Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Euopako Sarearen presidentzia hartu du

2015.eko ekainak 12
  • NPLD sarearen Batzar Nagusiak Patxi Baztarrika hautatu du presidente, aho batez
  • Presidentzia berriak datozen urteetarako honako erronka hauek ezarri ditu bere lan ildoetan: Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria inplementatzea, Europako Parlamentuarekin nahiz Batzordearekin lankidetza sustatzea, kideen arteko lankidetza eta ezagutza trukaketa areagotzea, eta NPLD sarean kide berrien sarrera.

 

Helsinki, Finlandian, 2015eko ekainaren 11n.

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) presidente aukeratu dute gaur arratsaldean Helsinkin. Europako sare hau Finlandiako hiriburuan egun hauetan burutzen ari den Batzar Nagusiak gehiengoz aukeratu du Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, eta aurrerakoan sarearen presidente izango da.

Patxi Baztarrika presidente hautatzeko proposamena Bretainiak eta Trentoko Probintzia Autonomoak (sare honetako eskubide osoko kide dira biak) egin dute. Proposamenari baiezkoa eman ondoren, NPLD sareko Batzar Nagusiak Eusko Jaurlaritza aukeratu du zeregin horretarako, eta Baztarrika izango da presidente.

Honenbestez, gaur arte presidente izan den Jannewietske de Vries frisiarra ordezkatuko du Baztarrikak. Gaurko bozketan, sareak dituen bi presidenteordeetatik bat ere berritu da: Dori Lopez Jurio nafarraren lekua Alex Riemersma frisiarrak hartu du presidenteordetzan. Joan Ramon Solé i Durany katalanarekin lehiatu da kargu horretarako. Bigarren presidenteordetzan Peggy Heikkinen andereak jarraituko du (Finlandiako asanblada suediarrekoa), ez baitzegokion gaurko Asanbladari postu hau berritzea.

Lan ildo nagusiak

Presidente aukeratuta izan ondoren, Patxi Baztarrikak sarearekiko bere ikuspegia azaldu du Batzar Nagusiaren aurrean, eta ondorengo urteetarako lan ildo nagusiak marraztu. NPLD sareak osatutako Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak leku nabarmena izan du. “Europako erakundeentzat, eta bereziki Europako Batzordearentzat, Bide Orri hau eleaniztasunaren sustapenerako benetako erreferentzia bihurtzea bultzatu beharra dago” azaldu du. Alde horretatik, “Bide Orriaren printzipio nagusiak praktikan ipini eta gauzatuko dituen neurri zehatzen katalogoa osatu” beharra dagoela ere gehitu du.

Era berean, presidente izendatu berriak hurrengo urteetarako eginkizunen artean zehaztu du “NPLD sarean kide berrien sarrera bilatzea, bai eskubide osoko kideak, bai kide asoziatuak, sareko hizkuntza-ordezkaritza aberastu eta osatzera etorriko direnak”. Horrez gain, Europako Batzordearekin eta Parlamentuarekin lankidetza bultzatzea ere erronka nagusien artean kokatu du.

Hitzaldi horretan bertan, Patxi Baztarrikak gogorarazi du NPLD sarearen egitekoen artean daudela “Europako Kontseiluarekin elkarlanean aritzea, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onartzeko eta berresteko lanean, eta Europako hizkuntza eskubideen karta sustatzea”.

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria. Zer da?

NPLD sareak osaturiko dokumentua da Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria, eta joan zen otsailean izan zen Europako erakundeen aurreko bere lantzamendua, Bruselan. Eusko Jaurlaritzak oso modu aktiboan eta lehen lerroan hartu du parte Bide Orria atontzeko prozesuan. Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak hainbat ekintza eta neurri proposatzen dizkie Europako erakundeei, xede hauek jomugan direla: eleaniztasuna sustatzeko hizkuntza politika; hizkuntza guztiek gizarte kohesioan eta garapen pertsonal nahiz ekonomikoan duten ezinbesteko funtzioa aitortzea; eta Europako hizkuntza guztien arteko elkarbizitza harmonikoa bultzatzea. Horretarako, Bide Orriak, zenbait ekintza proposatzen dizkie Europako erakundeei, besteak beste: Estatu hizkuntzak ez izanda ere, Europako lurralderen batean ofizialak diren hizkuntzei Europako Batasunak ofizialtasuna aitortzea; Europako erakundeek hizkuntza europar guztien erabilera bultzatzea; edo hizkuntza eskubideak Europako Oinarrizko Eskubideen Kartan sartzea.

Gainera, Bide Orriak hizkuntza aniztasuna ekonomiarekin eta gizarte kohesioarekin uztartzen du zuzen zuzenean. Horregatik, beharrezko jotzen du Europako erakundeek hizkuntza politika komun proaktiboagoa hartzea, hizkuntza aniztasunaren sustapenean oinarritua, dela Europako Batasun osoan, dela bertako Estatuetan edo lurraldeetan.

Zer da NPLD?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak (NPLD-Network to Promote Lingüistic Diversity) Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea du helburu nagusi, eta bertako kide dira Estatuak, autonomia erkidego edo eskualdeetako gobernuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak. NPLD Europan ahots bakarrez aritzen den plataforma da, eta agintari politikoei aholku ematen die. Arduradun politikoak hizkuntza aniztasunaren aldeko ekinean animatzea du xede, aniztasun hau Europako Batasunaren politikan helburu eta zehar-balio izan dadin.

NPLD sarea 35 kidek osatzen dute egun. Horietatik 12 Full Members dira (eskubide osoko kideak) eta beste 23 Associate Members (kide asoziatuak), tartean Europako zenbait unibertsitate ere badirela. Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez, eskubide osoko kide da NPLD sarean, honako gobernu edo instituzioekin batera: Galeseko Gobernua, Galiziako Xunta, Kataluniako Generalitatea, Nafarroako Gobernua, Korsikako Lurralde Erkidegoa (Collectivité Territoriale de Corse), Irlandako Gobernua eta Foras na Gaeilge, Trento-ko Probintzia Autonomoa,  Friuliko lurralde kontseilua –Venecia-, Finlandiako asanblea suediarra (Folktinget), Bretoi hizkuntzaren Bulego Publikoa (Office Public de la Langue Bretonne) eta Frisiako Probintzia Autonomoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak