Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da Alakrana itsasontziko arrantzaleak onik, osorik eta lehenbailehen itzultzea Euskadira

2009.eko urriak 08

Gobernua minutuz minutu ari da gertaerak jarraitzen, eta etengabeko harremana du arrantzaleen familiekin

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak uste du ez dela inori ezer leporatzen ibiltzeko unea hau, eta berretsi egin du EBk Indiako Ozeanoko pirateriaren aurka borrokatzeko politika bateratua ezartzeko Durao Barroso lehendakariak egindako eskaria.

Eusko Jaurlaritzak berretsi du "neurri berriak behar direla" Indiako Ozeanoan ari diren arrantza-ontzien segurtasuna handitzeko. Patxi López lehendakariak berak helarazi zion mezu hau atzo bertan, Bruselan, Europako Batzordeko lehendakari José Miguel Durao Barrosori, eta, hark, europar politika bateratua eskatu zuen pirateriaren aurka borrokatzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak nabarmendu du "ez dela hau inori ezer leporatzen ibiltzeko unea" Madrilgo gobernuak "Alakrana" atun-ontziaren bahiketaren inguruan eduki duen jokabidea dela eta, eta ziurtatu du Patxi López lehendakari duen gobernuaren "lehentasuna" dela arrantzaleak Euskadira "onik, osorik eta lehenbailehen" itzultzea.

Gobernu-kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gasteizko gobernuak Bermeoko atun-ontziaren bahiketaren aurrean izan duen jokabidea azaldu du Mendiak. Bozeramaileak azaldu duenez, Gasteizko gobernuak "etengabeko" harremana du Defentsa Ministerioarekin, Atzerri Arazoetarako Ministerioarekin eta Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioarekin 'Alakrana' itsasontziko arrantzaleak askatzeko ahaleginetan, eta arrantza-ontziko arrantzaleen familiekin ere etengabeko harremanetan dago. Lehendakariari "minutuz minutu" ari zaizkio ematen bahiketaren eboluzioaren informazioa.

Kontzertu ekonomikoa

Bestetik, Gasteizko gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Patxi López lehendakaria "harremanetan dago" José Luis Rodríguez Zapatero presidentearekin, kontzertu ekonomikoaren "blindajea" deritzona "aurrera ateratzeko". Neurri hori hilabete honetan eztabaidatuko da Diputatuen Kongresuan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza "zuhurtziaz baina irmo" ari da lanean "irtenbide egokia" lortu ahal izateko. Mendiak azpimarratu duenez, beharrezkoa da euskal alderdiek "batera defendatzea" proposamena, izan ere, "batasuna da arrakastaren bermea Euskadiren interesak defendatzeko orduan".

Dena dela, bozeramaileak EAJ salatu du, Euskadiko zerga-arauen "blindajea" politikoki "erabiltzeagatik", horrek ez baitio laguntzen neurri horren onarpenari. Mendiaren iritziz, alderdi jeltzalearen jarrera dela-eta, Espainiako Estatuaren gainontzeko lurraldeetan neurri hau "priblilegio bat" balitz bezala ulertzen dute.

Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean onartu ondoren Gorte Nagusietan eztabaidatuko den proposamenak planteatzen du hiru euskal lurraldeek onartzen dituzten euskal zerga-arauak lege-mailako arau izatea, Estatuko gainontzekoak bezala, eta, horrela, Konstituzio Auzitegian bakarrik errekurritu ahal izango dira.

Gernikako Estatutuaren 30. urteurrena

Era berean, Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, Kontseiluak onartu egin du biktimen duintasunaren aurkakoak diren kartel eta pintadak kentzea diruz laguntzen duen agindua. Guztira 500.000 euro izango dira 2009rako. Eudelek eta Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak joan den astean batera jarduteko protokoloa sinatu ondoren onartu da agindu hau. Euskal udalek 40.000 eurorainoko laguntzak hartu ahal izango dituzte kartel eta pintadak kentzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren 30. urteurrena ospatzeko ekimen berezia jarriko du martxan, datorren urriaren 25ean beteko ditu-eta 30 urte. Patxi López lehendakariak Euskadiko gizon eta emakume guztiekin konpartitu nahi du Estatutuaren urteurrena, izan ere, "gure erkidegoa eratzen duen oinarrizko arau instituzionala da eta horri esker euskaldunok autogobernu maila handia lortu dugu, Europako handienetarikoa". Horrela, Lehendakaritzako ateak irekiko dizkie Lehendakariak ehun herritarri, banan-banan gonbidatuko baititu urteurrena ospatzeko urriaren 25ean, igandean, antolatu den jaira.
Euskadiren Eguneko ekitaldietara Eusko Jaurlaritzako egoitzara etorri nahi dutenek, 902 540 425 telefonora deitu dezakete, edo Euskadi.net orrian sar daitezke, eta urriaren 19an notarioaren aurrean egingo den zozketan parte hartuko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramaile