Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibai: Aktibatu+ eskola programaren sariak banatuko dira, 2014-15 ikasturtean jasangarritasunaren alde egindako lanagatik

2015.eko ekainak 12
  • Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Global Action Plan (GAP)
    GKEaren lana azpimarratu dute, eguneroko ekintzek ingurumenean duten eragina
    murrizteko.

Busturiako J.M. Uzelai ikastetxeak, energiaren kategorian, eta Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak, hondakinen kategorian, “Aktibatu+” sarien lehenengo postua irabazi dute. Sariak gaur banatu dituzte Euskadiko Biodibertsitate Zentroan eta, 2014-15 ikasturtean, jasangarritasunaren arloan ohiturak onak sustatzeko ikastetxeek egindako lana saritzen dute. 

Gernikako Santa Maria del Socorro-Mertzede Ikastetxea eta Gernika BHI ere sarituak izan dira energia arloan egindako lanagatik. Bestalde, hondakinen arloan, Dimako Dima Ugarana Herri Ikastetxeak eta Basauriko IPI Soloarte ikastetxeak sari bana jaso dute. Horretaz gain, Bermeoko Sagrado Corazón ikastetxeak aipamen berezi bat lortu du, energia arloko komunikazio kanpainarik ikusgarriena eratzeagatik. 

“Parte hartu duten ikastetxeen lanak erakusten digu gehiago egin dezakegula gutxiagorekin, bizi-kalitatea ezta ongizatea ere galdu gabe”, esan du María Uribek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari nagusia. Gaur egun, 220.000 ikasle baino gehiagok jasangarritasunerako heziketa jasotzen dute aldizka, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskolako Agenda 21en programari esker. Izan ere, UNESCOk goraipatu du bertako programa, garapen jasagarrirako heziketaren arloan, munduko 25 jardunbide onenetariko bat dela esanez. “EAEan harro gaude azken 30 urteotan jasangarritasunaren gaian ikastetxeek egin duten aldaketaz”, azpimarratu du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Plangintza eta Natura Ingurunearen zuzendaria. 

Aktibatu+ programa 

Aktibatu+ izeneko programa eguneroko ekintza txikien bidez planeta hobetzeko modu bat da. Ideia hau Global Action Plan-ek (GAP) izan zuen. GAP GKE bat da, helburu bera daukan nazioarteko sare batean dagoena: eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua murriztea, etxean, bulegoan eta ikastetxeetan ohiturak aldatuz. Nazio Batuen Erakundeak babesten du eta UNESCOk egiaztatzen du programa hau, eta 1990az geroztik 23 herrialdetan dago. 

Aurten Bizkaiak Busturialdea-Urdaibaira, Lea Artibaira eta Uribe Kostara zabaldu du programa. Gaur, ekainaren 12an, ikastetxe horiek ingurumenaren iraunkortasunaren alde egindako lana baloratu da Euskadiko Biodibertsitate Zentroan. Horretarako, ekitaldiak diziplina anitzeko epaimahaia izan du. 

Oihan Vega eta Sara Gandara (2014-2015 kanpainako protagonistak) izan dira bertan, eta baita kanpainan lankidetzan ari diren erakundeen GAPeko ordezkariak ere; guztiok epaimahaiaren kide izan dira. Sarien artean azpimarratzekoak dira parketxeetarako bisita gidatuak eta Eroskiren elikadura eskolaren jardunaldi bereziak. 

Jarduera honetan parte hartu nahi duten etxe zein ikastetxeek eskuragarri dute web orri bat, erosketa-hondakinak, ura, energia eta mugikortasunaren tankerako gaiak lantzeko errazak eta eraginkorrak diren tresnak eskaintzen dituena. Parte hartzen duten udalerri, mankomunitate eta abarren web orrien bidez sar daiteke web orri horretara, edo www.bizkaia21.net atariaren bitartez, Aktibatu + eremua kontsultatuz. 

