Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «Unescok eta Europako Batzordeak egindako aitortzek Euskadi klima-aldaketaren kontrako eta ingurumena babestearen aldeko ekintzan herrialde erreferente gisa kokatzen dute»

2015.eko ekainak 12

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, nazioarteko hainbat erakundek, Unescok eta Europako Batzordeak besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren klima-aldaketaren arloko politikari egin dioten aitorpenak «Euskadi klima-aldaketaren kontrako eta ingurumena babestearen aldeko ekintzan herrialde erreferentzialen artean kokatzen dute».

 

Legebiltzarrean egin duen hitzaldian honako hau gogorarazi du: «Iaz, Nazio Batuen Erakundeak Nagoyan, Japonian, Euskadi eta gure Eskolako Agenda 21 nabarmendu zituen, azken hori jasangarritasunaren aldeko azken hamarkadako munduko 25 jarduera onenetako bat izendatuz, eta joan den astean, Europako Batzordeak "onenetan onenaren" Life saria eman zion Eusko Jaurlaritzari, Bruselan, Txingudi, Lea eta Urdaibaiko estuarioetan espezie inbaditzaileak desagerraraziz haiek leheneratzeko egin dugun lanagatik. Europako herritarrek beste hainbeste egin dute; izan ere, Batasun osoan Internet bidez bozkatuz, jarduera-eredutzat jo gaituzte. Lehiaketa horretan, askoz biztanle gehiagoko estatu batzuek ere parte hartu zuten, adibidez Hungariak eta Bulgariak, baina hala ere ez dute gure herrialde txikia gainditu».

 

«Bilbon, datorren urtean, Icleiren Hiri eta Eskualde Jasangarriei buruzko Konferentzia egingo da, BEG emisioen inbentarioa egin dugu, gure enpresek Europako EMAS ingurumen-ziurtagiriak lortzeko gero eta interes handiagoa daukate eta nazioarteko erakunde entzutetsu batzuek, The Climate Groupek kasu, Europarako presidentetzaren konfiantza gure herrialdearen esku jarri dute, Urkullu lehendakariarengan», nabarmendu du Ana Oregik.

 

Oregiren ustez, «Europako Batzordeak eta Nazio Batuek lan handia egiten dute estatu, herrialde eta eskualdeek klima-aldaketaren kontra borrokatzeko konpromiso aktiboa hartzea lortzeko; izan ere, fenomeno horrek, zalantzarik gabe, ingurunearen kontserbazioa eta bizi-kondizioak baldintzatzen ditu, eta hala, Planetan bizi garen pertsona guztien egoera sozial eta ekonomikoa». 

 

«Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzak KLIMA ALDAKETAREN AURKAKO 2050erako EUSKAL ESTRATEGIA aurkeztu zuen. Ildo abanguardista da hori, beste herrialde batzuek ere partekatua; Quebecek, Flandriak, Bavariak, Galesek eta Hego Australiak, adibide batzuk ematearren», gogorarazi du Oregik.

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren arabera, «egoera batzuei iruditzen zaiena baino larriagoa eta kezkagarriagoa da». «Klima-aldaketa gainditu beharreko munduko erronka handienetakoa da. Eusko Jaurlaritzako kideok gure gizartea eta gure ekonomia haren eragina murrizteko eta lehiakortasun-aukera berriak baliatzeko prestatzen ari gara».

 

Euskadik 2002an hartu zuen klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko konpromiso aktiboa, 2002-2020 aldirako Garapen Jasangarrirako Euskal Ingurumen Estrategiarekin. Estrategia horrek klima-aldaketarekin lotutako bi helburu jasotzen zituen: berotegi-efektuko gasen isurketak mugatzea eta isurtegi-ahalmena handitzea.

 

Urte berean, urtero berotegi-efektuko gasen isurketen inbentarioa egiteko zereginari ekin zitzaion. Halaber, udalekin lan egiten hasi ginen, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarean. Prozesu hori, nazioarteko konpromisoekin bat, 2008-2012 aldirako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana eginez bururatu zen. Horren ondoren, Ingurumen Esparru Programa eta Klima Aldaketaren 2050erako Estrategia berria egin ditugu, etengabeko beste ekimen ugariren artean.

 

«Eusko Jaurlaritzak egiten duen lan horrek klima-aldaketaren fenomenoak, estatu, herrialde eta eskualdeen artean modu koordinatuan lan egin ezean, sor ditzakeen ondorioak ezagutarazi, horien inguruko kontzientziazioa sortu eta prebenitu egiten ditu. Zorionez, gure lanak eta ekimenak esparru asko barne hartzen ditu –ikastetxeetako irakaskuntza, udal jarduera, sustapen zientifikoa eta teknologikoa, ekoizpen sektoreetako dibulgazioa, erakundeen arteko ekintza eta nazioarteko presentzia eta elkarlana–, eta emaitzak ematen ari da», nabarmendu du Oregi sailburuak, Legebiltzarreko osoko bilkuran.

 

Oregiren arabera, «Horizonte hurbila Paris da, abenduan Kyoto ordezkatuko duen nazioarteko konpromiso bat bilatuko baita han. Euskadik, Europar Batasuneko eskualde aktibo eta indartsuenekin batera, nazioarteko foro nagusietan erreferente gisa etengabe aztertzen eta aurkezten den lan- eta plangintza-eredu bat dauka».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)