Berriak Osasuna

Padi Programa: 25 urte euskal haurren aho zein hortzetako osasuna zaintzen

2015.eko ekainak 15

25 urte horietan zehar, PADIk 459.775 pertsona gonbidatu ditu programan parte hartzera; 7 eta 15 urte arteko haurren % 91k erabili du.

Emandako arretak honoko kopuruak eskaintzen ditu: 2.116.308 hortz-azterketa, 1.016.749 pitzadura-zigilatze, 501.580 oreztapen edo enpaste, 12.683 erauzketa eta 9.049 hortz-mamien tratamendu.

105 milioi euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak programa honetan

Gure haurren hortzetako osasun indizeak Estatuko sailkapenaren lehenbiziko postuan kokatzen du Euskadi, programa hau garatzen aintzindari den erkidegoa

Haurren Hortzak Zaintzeko Programak (PADI) 25 urte egin ditu Euskadin bizi diren 7 eta 15 urte arteko haurrei arreta prebentiboa eskaintzen. Urteurrena ospatzeko, gaur eguerdian, sorrera, ezarpena eta garapena bultzatu zuten pertsonak omendu nahi izan dituzte. Ekitaldiaren buru izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu. Lagun izan ditu Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria, hala nola garai batean sailburu izandako hauek: José Manuel Freire, Gabriel Maria Inclán eta Rafael Bengoa. Era berean, bertan izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Haginlarien eta Estomatologoen Elkargoen presidenteak eta PADIko haginlarien lehen taldea osatu zuten profesionalak, egun, 25 urtez jardun ondotik, programari atxikita darraitenak.

Urkullu lehendakariak gaur goizean Bilbon adierazi duenez, Haurren Hortzak Zaintzeko Programa «aintzindaria izan zen Estatu osoan eta beti ezaugarri berberei eutsi die, alegia, prebentzio-programa unibertsala, kalitatezkoa eta eskura-erraza da». Halaber, nabarmendu du «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren programari zein bertan parte hartu duten profesional guztiei esker, euskal haurren hortzen arretarako sarbideko  gizarte-desberdintasunak ezabatzea lortu da. Horregatik, eta osasun profesionalek egindako lana eskertzeaz gain, Jaurlaritzak pertsonekiko duen konpromiso sendoa ekarri du gogora Lehendakariak. Hala, eta gaur egun gisa horretako programak euren zerbitzu-eskaintzan zortzi autonomia-erkidegok bakarrik mantentzen dituzten arren, «Euskadik, eutsi bakarrik ez, PADI bultzatu nahi du ahalik eta euskal haur gehienei arreta emateko».

PADIk urtean behingo hortz-azterketak eskaintzen ditu, hala nola prebentzio-aholkuak eta hortz-hagin iraunkorretan beharrezkoak diren osatze-tratamenduak (pitzadurak zigilatzea, txantxarrak ixtea eta traumatismoak). Nork bere familiako haginlaria hautatu ahal izateko, egun 100 udalerriko 1.000 inguru itunpeko haginlariz osatuta dago sarea, eta Osakidetzako kontsulta espezializatuak ere eskaintzen dira kasu konplexuenak artatzeko eta, bereziki, desgaitasunen bat duten adin horretako haurrei arreta emateko.

Haurrei hortz-arreta eskaini zaien 25 urteotan, PADIk, guztira, 459.779 haur deitu ditu parte hartzera. Horrek ahalbidetu du, guztira, 2.116.308 hortz-azterketa, 1.016.749 pitzadura-zigilatze, 501.580 oreztapen edo enpaste, 12.683 erauzketa eta 9.049 hortz-mamien tratamendu egitea. Traumatismoen ondoriozko 52.135 osatze-tratamendu ere eskaini dira.

Eusko Jaurlaritzaren osasun politika honi esker, berriz, 12 urteko pertsonen % 74k ez dute txantxarrik; 1988an, % 18 ziren.  Haurren hortz-osasunari buruzko datuok medio, Euskadi, programa horri heldu zion lehena, Estatuko gainerakoei gailentzen zaie arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak eginiko inbertsioa 105 milio eurokoa izan delarik.

Alabaina, Osasuneko Sailak, gaitz hori desagertzeko bidean, koska bat gorago ezarri nahi du langa; 2020rako, 12 urteko haurren % 80k txantxarrik ez izatea. Horixe dago jasota haurren osasunari buruzko 2013-2020 aldirako Osasun Planaren helburuetan eta ekintzetan. Adierazitako esku-hartze integralen artean daude urtean PADI erabiltzen duten haurren ehunekoa handitzea eta gizarte-egoera ahulenean dauden kolektiboek gehiago erabiltzea, horretarako sarbidea erraztuta.