Ingurumenaren aldeko parte-hartze aktiboa sustatzen duen ekimena Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerrek, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Energiaren Euskal Erakundeak, Eroski Taldeak eta Metro Bilbaok bultzatutako ekimena da Aktibatu +. Parte-hartze aktiboa bultzatzen du parte hartzen duten udalerrietan, bai ikasleen partetik ikastetxeetan eta bai familien partetik etxebizitzetan, ikasleen gurasoengandik hasi eta erkidego osora hedatuz. 

Parte hartzen duten ikastetxeetan kontsumitzen den energia kopurua % 5 gutxitzea lortu nahi du Aktibatu + programak. Horrez gain, etxebizitzetan energiaren eta uraren kontsumoa % 5 jaistea, gaikako bilketa egiteko edukiontzien erabilera % 12 haztea eta CO2 igorpenak % 7 murriztea ere lortu nahi du, motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatuz. 

Ikastetxeen lana 

Guztira 18 ikastetxe ari dira Aktibatu + programa garatzen: horietatik 6 Nerbioi-Ibaizabal eta Arratia eta Lea-Artibai eskualdeetakoak dira eta momentu honetan energiaren gaia lantzen ari dira. Gainerako 12 ikastetxeak Busturialdea-Urdaibai eta Uribe Kosta eskualdeetan daude eta momentu honetan erosketa-hondakinak gaia lantzen ari dira. Berangoko Eskola, Eleizalde Ikastola, Gernika BHI, J. M. Uzelai, Montorre LHI, Mundaka LHI, Sagrado Corazón Ikastetxea, San Frantzisko LHI, San Fidel Ikastola, Sta. Mª del Socorro-Mertzede Ikastetxea, Seber Altube Ikastola eta Urretxindorra LHI dira Busturialdea-Urdaibai eta Uribe Kosta eskualdeetan Aktibatu + programa gauzatzen ari diren ikastetxeak. 

Energiaren gaitik abiatuta, ikastetxe bakoitzak bere kontsumo elektrikoa auditatu zuen. Bigarren fasean, ikastetxeko erkidego osoa ohitura txarren inguruan kontzientziatzeaz arduratu ziren ikasleak (komunikazio kanpaina baten bitartez), ondoren lortutako emaitzak ebaluatu ahal izateko. Maiatzean bukatu da bigarren auditoretza eta orain komunikazio kanpaina hori egin aurretik zegoen egoera eta egin ostean zegoena alderatu ahal izan dute. 

Bengoetxe BHI, Dimako Eskola, Eguzkibegi Ikastola, IPI Soloarte, Etxebarri BHI eta Ugaoko Eskola dira Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetan programa aplikatu duten ikastetxeak, eta mekanika bera jarraitu zuten ikastetxe horietan dauden erosteko irizpideei eta horren ondorio den hondakinen sorrerari buruzko azterlan sakona egiteko. Informazio hori lortu ondoren, ikastetxeko erkidego osoa sentsibilizatzeko kanpaina bat egin zuten eta orain, bigarren auditoretza egin ostean, gai horietan lortutako hobekuntzak ebaluatzen ari dira. 

Anitzeko epaimahaia 

Ikastetxeen lana ebaluatzeko, anitzeko epaimahaia eratu da, ondokoek osatuta: Oihan Vega eta Sara Gandara, kanpainaren protagonistak; Joseba Martínez Huerta, Ingurugela; Juan Carlos Barrios, Ibon Hormaetxe, Jaione Pagazaurtundua eta Iratxe Celaya, GAP; Janire Bijueska, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa; Manuel Tejada, Bizkaiko Garraio Partzuergoa; Raúl Méndez, Susana Palomino eta Eneko Aurrebarrena, Metro Bilbao; Xabier Arana, Mikel Arana eta María Uribe, Bizkaiko Foru Aldundia; Begoña Sieso, Garbiker; Xabier Esteban, Eroski; Amaia Barredo, Paula Caviedes eta Eider Ojanguren, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saila; eta Arantza Zugazti, Energiaren Euskal Erakundea-EVE.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • María Uribe, Bizkaiko Foru Aldundia