Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak «ekonomia-abagune» gisa aurkeztu du Atlantikoko trenbide-korridorea Bartzelonan

2015-06-11
  • Antonio Aiz: «eskaintza logistiko multimodal osoa hartzen du barruan, Iberiar Penintsularen eta Europako gainontzekoaren arteko merkantzia-fluxuak eta -igarotzeak egituratzeko moduan».

Bartzelona, 15 06 11

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizen ustez, Europako ekonomiarentzat abagune izango da Euskadiko Y egitasmoa, Atlantikoko trenbide-korridorearen barruan kokatzen da proiektua. Aizek gaur aurkeztu du Euskadiren eskaintza logistiko multimodala, Basque Contry Logistics markaren baitan, Bartzelonan egiten ari diren Logistikako Nazioarteko Erakusketan.

 

Euskadiko lurralde-baldintzak testuinguratu ditu Jaurlaritzako ordezkariak, esanez ezinbesteko kate-maila dela Europar Batasunak, pertsonen eta salgaien komunikazioa errazteko, lehenetsi duen Atlantikoko trenbide-sarean. «Europarako, Hegoamerikarako eta Afrikarako bidean, Atlantikoko sarrera naturala da Euskadi, Pirinioek osatutako muga gainditurik».

 

Euskadiko komunikazio-azpiegiturak zerrendatu dituenean, honako hauek aipatu ditu besteak beste: AP-8, AP-68 eta N-1 errepideak, Bilboko, Paisaiako eta Bermeoko itsas-portuak, Gasteiz-Forondako aireportua eta Arasur, Jundiz eta Pasaia-Irungo logistika-plataformak. Orobat, balioa ekarri dio Euskadiko trenbide-sare berriaren ("Y" izenez ere ezaguna) azken eraikuntza-faseari. Sarearen zerbitzua martxan jartzen direnean, merkantziako trenak igarotzeko gaitasuna handituko da; izan ere, Europako sarearekiko interoperabilitate-baldintza guztiak biltzen ditu proiektuak. Orain, ezinezkoa da, trenbide-zabalera desberdinak direla eta.

 

Garraio eta Logistikako sektoreak Euskadiko ekonomia-jardueran duen garrantzia hobeto irudikatu nahian, zenbait datu eman ditu Antonio Aiz sailburuordeak: adibidez, urteko fakturazioa, 4.259 milioi eurokoa, zeinetatik % 37,1 baitagokio esportazioei. Sektorean, 11.265 enpresa dihardu, eta 33.630 langileri ematen diote enplegua.

 

«Zenbakiek argi uzten dute zein garrantzitsua den Atlantikoko korridorea. Esportazioen % 77k Europa du helmuga, eta inportazioen % 68 Europatik dator. Arku atlantikoan, 80 milioitik gora biztanle bizi da: hau da, Euroguneko biztanle guztien % 25. Ikuspuntu ekonomiko batetik, Euroguneko BPGaren % 30-40 sortzen da arku atlantikoan: hau da, BPGaren 2 bilioi euro baino gehiago» adierazi du Aizek.

 

«Etorkizunean Euskadiko logistika eta garraioa eraldatzeko eta garatzeko, oso eragin positiboa izango du Atlantikoko trenbide-korridoreak» nabarmendu du Aizek. Haren ustetan, «gaur egun Europarekin dugun trenbide-mugak gainditu behar ditu Atlantikoko tren-autobideak»; beraz, «helburua da hurrengo geltokia Jundiz-Vitoria-Gasteizen ezartzea, eta, horrenbestez, errepidean sortzen diren inbutuak arintzen laguntzea.» Ildo horretatik, berriz adierazi du Basque Country Logistics-ek «eskaintza logistiko multimodal osoa hartzen duela barruan, Iberiar Penintsularen eta Europako gainontzekoaren arteko merkantzia-fluxuak eta -igarotzeak egituratzeko moduan».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)