Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Hondarribia Blues Jaialdiak bere hamargarren edizioa egingo du handitasunez eta berrikuntzekin

2015.eko ekainak 12

Uztailaren 9tik 12ra egingo da, biak barne, eta kontzertu guztiak doan izango dira.

Bob Stroger baxu-jotzaileak, bluesaren izen handiak, jasoko du aurten ohorezko saria

Hondarribia Blues Jaialdiak (HBJ) aurkeztu du bere hamargarren edizioko programa, oso aukera berezia lehiaketa honen ibilbide arrakastatsua ospatzeko eta blues ona entzuteko, artista bikainek osatutako kartelarekin, hogei kontzertu baino gehiago -guztiak doan- eta berrikuntza ugari, esate baterako: gitarra mintegia, jaialdiko argazkien erakusketa edo talentu gazteen lehiaketa.

Uztailaren 9tik 12ra egingo da, biak barne, Hondarribiko hainbat lekutan eta aurten ere izango dira jarduera osagarriak, txikienekin egiten den kontzertu pedagogikoa, esate baterako, edo jende asko biltzen dituzten paella jatea eta barbakoa asteburuan.

Programazio osoa gaur aurkeztu da Donostian, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Mertxe Garmendia, Hondarribiko Udaleko jarduneko zinegotzi Txomin Sagarzazu eta jaialdiko zuzendari Carlos Malles.

Hamarkada miresgarria

Oraindik ezin dugu sinetsi ere egin jada hamar urte igaro direla gure proposamenarekin Hondarribiko Udalera iritsi ginenetik”, adierazi du Carlos Mallesek, “ezta Hondarribian Pinetop Perkins, Hubert Sumlin, Magic Slim, Solomomn Burke edo Eric Burdon bezalako artista garrantzitsuak ikusteko aukera izan dugunik ere. Joan den urtean, gainera, Keeping the Blues Alive saria iritsi zen, Blues Foundation delakoak antolakuntza hoberenari ematen diona Memphisen. Egia bihurtutako ametsa da, inolaz ere. Ahalegin handia egin behar izan dugu hori guztia aurrera eramateko, baina ordainsaria askoz ere handiagoa izan da, eta batez ere, urtetik urtera ilusio handiena egiten diguna da hainbeste jende hain ondo pasatzen ikustea”.

Aurten bereziki pozik gaude Bob Stroger handia gure artean izango dugulako, eta harexek jasoko du jaialdiko saria izan duen ibilbideagatik”, esan du. “Jendeak oso ondo pasako du luxuzko artistekin eta taldeekin, batzuk oso ezagunak, Dr. Feelgood, esate baterako, edo harrituta utziko gaituztenak, Shakura S’Aidak, esate baterako. Ostirala gau berezia izango da hiru aldetatik; izan ere, Blues Hondarribia 2015 saria  Bob Strogerri emateaz gainera, alde batetik, gure Crossroads saila izango da, Muddy Watersen jaiotzaren mendeurrenari eskainia eta Chicagoko gure lagunak protagonista direla, eta bestetik, lehen edizioari keinu bat egingo diogu, eszenatoki nagusian jardungo duten hiru taldeak jada gurekin izanak baitira 2006an”.

Hondarribia Blues 2015 saria

Jaialdiak Bob Strogerri egingo dio omenaldia. Musikari handi honek bluesari eskaini dio bere bizitza osoa eta jada gurekin egon zen Hondarribian, arrakasta handiz gainera, 2010. urtean. Klub baten atzeko aldean bizi izan zituen bere lehen urteak, Howlin’ Wolf eta Muddy Waters bezalako artistek jotzen zuten lekuan, eta horrenbestez, ahal izan bezain laster bere taldea sortu zuen eta gero Eddie King eta Otis Rush bezalako artista handiekin jo zuen, besteak beste. Gaur egun izen handia da Bon Stroger eta tira handiko baxu-jotzailea, Bluesaldiko saria jasoko duena.

Gitarra mintegia

Urteurren honetako berrikuntzen artean blues gitarra mintegia dago genero horretan sakondu nahi dutenentzat. Francisco Simón (Red House) gitarra jotzaile handiak emango du mintegia, eta bertan, ia adar amaigabeak dituen estilo baten apreziazioa aintzatetsi eta hobetzen eta musikaren historian genero bakar bilakatu duen harmonia aztertzen ikasiko dute ikasleek. Mintegiak 9 eskola ordu izango ditu, uztailaren 10, 11 eta 12an banatuak, 17:00tik 20:00 arte. Interesatuek jaialdiaren web orrian osa dezakete informazioa eta eman dezakete izena.

10 urteko bluesaren erakusketa

Jaialdiak irauten duen egunetan, jaialdiaren hamar urte hauek bilduko dituen argazki erakusketa ikusi ahal izango da Itsas Etxeko atartean, Alex Rodríguez Cruz argazkilaria eta antolatzaileen lagunaren begiradaren bidez. Irudiez gainera, Hondarribira etorri diren artisten objektu eta oroigarri batzuk erakutsiko dira, antolatzaileek 10 urte hauetan zehar bildu dituztenak.

Talentu gazteak

Beste berrikuntza bat, #izanezberdin & jóvenes talentos kontzertua egingo da San Pedro kalean, eta Gipuzkoako gazteen sei musika taldek hartuko dute parte, 12 eta 17 urte artekoak, Hondarribiko Portua erabat beteko dute blues, folk edo rock musikaz, eta ezagutzera emango dira “Kutxabank eszenatokian”. Parte hartuko duten taldeak epaimahai batek aukeratuko ditu aldez aurretik, eta parte hartu nahi duten guztiek oinarriak kontsultatu eta beren hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte datorren ekainak 30 arte jaialdiko web orrian.

Zaleak eta agertokiak

Bluesaldiak beste agertoki bat gehitu du kalean, kirol kaian zehatz esateko, leku horretan kontzertu bana egingo baitira ostiralean eta larunbatean. Hala bada, musika programa zabal hau honako eszenatoki hauetan banatuko da:

-       Nagusia Bentan

-       Blue Villagerena, aurrekoaren alboan

-       Calsberg eszenatokia Arma plazan berriro ere, 2014. urteko arrakastaren ondoren

-       Coca Colarena San Pedro kalean

-       Itsas Etxeko auditorioan bertan izango da, berriz, kontzertu pedagogikoa

Aurtengoan ere jende asko etortzea espero da. 2014. urtean 90.000 lagun inguru izan ziren, zaleen uholde handia, eta eragin ekonomiko garrantzitsua izan zuen halaber. 2012an egindako azterketa baten arabera, Bluesaldiak eragina du hainbat sektore ekonomikotan, 2,76 milioi euro inguruko zenbatekoarekin.

Azkenik, esan behar da, TVEko bigarren kateak aurten ere emango dituela hamargarren urteurren honetako hiru kontzertu aurretiaz grabatuak.

Prentsa kontaktua: Feli Sanz Rubio 637 555 305

press@blueshondarribia

Argazkiak, kartela, programa eta gainerako informazioa eskuragarri:

www.blueshondarribia.com

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Hondarribiko Udaleko jarduneko zinegotzi Txomin Sagarzazu eta jaialdiko zuzendari Carlos Malles.