Osasuneko sailburu Jon Darpónentzat, «datuak onak dira, baina hobeak nahi ditugu».Adierazi duenez, «beharrezkoa da estaldura-ehunekoa urtero areagotzea, urtez urte % 66 ingurukoa da eta. Alegia, hiru haurretan batek ez du hortz-azterketarik egiten. Hala, 2020rako ezarri dugu helburua: urtean programa erabiltzen dutenak % 75 baino gehiago izatea». Sailburuak ondo daki helburua betetzeko eragile guztien zein familien inplikazioa beharrezkoa dela. Horrenbestez, gogora ekarri du «premiazkoa dela familiek aktiboki laguntzea seme-alaben hortzen osasunaren zaintzan eta urteko azterketa egitera eraman ditzatela».Hori eta gozoki-kontsumo ohikoa saihesten duen elikadura behar bezalakoa eta otordu nagusien ostean hortzak garbitzea gaurko eta etorkizuneko osasunaren mesedetan da.

Gainera, sailburuak nabarmendu duenez, «programa hauek argi eta garbi islatzen dute Euskadin osasuna pertsona guztien oinarrizko eskubidetzat hartzen dugula; horretxegatik, PADIk, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren beste prebentzio programa guztiek bezalaxe, beharrezko babesa eta zuzkidura ekonomikoa izaten jarraituko du”.

Haurren hortzak zaintzeko programa (PADI) 118/1990 Dekretua

Euskal haurren hortzen oinarrizko arreta-sistema unibertsal eta kalitatezko baten bidezko aho-haginetako osasun-prebentzioaren sorburua euskal adin txikikoen hortz-osasunari eragiten zion egoera epidemiologiko bat alderantzikatzeko premia da; izan ere, 1988an 14 urteko haurren % 82k, batez bestean, 4 hortz-hagin zituzten txantxarrak jota, eta horietatik erdiak baino gutxiagok jaso zuen tratamendua.

Arazo horretaz jabetuta, Eusko Jaurlaritzak haurren hortz-osasuna lehentasunezko esku-hartze esparru izendatu zuen. Gaitza murriztea eta etorkizuneko belaunaldiak txatxarrik gabe haztea ziren helburuak, pertsonen hortz-osasuna hobetzea, azken finean. Horiek horrela, 1990eko apirilaren 24an, 118/1990 Dekretua onartu zen, Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) sortu zuena. Hortz-hagin iraunkorrak ateratzen eta hazten diren adinean haurrei beharrezko zaintza ematea zuen eta du xede, txantxarra ekidin eta helduaroan hortz-osasun hobea izan dezaten.

Abian jarritako lehen urtean, 1983an jaiotako 24.043 pertsona gonbidatu ziren parte hartzera; alegia, 7 urte bete zituztenak urte hartan. Arreta egokia eskaini ahal izateko, Osakidetzako 19 Odontologia Unitatez eta Euskadin kolegiatutako sektore pribatuko 63 haginlariz osatutako arreta-sarea eratu zen.

Egun, 25 urtez arreta eman ondotik, PADIk osasun- eta ekitate-adierazle hobezinak ditu.  Emandako arretari esker, programari zazpi urterekin ekin zioten pertsonek, egun 32 bete dituztenek, eta ondorengo belaunaldiek, hortz-osasun hobea izango dute helduaroan.

PADIren datuak, 2014

-        Iaz, 182.329 pertsona gonbidatu zituen programan parte hartzera. Horietatik, 121.695 lagunek egin zuten azterketa.

-        Estaldura-ehunekoa inoizko handiena izan zen, % 66,74, azken hamarkadako gorabehera gutxiko joera egonkorrari jarraiki.

-        Hortz-arreta jasotzeko eskubidea duten 100 pertsonatik 62 itunpeko haginlariek artatu zituzten, 5, berriz, Osakidetzako unitateetako haginlariek.

-        PADIren erabiltzaileen % 93,2k (guztira, 113.424 pertsona) itunpeko haginlariengana jo zuten.

-        15 urte bete eta programaren babesetik kanpo geratzen diren pertsonen % 91k zerbitzua erabili zuen, baina % 29k baino ez zuten programa erabili estaldurapeko bederatzi urteetan guztietan. Batez besteko maiztasun-indizea: 6,4 bisita 9 ekitaldietan.

-        PADIren zerbitzura dauden dentistak 1.000 inguru dira, eta Euskadiko 100 udalerritan dihardute.

-        Inbertsioa, guztira, 105 milioi eurokoa izan da.

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    El Programa de Asistencia Dental Infantil cumple 25 años al servicio de la salud bucodental de los niños y niñas... http://t.co/0jFfVxTlZM

  • ana
    2015.eko ekainak 16

    pues muy ben sr lehendakari estoy de acuerdo con usd animo @iurkullu

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Manuel Freire, Gabriel Maria Inclán eta Rafael Bengoa sailburu-ohiak