Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

169.600 euro Lanbide Heziketako itunpeko zentro pribatuetako irakasleen formazio ikastaroetarako. (2015-06-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko ekainak 09

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek euren irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua onartu du. Prestakuntza-jarduera horiek 2015-2016 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdian parte hartu ahal izango dute, Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimenduta dauden itunpeko ikastetxe pribatuek.

Deialdi honek 169.600 euroko diru kopurua du. Ikastetxe bakoitzak jaso dezakeen diru-laguntzarik handiena 32.000 eurokoa da, hautatutako prestakuntza-jarduera guztiengatik. Jasotako diru-laguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan