abar).

Gazte irekia ekimena euskal ikastetxe guztietako lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei zuzenduta dago eta ikasleon artean eztabaidarako gaitasuna eta ekintzailetza sustatzea du xede, hala nola bizikidetza demokratikoan heztea eta gizartean parte hartzera bultzatzea. Ekimenak, gainera, gazteen sormenaz, ekarpenez eta mundu-ikuskeraz ikasteko aukera ematen du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)