Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Aizkorri-Aratz Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko proiektuaren inguruko jendaurreko informazio-prozedura hasiko du

2015.eko ekainak 12

prozedura hasiko du

  • Euskadin 52 KEB eta 6 HBEB edo Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi daude

 

 

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko mendi-eremu nagusietako bat, Aizkorri-Aratzeko mendigunea, Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) izendatzeko proiektuaren inguruko jendaurreko informazio-prozedura hasiko du –Natura 2000 Sarean babestutako eremuen zerrendaren barruan dago proiektua–. Aizkorri-Aratz KEBa Aizkorri mendiko mendigune karstikoaren parte da, ia 16.000 hektareako azalera dauka, Gipuzkoan eta Araban ekialdetik mendebalderakoa, eta Aretxabaleta, Asparrena, Donemiliaga, Eskoriatza, Legazpi, Oñati, Zegama, Zerain eta Zalduondo udalerriak barne hartzen ditu.

 

«Aizkorri-Aratz mendiguneak, beste euskal mendi batzuekin batera, Pirinioetako eta Kantabriako mendikate handien arteko pasabide biogeografiko esanguratsu bat osatzen du, eta interes komunitarioko gutxienez 24 habitaten presentzia egiaztatu da; horietako bost lehentasunezkoak dira», adierazi du Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. 

 

Aizkorri-Aratzen, gainera, Habitaten Zuzentarauan jasotako gutxienez bi flora espezie daude eta nabarmentzekoa da Hegaztien Zuzentarauan jasotako 20 hegazti espezie daudela. Hain zuzen ere, espazio hau Oria eta Deba haranetatik igarotzen diren hegazti migratzaileen korridore nagusietako bat da.

 

Karetsua izateak ur gordailu garrantzitsu bihurtzen du leku hau. Bertako baso-eremu eta larredi zabalak kontserbatzen ditu, baita mendiko flora askotarikoa ere; Piriniar eta Kantabriar mendietako flora endemikoa, hain zuzen.

 

«Baso-masa askotariko eta garrantzitsuak eta gailurreria, belardi, mendi eta txilardi, erreka eta hezegune handiak dituen mendi-eremu zabal hau fauna-espezie askoren habitat eta babeslekua da», erantsi du Ana Oregik. Fauna-espezie garrantzitsuenen artean, troglobio eta saproxiliko ornogabeen komunitateak, kiropteroak, hegazti errupikolak eta basoko haragijaleak nabarmentzen dira.

 

Eremuak erabilera publiko intentsoa dauka, barruan Arantzazuko santutegia baitago; erlijio- eta turismo-erakargunea, txangozale askok bisitatua. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko ardi latxaren larratzerako eremu garrantzitsuenetako bat da. Horrek kultura- eta gizarte-balio handiko paisaia sortu du, borda asko daudelako.

 

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak, 2006an, Aizkorri-Aratzeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana onartu zuen. Hala, parke natural izendatuz, babes bereziko araubidea eman zion. Orain, Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) izendatuta, Natura 2000 Sarean sartuko da; alegia, Europa osoan biodibertsitate-galera gero eta handiagoa geldiarazteko kontserbazio-tresna nagusiaren parte izango da.

 

Euskadin 52 KEB eta 6 HBEB edo Hegaztiak Babesteko Eremu Berezi daude. Espazio horietan ibaiak eta mendialdeak daude, baita eremu lauak eta kostaldeko eremuak ere. Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko azaleraren % 20 baino gehiago dago Natura 2000 Sarean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)