Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak sentsibilizazio kanpaina bat abiarazi du, hirigineko zaintza- eta kontrol-astearekin bat etorriz

2015.eko ekainak 15
«Errespeta itzazu zebra-bideak berriz. Harrapaketak saihesten dituzte» da Segurtasun Sailak abiarazitako kanpainaren leloa
 
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta udaltzaingoek elkarrekin egiten dute lan harrapaketak saihesteko
 
Hirigunean harrapaketak saihesteko zaintza- eta kontrol-astearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak kanpaina bat abiarazi du. «Errespeta itzazu zebra-bideak berriz. Harrapaketak saihesten dituzte» izango da leloa, eta herritarrei gogorarazi nahi diete zirkulazio-arauak errespetatzea funtsezkoa dela istripu kopurua gutxitzeko. Irratiko iragarkien eta kartelen bidez, oinezkoak eta gidariak zebra-bideak errespetatzera animatuko dituzte.

«Kanpaina batez ere adineko pertsonei zuzenduko zaie – azaldu du Josu Zubiaga, Segurtasun Sailburuordeak-, 50eko eta 60ko hamarkadetako zirkulazio-agenteak gogoan baitituzte. Helburua da oinezkoek eta ibilgailu, moto edo bizikleten gidariek zebra-bideak errespeta ditzatela, istripuak saiheste aldera, askotan, batez ere adinekoak tartean sartuta egoten direnean, heriotzak ere gertatzen baitira.»

Kanpaina honekin istripuak gutxitzeko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela nabarmendu nahi dute. Hain zuzen ere, Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak eta udaltzaingoen arduradunek maiatzaren erdia aldera egin zuten bileraren emaitza da ekintza hau. Bilera horretan, istripuei buruzko datuak aztertzeaz gain, urte osoan egiten dituzten ikuskaritza- eta kontrol-kanpainen balantzea egin zuten, eta harrapatuta hiltzen diren oinezkoen tasa txikitzeko neurriak hartzea hitzartu zuten.

Izan ere, azken urteetan Euskadin harrapatuta hildako edo larri zauritutako oinezkoen kopurua txikitu egin den arren –2001ean 31 lagun hil ziren eta 2013an 14-, 2015-2020 aldirako Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko Plan Estrategikoak % 40 txikitu nahi du harrapatuta hildako eta larri zauritutako oinezkoen kopurua.

Aurten, ekainaren 15era arte, Euskadiko bideetan 8 lagun hil dira harrapatuta (4na gizon eta emakume) eta horietako bost 64 urtetik gorakoak ziren. Aurreko urteko epea berean, lau lagun hil ziren arrapatuta (bina emakume eta gizon), eta horietatik hiruk 64 urtetik gora zituzten. 2014an, guztira, 10 pertsona hil ziren harrapatuta (4 gizon eta 6 emakume). Horietako zazpik 64 urte baino gehiago zituzten.

Larri zauritutako pertsonei dagokienez, 2014an, 79 lagun izan ziren (35 gizon eta 44 emakume). Horietatik 34k 63 urte baino gehigok. Aurten, 31 lagun zauritu dira larri auto batek harrapatuta (14 gizon eta 17 emakume) eta horietatik 19k dute 64 urtetik gora. Aurreko urteko aldi berean, 37koa zen ibilgailuek harrapatuta larri zauritutako pertsonen kopurua (16 gizon eta 31 emakume), eta horietatik 16k zituzten 64 urtetik gora.

Kontzientziazio-saioak adinekoen zentroetan

Gaur amaituko dute Berangon Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak antolatutako «Harrapatzeei buruzko gogoeta egin dezagun» kanpaina, harrapatzeak saihesteko norberaren babeserako neurriak bultzatzea helburu duena. Ia 64 urtetik gorako 500 lagunek hartu dute parte orain arte egindako 15 saioetan. Bilbon (lau auzotan), Santurtzin, Lasarten, Eibarren, Bergaran, Hernanin, Lemoan, Sestaon, Ugaon, Muskizen eta Ermuan egin dituzte. Esan bezala, azkena gaur arratsaldean egingo dute Berangon. Udazkenean berriz helduko diote programa honi, beste 15 saiorekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko