Berriak Segurtasuna
Eu

Motor-istripuak biktimadun istripuen % 12 izan dira, azken hiru urtetako zifren antzeko portzentajea

2015.eko ekainak 12

Trafiko Zuzendaritzak motozikleten istripu-tasei buruzko azterketa monografiko bat argitaratu du

2005 eta 2014 bitartean, % 79,4 hazi da motozikleten matrikulazioa

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak istripu-tasei buruzko azterketa monografiko berri bat argitaratu du. Monografiaren helburua da herritarrak kontzientziatzea eta sentikortzea motor-istripuen larritasunaren inguruan. Bi gurpileko ibilgailuen erabiltzaileek arrisku handiagoa dute istripuan hiltzeko edo larri zaurituak gertatzeko.

Azken hogei urteetan, hildakoen edo larri zauritutakoen kopurua erdia baino gehiago jaitsi da euskal errepideetako motozikleta-istripuetan. Oro har, trafiko-istripuetan hil edo zauritu diren pertsona kopuruaren beherakada jada ezagunean kokatu beharreko joera da.

Joera hori gorabehera, iaz, sei gizon motorzale hil ziren Euskadin: horietako lau, errepideetan izandako istripuetan; beste biak, berriz, hiri-guneetan. 95 pertsona gertatu ziren zauritu larri (motozikleta-gidariak eta bidaiariak sartzen dira zifra horretan). Zauritutako pertsonen % 95 ere gizonezkoak izan ziren. Euskadiko ibilgailu-parkearen % 8,9 dira motozikletak. Halako ibilgailuen matrikulazioak nabarmen egin du gora azken hamar urteetan: hain zuzen, % 79,4 goratu zen 2014 eta 2005 bitartean. Lurralde historikoka, Gipuzkoak du tasa altuena 1.000 biztanleko (74 Gipuzkoak, 44 Arabak eta 42 Bizkaiak).

Gainera, monografikoak aditzera ematen duenez, 2014an, biktimadun istripuen % 12 izan ziren moto-istripuak. Aurreko urteko zifren antzekoa da portzentaje hori. 2010ean, % 13 izan ziren; 2012an, % 12; eta, 2013an, % 11. Ezaugarriak ere errepikatzen dira. Asteko egunaren araberako banaketari bagagozkio, ikus daiteke hildako motorzaleen hamarretik seik eta larriki zauritutakoen hamarretik bostek asteburuan izan zutela istripua. Istripu gehienak 13:00etatik 15:00etarako eta 17:00etatik 22:00etarako ordu-tarteetan izaten dira. Motozikleta-istripua izateko arrisku handieneko adin-taldea 25 eta 34 urte bitartekoa da. Motozikleta-istripuen erdietan baino gehiagotan (zehazki, % 52an), gidariak 25 eta 44 urte arteko gizonezkoak izan dira. Istripua izaten duten hamar motorzaleetatik, bederatzi dira gizonezkoak.

Istripu-tasen joera orokorra beherakorra izan arren, jokabide positibo horrek ezin digu ahaztarazi zein larriak diren motozikleta istripuak. Azterketak dioenez, moto-istripuen % 73n, zaurituren bat dago; turismoen kasuan, ordea, zifra horrek % 39raino egiten du behera.  Komeni da gogoan izatea ezen, txirrindulariekin batera, talde zaurgarrienetako bat osatzen dutela moto-gidariek; izan ere, haien gorputza da karrozeria» adierazi du Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak.

Halako ibilgailuen istripu-tasari dagokionez, aurten, gaur arte, lau gizon motorzale hil dira. 2014an, kopuru bera zendu zen aldi berean.

 

Txostena irakurtzeko: http://bit.ly/1GuEppI

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko